Baserritar nola jantzi, pausoz pauso

Errenteriako Jantziaren Zentroan baserritar jantzien erakusketa bat dute, eta, horren harira, hitzaldi bat eman dute, baserritarrak 1890etik 1910era bitarte nola janzten ziren azaltzeko. Modelo bat piezaz pieza jantzita eman dituzte azalpenak.

Olaia Taberna, Errenteriako Jantziaren Zentroan, baserritar jantzita. GORKA RUBIO / FOKU
Olaia Taberna, Errenteriako Jantziaren Zentroan, baserritar jantzita. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Errenteria
2026ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Edozein supermerkatutara joatea besterik ez dago ohartzeko Gabonak ez direla jada neguko solstizioarekin hasten. Euskal Herria Gabon giroan murgiltzen hastearekin batera, armairu gainetan gordeta dauden baserritar jantziei hautsa kentzeko garaia ere iritsiko da aurki, piezak berrikustekoa, berriz probatzekoa, konponketaren bat egitekoa... Izango dira aurten jantzia estreinatuko dutenak ere. Zein da baserritar ondo janzteko gakoa, ordea? Erantzun bat eta bakarra ez den arren, Errenteriako Jantziaren Zentroan (Gipuzkoa) pista batzuk eman dituzte.

Hain zuzen, baserritar jantzien erakusketa bat daukate ikusgai, eta, horren harira, hitzaldi berezi bat eman zuten larunbatean, 1890etik 1910era bitarte baserritar jantzia nolakoa zen azaltzeko. Badakite zerbait jantzi horiei buruz, ikerketa lan sakona egina baitute zentroan: batetik, jantzi originalak gordeta dauzkate, eta, bestetik, argazki zahar ugari aztertu dituzte. Eta berezia izan da hitzaldia, literalki erakutsi baitute garai hartako baserritar bat nola jantziko zen, emakume bat piezaz pieza jantzita. Ainhoa Mendiburu komunikazio arduradunak eman ditu azalpenak, eta Olaia Tabernak modelo lanak egin; Marisa Mujika jostunak jantzi du.

«1890etik 1910era bitarte baserritar jantzia nolakoa zen azalduko dizuet nik, eta gero bakoitzak egin dezala nahi duena», ohartarazi die Mendiburuk adi-adi entzuten ari zaizkion herritarrei; Euskal Herri osotik etorriak dira, gehienak jostunak eta dantzariak. «Baserritar jantzi hau ondo ulertzeko, 1900. urtera joan behar du gure buruak. Beste gizarte bat zen, emakumearen rola beste bat zen, beste moda bat zegoen, erlijio bat nagusitzen zen nabarmen, eta horrek guztiak isla izan zuen jantzian», azaldu du.

Nola janzten ziren orduko baserritarrak, orduan? Askori, tanto zuridun emakumezkoen jantzi beltzak etorriko zaizkie burura, eta gizonek erabili ohi dituzten brusa dirdiratsuak. «Gurea da? Bai. Jantzi dugu? Bai, baina 1950. urtekoa da. Urte horretan, Miranda Ebroko industrialari batek asmatu zuen baserritar jantzi hori, eta seriean egiten eta saltzen hasi ziren». Bi faktore gurutzatu ziren jantzi horien hedapenean. Batetik, frankismo garaian baserritar janztea euskal identitatea berresteko beste modu bat zen, kontuan hartuta euskal identitatea jazarria zegoela. Bestetik, gero eta andre gehiago hasi ziren etxetik kanpo lanean, eta etxean josten zutenak gutxiago ziren; horregatik, erosi egiten zituzten jantziak.

Halere, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako emakumezkoen baserritar jantziaz hitz egiteko elkartu dira Errenterian. Mila ertzi erreparatu diete, puntuz puntu, piezaz pieza.

Koloreak

«Normalean, kultura bakoitzak inguruan ikusten dituen koloreak janzten ditu, naturan ikusi dituenak», azaldu du Mendiburuk. Ondorioz, garai hartako baserritar jantziak ez ziren soilik zuri-beltzekoak: «Kolore gorria existitu da».

Oihalak

Oihalak kotoizkoak eta artilezkoak ziren, eta barruko arropak, lihozkoak. Izan zitezkeen koadrodunak, tantodunak, lisoak... Nolakoak ziren konbinazioak? «Dena denarekin. Zergatik? Etxeetan piezaka erosten zituzten oihalak. Zehazki, pieza handi-handi bat erosten zuten, eta horrekin egiten zuten etxeko guztientzako arropa, bukatu arte. Hurrena zer oihal erosiko zuten? Bada, herrian topatzen zutena. Beraz, denetariko konbinazioak egiten zituzten». Eta, bai, tantodun oihalak ere bazeuden; halako jatorrizko jantzi bat dute Jantziaren Zentroan. 1920koa da, Altzako Merkader baserrikoa (Gipuzkoa).

