Estreinaldien atarikoan sentitzen den urduritasunarekin agertu dira Mikel Irazusta (Donostia, 1996) eta Maialen Sorzabalbere (Donostia, 1996) Barrexerka antzerki taldeko kideak Gazteszenara. Bertan estreinatuko dute Patatekin izeneko emanaldi berria, bi saio eginda: ostiralean eta larunbatean. Umorez erantzun dituzte galderak, baina, urduritasunagatik-edo, argazkirako «patata!» esatea ahaztu zaie. Astigarragan (Gipuzkoa) egingo dute hurrengo saioa, eta, udan etena egin ondoren, udazkenean jarraituko dute herriz herri biran.
Zer gertatu zaizue patatekin?
MAIALEN SORZABALBERE: Antzerkian zehar, emanaldian zehar, pasatu, gauza asko pasatuko dira, baina, bereziki, bizitzako etapa asko pasatuko dira. Oraingoan umetan denok genituen tontakeriak islatu nahi izan ditugu; bereziki, 1990eko hamarkadako gazteon nerabezaroa. Gure gurasoen belaunaldiaz barre egin nahi izan dugu...
MIKEL IRAZUSTA: Eta guraso hasiberriez ere bai...
Denentzako duzue zer esana?
SORZABALBERE: Belaunaldi guztiak zirikatuko ditugu, egia esan. Hori antzerkiari dagokionez. Esketxei dagokienez, hor ere zirikatu dugu euskal kulturako edozer: zinematik hasi, eta Euskal Herriko musikari mainstream-enetan bukatu. Beti dago polemika, ezta? Zer da euskal zinema, zer ez...
Orduan, ez da gastronomiari buruzko emanaldi bat izango?
IRAZUSTA: Ez, eta pena da, ze, agian, estrategikoki, ETBk kontratatzeko ona izango litzateke. Baina...
Kintoen afari bat dago emanaldiaren abiapuntuan, ezta?
IRAZUSTA: Bai, kinto afari bat egingo dugu, eta, antzerkiaren hasieran, afari horren ondorenean egongo gara. Ez dugu askoz ere gehiago kontatuko.
SORZABALBERE: Antzerkian belaunaldi desberdinak zirikatzen arituko gara, baina gai sozial bat ere landuko dugu: etxebizitzarena. Nola gure eguneroko eta betiko txokoak luxuzko etxe bihurtzen dituzten edo dena delakoak egiteko erabiltzen dituzten.
Donostiarrak izatearen ajeak...
IRAZUSTA: Bai, nabaritzen da, nabaritzen da... [barrez].
Nolakoa izan da sormen prozesua? Zerbaitetan jarri nahi izan duzue arreta bereziki?
SORZABALBERE: Anbiziotsuak izan gara, egia esan. Bai esketxetan, teknikoki, eta, eduki aldetik, noski, beti.
IRAZUSTA: Bai, kalitatea lortu nahi izan dugu teknikoki: kamera berriak, mikrofonoak... Baina antzezteko kalitatea ere bai: denbora askoz ere gehiago hartu dugu pauso bakoitza emateko.
SORZABALBERE: Esan daiteke inoiz baino gehiago mimatu dugula emanaldia. Eta, gero, antzerkian ere teknika berriak topatu ditugu. Bisualki pixka bat esperimentatu dugu...
Sold out egin duzue bi aldiz Gazteszenan. Zer zarete, Zetak? ETS? Horien jarraipen bat?
SORZABALBERE: Ez, ze guk benetan egiten dugu bi urtean behin [barrez].
IRAZUSTA: Eta oraindik ez dugu iragarri utziko dugula, eta ez dugu asmorik ere.
SORZABALBERE: Gainera, ez dugu espiral horretan sartu nahi.
Pozik zaudete erantzuna ikusita?
