Mosaiko egilea

Elsa Langlais: «Beharrezkoa zait mosaikoa ematen dudan lekuaren historia ezagutzea»

Badu hiru urte Elsa Langlaisek karriketako mundrun zuloak tapatzen dituela mosaikoarekin. Pixkanaka-pixkanaka, proiektu handiagoak ere egin ditu, ostatuak eta liburu dendak apaintzen baititu egun. Iaztik osoki bizi da arte sorkuntzaz.

Elsa Langlais mosaiko egilea haren tailerrean, Bokalen, buruilaren 7an. GUILLAUME FAUVEAU
Elsa Langlais mosaiko egilea haren tailerrean, Bokalen, buruilaren 7an. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Bokale
2026ko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxeko garajea tailer bihurtu du Elsa Langlaisek (Bokale, Lapurdi, 1990). Mosaikoa lantzen du bertan, eta duela hiru urte hasi zen lauza puskak karrikara ateratzen. Horrela, Baionako karriketako mundrun zuloak estaltzen ditu arte obrak eginez. Pannecau zubian, esaterako, baita Remy ostatu ertzeko eskaileran ere. Horrez gain, Rail Bayonnais frontoira igateko eskailera apaindu zuen Points de Vue festibalaren karietara. Eremu publikoa ez ezik, dendak, ostatuak eta halako toki pribatuak ere apaintzen ditu.

Gauez eta bisaia tapaturik hasi zinen mosaikoa ematen Baionako karriketan.

Ez nuen lekurik non mosaikoa pausatu eta manera bat zen freskoak erakusteko. Hori egiteko, Ememem artistarengan inspiratu naiz. Flacking kontzeptua hedatu zuen hark; leku publikoetako zuloak tapatzearen artea da hori, hain zuzen ere. Biziki maite dut erreparazioaren ideia hori.

Gainera, zure mosaikoek tokiko historiari lekua egiten diote.

Pannecau zubian, adibidez, eroen kaiolari buruzko mosaikoa egin nuen. Garai batez emazteak kaiola batean ematen zituzten, eta leku horretatik Errobin sartzen zituzten. Beharrezkoa zait mosaikoa ematen dudan lekuaren historia ezagutzea. Pannecauko obraren bidez, birkokatu nahi izan dut emaztearen lekua eremu publikoan, plazak eta karrikak gizonezkoen izenez soilik beteak baitira usu. Gainera, elkarte batekin batera eraman nuen lan hori, eta ahal bada beti entseatzen naiz elkarteetako eta lekuko jendea inplikatzen obretan.

Hondakindegiko bidean dauden lauzekin egiten dituzu obrak?

Gehiago salgai ez diren lauzekin, oro har. Saltokietara joan, eta handik hartzen dizkiet salmentatik kanpo diren pieza guziak. Oro har, gertatu izan zait obrak bukatu berritan lauza soberakinak ofizialeei hartzea.

«Pannecauko obraren bidez, birkokatu nahi izan dut emaztearen lekua eremu publikoan, plazak eta karrikak gizonezkoen izenez soilik beteak baitira usu»

Sorpresak izaten dituzu paperean diseinatutakoaren eta terrenoan gauzatzen denaren artean?

Horren bila aritzen naiz batzuetan, ez baitut gauza hetsi bat nahi. Baionako Rail Bayonnaisera eramaten duen eskailera apaindu nuen, eta hastapenean Donejakue bideko oskola irudikatu nahi nuen, baina jende gehienak beste zerbait ikusten du. Azken finean, ez da larria jendeak eguzki izpiak ikusten baditu obra horretan. Nik maite dut artea ikustean obra interpretatzea, eta, gero, artista interesekoa bada, harengana jotzea.

Baimenik gabe jarduteak trabak sortu dizkizu?

Ez, sekula. Ene ustez, ene proiektuek harrera ona ukan dute eremuetako zuloak konpontzen baititut. Baionako Herriko Etxeko obretako zerbitzuburua ezagutzen dut, eta egiten dudanaz biziki kontent agertu da. Azken finean, nire obrak ez dira biziki ikusgarriak, ez da grafitia bezala. Grafitigilearen helburua ikusia izatea da batzuetan, bere lekua inposatzea, eta ulergarria da.

Baionatik kanpo ere proiektuak eramaten dituzu?