Oinetakoak

Baserritarrek lanerako abarkak janzten zituzten. «Plastiko pneumatikoa diruditen gogor horiek erabiltzen ditugu, ba, gaur egun? Guk horrelakorik ez dugu topatu». Zolarik gabekoak ziren abarkak, larruzkoak, eta ez zituzten ezker-eskuin bereizten, alde guztietatik berdin higatzeko. Gauza bera egiten zuten alpargatekin. Alpargatak bezala lotzen zituzten abarkak, orkatilaren inguruan sokei bueltak eta bueltak emanda. Alpargatak noiz janzten zituzten? Herrira jaistean; diru asko zutenek, zapatak erabiltzen zituzten. Beraz: «Ez ziren abarkekin dantzatzen». «Alpargata zuriak galtzerdi beltzekin jartzen zituzten, eta alpargata beltzak, galtzerdi zuriekin. Ez zegoen beste koloretakorik», zehaztu du Mendiburuk.

Barruko arropa

Koloreen, oihalen eta oinetakoen nondik norakoak azalduta, Taberna janzteari ekin dio Mujikak, eta Mendiburu alboan izan dute azalpenak ematen. Barruko arropa jantzita dago; den-dena da zuria, eta pieza bakoitzari buruzko zehaztapenak eman ditu Mendiburuk: «Olaiak leotardoak daramatzan arren, haiek artilezko galtzerdiak eramaten zituzten. Belaunetaraino iristen ziren, eta galtzariekin lotzen zituzten. Kotoizko pololoak ere badaramatza, eta hauek kotoizkoak dira: alderik alde irekiak. Komunera joateko arazorik ez».

Marisa Mujika, Olaia Tabernari gerruntzea lotzen. Haren azpian alkandora luzea eta pololoak daramatza jantzita. GORKA RUBIO / FOKU
Marisa Mujika, Olaia Tabernari gerruntzea lotzen. Haren azpian alkandora luzea eta pololoak daramatza jantzita. GORKA RUBIO / FOKU

Gainean lihozko alkandora luze bat dauka jantzita. «Baserrian, neska batek 10 urte inguru zituenean, baserriko lur txikitxo bat oparitzen zioten, bere lihoa erein eta landu zezan, eta bere arreoa egin zezan. Lihoaren prozesua oso luzea da, lan handia dauka, eta neskatilak astean behin edo bitan elkartzen ziren lihoa egiteko».

Galtzariz eutsitako galtzerdiak, pololoak eta alkandora luzea jantzi ostean, gerruntzea jarri ohi zuten emakume baserritarrek, egungo bularretakoen parekoa. Mujikak estu lotu dio Tabernari, behetik gora. Hori jarritakoan, barruko arropari dagokion azken pausoa eman dute: azpiko gona janztea, hura ere kotoizkoa. «Azpiko gonak ez darama gomarik, kakorik... Soka moduko batzuk dauzka. Oso handia da, eta gorputzera estutzen da soka horiekin. Beraz, gona berak betirako balio dezake: haurdunaldirako, argalduz gero...», azaldu du Mendiburuk.

Azpiko gona sokekin estutzen da. GORKA RUBIO / FOKU
Azpiko gona sokekin estutzen da. GORKA RUBIO / FOKU

Gona eta mantala

Gonak ere halako sokak ditu, gorputzera ondo egokitu ahal izateko. Tabernak artilezko gona gorri lodi bat jarri du lehenik. «Hotz handia egiten zuenean jartzen zuten gona mota hau. Gonaren azpian gona gehiago jartzea zen hotzari aurre egiteko moduetako bat», azaldu du Mendiburuk. Gona gorria jarri ostean, Mujikak faltrikera bat lotu dio Tabernari gerriaren bueltan; horrek egiten zuen poltsiko funtzioa.

Faltrikera, artilezko gona gorriaren gainean. GORKA RUBIO / FOKU
Faltrikera, artilezko gona gorriaren gainean. GORKA RUBIO / FOKU

Hori ondo ikusi ahal izan dute gaineko gona jartzean. «Gona Lapurdiko jantzi original baten erreplika da», azaldu du Mendiburuk. Tolesak ditu, eta besteak baino zabalagoa da bat; horrela jakin zezaketen zein tolesek joan behar zuen zilborraren azpian. Eskuinaldean zulo bat dauka, eta, hortik eskua sartuta, faltrikerako poltsikoa erabil zezaketen.

Oso gona luzea jarri diote Tabernari. «1900. urteaz ari gara, eta garai hartan Europa osoan moda zen emakumeak orkatiletaraino estalita ibiltzea. Gonak zenbat neurtzen du? Emakumearen altuera halako bi. Gona batek gutxienez hiru metro eta erdi eduki behar ditu: bai kanpokoek, bai azpikoek», zehaztu du Mendiburuk.