IRAZUSTA: Egia esan, Gazteszenarekin oso pozik gaude. Bi urtean behin hemen estreinatzen dugu emanaldia, eta harreman ona daukagu bertakoekin. Ikusleek ere badakite hemen estreinatuko dugula. Ikusten da jendea gogotsu dagoela bi urte eta gero emanaldi berria ikusteko.
SORZABALBERE: Bai, eta, bi urtean behin denez, arnasa hartzen du jendeak. Uzten duzu gogo hori sortzen, eta bi urterik behin askoz ere gogotsuago hartzen duzu. Poza ematen du. Beti esaten dugu: hasieran kuadrillakoak eta familia etortzen ziren, eta orain ikusten dugu jende pila bat nor den ere ez dakiguna.
Badaramatzazue urte batzuk oholtzan: Nahastumbury, Bagoiaz... Gustura zabiltzate?
SORZABALBERE: Oso pozik gaude. Emanaldi bakoitzarekin esperimentatu dugu, zerbait desberdina egin dugu. Bagoiaz-en txisteak oso errazak ziren, Nahastumbury-n saiatu ginen umore abstraktuagoa egiten, baina modu inteligenteago batean... Eta orain, nola esan? Gauzak oso erraz ikusiko dira, oso dinamikoa baita. Pixka bat bien nahasketa izan daiteke?
IRAZUSTA: Bai, bien arteko nahasketa da. Badauka absurdotik, baina oso bisuala izango da, aldi berean.
Umore absurdoak hor jarraituko du?
IRAZUSTA: Noski, hori gabe ez ginateke gu izango.
Zertan aldatu da Barrexerka?
SORZABALBERE: Hasteko, egiten dugun horri balioa ematen ikasi dugu. Lehen egiten genuen emanaldi bat, estreinatzen genuen, eta berehala hasten ginen hurrengoa prestatzen.
IRAZUSTA: Bai, lehen urtean bi emanaldi estreinatu genituen. Geuk ere ez genuen ia elkar ezagutzen...
SORZABALBERE: Eta, orain, sekta bat gara [barrez]. Emanaldi bat estreinatu, eta pare bat urte egoten gara biran. Antolatzeaz ere asko ikasi dugu.
IRAZUSTA: Bai, orain kuadrilla bat gara, eta badakigu bakoitza zer momentutan dagoen, zer egoeratan, zertan den ona, zertan ez... Oso ondo moldatzen gara.
Eta zer ez da aldatu?
SORZABALBERE: Aldatu ez dena konpromisoa da. Lehen urtean zehaztu genuen asteazkenak eta larunbat goizak Barrexerkarentzat gordetzea, eta horrela jarraitzen dugu. Eta, apirilean, berriz, egunero!
IRAZUSTA: Bai, konpromisoa behar da horrelako talde bat aurrera eramateko, eta, hasieratik, den-denek jarri dugu geure alea, kexarik gabe.
SORZABALBERE: Bai, eta ikusita emanaldiek funtzionatzen dutela, izaten dugun harrera, antzokia betetzen dela... Horrek jarraitzeko ilusioa edo motibazioa ematen digu.
Zer ematen dizue Barrexerkak?
IRAZUSTA: Barrexerkak ematen digu aukera geure buruan sortzen den hori guztia ateratzeko, nolabait. Sormen hori edozer izan daiteke: duela urte eta erdi abesti bat egin genuen; bakarrizketa bat izan daiteke, esketx bat... Orduan, gure umore eta sormen hori ateratzeko plazarik onena da.
SORZABALBERE: Eta gainera, lagunekin egiten duzu... kristorena da!
LOTSABAKO
Patatak, zerekin?
SORZABALBERE: Arrautza frijituarekin. IRAZUSTA: Haragiarekin.Emanaldia, noren atzetik?
BIAK: Tricicle.Antzoki kuttuna?
SORZABALBERE: Gazteszena eta Antzoki Zaharra. IRAZUSTA: Iruñeko Antzerki Eskola ere ederra zen... Baina bai, Gazteszena.