Parisko aldirietako herriko etxe batekin proiektu bat egiten ari naiz. Pixkanaka-pixkanaka, proiektuak eskatzen ari dira. Ez dakit interesatzen nauenetz, eskaeren kasuetan eskatzailea gauzak galdegiten hasten zaizulako usu. Eta muga gehiegi ematen badizkidate, ez dut maite, ene obrek interesa galtzen baitute. Aske jardutea da helburua.

«Ez dakit interesatzen nauenetz, eskaeren kasuetan eskatzailea gauzak galdegiten hasten zaizulako usu. Eta muga gehiegi ematen badizkidate, ez dut maite, ene obrek interesa galtzen baitute. Aske jardutea da helburua»

Zer landu izan duzu eskaerei erantzuteko?

Eremu publikoari dagokionez, arte festibaletan parte hartuz ekoizten ditut obrak. Points de Vue bezalaxe edo Pessac hirian izan dudan proiektu bat, errate baterako. Eremu pribatuei dagokienez, hotelak, dendak eta etxeak apaintzen ditut. Eta berriki Kanboko liburu denda batean pausatu dut mosaiko bat.

Zenbat denbora ematen duzu gisa horretako proiektu bat egiteko?

Hilabete utzi behar da bezeroarekin dudan lehen harremanetik proposamen bat egin artio. Anitzetan ez naute ezagutzen, eta ez dute ikusten obrari eman nahi diodan alderdi emozionala. Kanboko proiektuari dagokionez, liburuzaina bere amatxiz mintzatu zait liburu dendaren izena hortik datorrelako, eta gauza pertsonal anitz kontatu dizkit. Gauza horiek anitz laguntzen naute obra egiterakoan, eta jendea ez da baitezpada ohartzen hainbeste gauza sar daitezkeela obra batean. Freska horretan luma gorde batzuk eman ditut, eta detaile anitz daude. Kolore jakin batzuk emozio batzuei lotzen ditut, bestalde: gorria baliatu dut freskoa lurretik abiatzeko, eta gero horia gehitu dut liburu dendaren kolorea baita.

Langlaisek baliatzen dituen lauza puskak, Bokalen, buruilaren 7an. GUILLAUME FAUVEAU
Langlaisek baliatzen dituen lauza puskak, Bokalen, buruilaren 7an. GUILLAUME FAUVEAU
Noiz hasi zinen mosaikoa lantzen?

Zaletasuna ez datorkit batere egin ditudan ikasketetatik. Literatura ikasi ondoan enpresa kudeaketa ikasi nuen, atzerrira joan ahal izateko bidaiak egitera. Ezin izan naiz arte eskola batean sartu karioegi baitzen, eta, beraz, ikasketen ondoan sortzen nituen proiektuak. Argazkilaritza, tindua eta beste gauza franko egiten nituen. Neurri batean, horrek anitz lagundu nau bizian trantsizioak egin ahal izateko eta garai zailei aurre egiteko.

Egun mosaiko sorkuntzaz bizi zaitezke?

Hirugarren urtearen buruan bizigarria izan da mosaiko sorkuntza. Badu urte bat bizi naitekeela sorkuntzaz, errezibitzen ditudan eskaerei esker. Lehen bi urteetan, eskola sustengurako klaseak ematen nien ikasle batzuei, eta, pixkanaka, klaseak ttipitu ditut, eta sorkuntzari dedikatu naiz osoki. Ontsa datorkit hori enpresa mundutik natorrelako, eta badakit eskaerei eta bezeroen exijentziari erantzuten.

Eta zure obra pertsonalagoak erakutsi ahal izan dituzu sekula?

Corsaires galerian erakutsiko ditut laster, baina zailtasunak ditut artista postura bat ukaiteko, ez zait batere erraza. Ni ez naiz arte eskolako ikaslea, eta ez dut jakin bortxaz norengana jo. Hiru urteren buruan lortu dut sarea egiten, eta batzuetan beldur naiz, heldu den hilabetean ez baitakit batzuetan nola janen dudan, baina ari naiz oreka bat atzematen.

LOTSABAKO

Errekuperatu duzun lauzarik bitxiena?
Lauza zahar hau [erakutsi du], zeinetan sukaldean baliatzen ahal diren belarrak agertzen diren.

Gogoan duzun proiektu jakin bat?
Orain arteko guziak maitatu ditut.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA