Belaunaldiak konektatzen

34. aldiz antolatu dute Euskal Encounter, eta 4.000 ordenagailu baino gehiago eta teknologiaren eta bideojokoen milaka zale bildu ditu topaketak.

Zenbait gaztetxo Euskal Encounterren 34. edizioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zenbait gazte Euskal Encounterren 34. edizioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilbo
2026ko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bera baino handiagoa den Grogu panpina bat besoen artean estututa, haur txiki bat BEC erakustazokaren pasabide erraldoietatik doa gurasoekin Euskal Encounterrera sartzeko atearen bila. Pabiloiaren barruan, 34. edizio honetan bildutako 4.000 ordenagailu baino gehiagoren artean, halako ume txikiak ikusteak arreta pizten du. Gamer aulkietan eserita daude zenbait haur hankak zintzilik, haien buruetan jarrita erraldoiak diruditen entzungailuak soinean eta jostailuzkoak diruditen aginte koloretsuak eskuan.

Pabiloian barrena ibili ahala, familiak nonahi ikus daitezke. «Orain Internetera konektatuko gara», esan dio ama batek alabari aulkitxoa bultzatzen duen bitartean. Badaude elkarrekin jokatzen dutenak ere. «Nik irakatsi diet», kontatzen du Mikel Miñok; hark eta haren bi semeek laugarren aldia dute ekitaldian. «Giroa gero eta familiartekoagoa da; izan ere, urtero etorri direnak guraso izan dira. Askok etortzeko ohitura dutenez, orain seme-alabak hartuta etortzen dira», azaldu du Miñok.

(ID_16306224) (Aritz Loiola/@FOKU) 2026-07-23, Barakaldo. Euskal Encounterren irekiera
Haur bat robot bati begira Euskal Encounterren. ARITZ LOIOLA / FOKU

Harrigarria da haurrak hain formal egotea hainbeste estimulu biltzen dituen leku horretan, normal-normal. Sarrerako balkoira ateratzean milaka pantaila distiratsu ikusten dira, bertara jaistera deitzen dutenak. Behin eskailerak jaitsita, pabiloiak beste unibertso bat ematen du. Ordenagailuen ilaren artean ibiliz, jendea agurtzen duten robotekin topo egiteko aukera dago; ondoan, pertsona batzuk patinete elektrikoan doaz, lebitatzen ariko balira bezala.

Pantailetan askotariko jokoak ikus daitezke, baita atseden hartzera joan diren zaleen pantaila babesle bitxi eta umoretsuak ere. Askorentzat ordenagailuaren aurrean egotea denbora galtzea izan liteke, baina parte hartzaileek elkarri esperientziak kontatzeko eta elkarri irakasteko aukera gisa hartzen dute. «Jokoen mundua gustatzen bazaizu, leku ezin hobea da ikasteko», adierazi du Lena Uriadinak; lehen aldia du, eta oraingoz asko ikasi duela esan du. 

Emakumeak ere hemen daude

Oraindik ere emakumeen presentzia gizonezkoena baino txikiagoa dela nabari da. Laura Maldonadok bosgarren aldiz ekarri du bere ordenagailua BECera, eta, haren ustez, egoera ez da asko aldatu urtetik urtera: «Gero eta emakume gehiago etortzen dira, baina ez da egon alde handirik». Hala ere, bertaratzen direnak integratuta sentitzen direla diote; «orokorrean giro ona dago», kontatu du Uriadinak.

Ordenagailu ilaretatik harago, Euskal Encounterren hainbat tailer eta hitzaldi izango dira asteburuan. Besteak beste, adimen artifiziala eta animazioa landuko dituzte; horrek aukera ematen du egunean zehar han ibiltzeko eta kuxkuxean aritzeko. Adibidez, gaur 10:00etan, 3D inprimagailuen ginkana bat egingo dute, eta 12:00etan, berriz, robotak muntatzeko aukera izango da.

Horiek horrela, Maldonadoren ustez, ez dago egun osoa eserita igaro beharrik: «Batzuek ordu asko ematen dituzte jolasean, baina mugitzeko eta beste ekintza batzuetan parte hartzeko aukera ere badago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA