Denboran izoztutako herrixka baskoi bat da Irulegi mendian aurkitutakoa (Aranguren, Nafarroa). Lurpetik azalera ateratako leiho bat, Burdin Aroari so egiten diona. Horregatik, Iruñeko Udalak hiriaren jatorriari eta Erroma aurreko historiari buruzko erakusketa bat antolatu nahi izan zuenean, Iruñerriko gailur horretara begiratu zuen.
«Duela 2.000 urteko argazkia ezin dugu ikusi gaur egungo Iruñean. Burdin Aroko herrixka zenaren gainean parkingak daude, eta elizak, etxebizitza blokeak, eraikin instituzionalak... Garai hartako irudi argi bat nahi badugu, apur bat aldendu beharra dugu, Iruñetik hamar kilometrora. Irulegin dago argazki hori». Pasioz mintzo da Juantxo Agirre Mauleon arkeologoa. Cicerone lanetan ari da gaur, Irulegitik Pompelora, hiri baten sustraiak erakusketara bertaratu diren BERRIAlagunentzat. Erakusketa doakoa da, eta ikusgai da Iruñeko Civivox Pompelo kulturgunean, 2027ko urtarrilaren 31ra arte.
Azken urteetan, Irulegiko herrixkaren aurkikuntzak eta indusketek aukera eman dute ulertzeko baskoiak nola bizi izan ziren duela 2.000 urte, eta erakusketan pauso bat harago eman dute: forma eman diote iragan horri. Hezurmamitu. Irulegiko baskoien etxe bat nolakoa zen deskribatzeaz harago, berreraiki egin dute, sukalde, egongela, ukuilu eta guzti. Gezi batzuk ere baditu lastozko teilatuan sartuta, herrixka suntsitu zuen erasoaldia irudikatzeko.

«Irulegiko herrixka garrantzitsua da zenbait motiborengatik», kontatu du Agirre Mauleonek: «Batetik, ikerketa arkeologikoei esker, badakigu lau herri eraiki zirela hemen, gure aroaren aurreko 1200 eta 72 bitartean; aldi horren bukaeran, herria kiskali egin zuten erasoaldi batean, eta, gerora, hutsik geratu zen. Arrasto arkeologikoen dentsitate handia ere aipagarria da aurkikuntza honen garrantzia ulertzeko; eta, azkenik, hemen topatutako aztarnek frogatzen dute baskoiak alfabetatuta zeudela».
Irulegiko eskua
Horren erakusle garbiena da Irulegiko eskua, «iraulketa akademiko txiki bat», Agirre Mauleonen hitzetan. Iruñeko erakusketan jatorrizkoa ez, erreplika bat dago ikusgai, baina balio du ikusteko norainoko garrantzia duen idazketak, herri baten nortasuna eta historia osatzeko garaian. «Gurea ahozko tradizioa da nagusiki, greziarrena edo juduena ez bezala», azaldu du arkeologoak. «Herri askoren izaera mantendu eta garatu da, hain zuzen, idatziei esker. Horiekin alderatuta, guk oso elementu gutxi ditugu ikertzeko, eta, gainera, ezin dugu garai hartan idatzitako dena ulertu. Hala ere, halako aurkikuntzei esker, badakigu baskoiek bazutela idazkera».
Erakusketaren ibilbidean aurrera egin du taldeak, txanponak eta metalezko beste objektu batzuk ikusgai dituen gela batera. Erroma garaiko pitxerrak eta atzerritik ekarritako materialak ere badaude. «Txanponak eta halakoak nolabaiteko globalizazio baten isla dira; erakusten digute baskoiak ez zeudela bakartuta: mundura zabalik zeuden», esplikatu du arkeologoak. Erromak globalizazio hori indartu zuen, hiri eredu berri bat ezarrita. Baskoiera, baina, ez zen desagertu. Agirre Mauleon: «Geureganatu genituen Erromako kultura eta hiritartasuna, baina azpian, oinarrian dagoena gu gara».