Marisa Mujika, Olaia Tabernari gaineko gona jartzen. GORKA RUBIO / FOKU
Marisa Mujika, Olaia Tabernari gaineko gona jartzen. GORKA RUBIO / FOKU

Mantala ere luzea da: mantalaren eta gonaren behealdearen artean bi hatzeko distantzia baino ez dago, gona babeste aldera. «Mantal batek metro bat edo metro eta erdi eduki dezake; askoz merkeagoa da mantal berria egitea gona berria egitea baino. Mantala puskatzeko, zikintzeko eta gona babesteko pieza bada, ez dauka logikarik mantalak sekulako brodatu pila izateak; horregatik, mantala nahiko sinplea da». Eta non lotu behar da mantala? «Aurrean, horrela errazagoa baita ondo estutu eta lotzea».

Txanbra

Txanbra, hau da, goiko aldea jartzeari ekin diote jarraian. «Lan ezberdina daukate, jostunaren abileziaren arabera». Tabernari Mujikak jartzen lagundu diona Legazpiko (Gipuzkoa) txanbra original baten erreplika da. Garai hartako txanbra guztiek soka bat daukate barrualdean, gorputzera ondo lotzeko. Besoak altxatzean, beraz, txanbra ez da igoko.

Txanbra jartzeko unea. GORKA RUBIO / FOKU
Tabernak txanbra jarri duenekoa. GORKA RUBIO / FOKU

Sorbaldan zapi bat jarri dio ondoren; paparreko orratzarekin lotzen zuen halakorik zeukanak. Hotz handia egiten bazuen, berriz, zapiaren ordez mantoi bat jartzen zuten; halako bat ere jarri du Tabernak. «Bi gauzak batera ez zituzten inoiz eraman: bata edo bestea». Puntuz egindako artilezko xala oso ohikoa da gaur egun, baina halako gutxi ikusi dituzte argazkietan. «Artilezko xal original bat badugu, baina badirudi kapa bat dela. Argazkietan mantoiak ikusi ditugu», azaldu du Mendiburuk.

Beste aukera bat da gerruntzea eramatea, alkandora baten gainetik. «Gerruntzea nola lotzen den? Behetik gora, gorputzera ondo estutzeko. Gerruntzearen azpian zapi handi bat sartu behar badut edo estutu nahi badut, behetik gora eginda lortuko dut».

Olaia Taberna, mantoia jantzita. GORKA RUBIO / FOKU
Olaia Taberna, mantoia jantzita. GORKA RUBIO / FOKU

Buruko zapia

«Sekulako ilea zeukaten. Gerritik behera zihoakien ilea, eta normalean lotuta izaten zuten beti, motots batean», nabarmendu du Mendiburuk. Motots horri bolumena emateko, gaur egun ohikoa da hura uztai lodi hanpatu batez inguratzea; donut deitu ohi diote. Eta, hori jartzean, denak itxaroten ari ziren unea iritsi da: nola jarri behar da buruko zapia? Buruko ileari eusteko erabiltzen diren bi gantxo hartu ditu Mujikak, eta Tabernaren buruaren gainaldean jarri, gurutzatuta. Gauza bera egin du buruaren alde batean zein bestean; hau da, guztira sei gantxo jarri dizkio. Zapia buruan jartzean orratz bana pasatu du oihalaren eta gantxoen gurutzaketa bakoitzaren artetik, eta gero zapia apur bat doblatu du, orratzak ikus ez daitezen. «Horrela, atzera tira eginda ez da mugitzen».

Mujika, Tabernari ilean gantxoak jartzen. GORKA RUBIO / FOKU
Mujika, Tabernari ilean gantxoak jartzen. GORKA RUBIO / FOKU

Beste zenbait gomendio ere egin ditu: «Aurrealdean zapia non kokatu, hori ilearen araberakoa izango da; atzean, berriz, ilea apenas ikusi behar den. Hori bai, ilea ez garbitu bizpahiru egun lehenagotik, bestela zapiak irrist egingo du eta».

Eta zapiak ze koloretakoa izan behar du? «Emakume batek buruan zeraman zapiak adierazten zuen ezkondua, ezkongabea edo alarguna zen. Zapi zuria ezkonduek eramaten zuten, zapi beltza alargunek, eta ezkongabeek, berriz, koloretako zapia eramaten zuten edo ez zuen zapirik eramaten. Ezkongabeek, bestela, bi txirikorda eramaten zituzten; ipurdiraino iristen zitzaizkien, eta bi lazo jartzen zizkieten beti. Lazo horien bukaera gonaren amaierara arte iristen zen». Zorionez, garaiak aldatu dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA