Biak ala biak 1990eko hamarkadan egin ziren ezagun, eta hainbat arrazoi zirela medio urte luzez agertokietatik at edo apaldurik egon ostean, berriz piztu dira. Historio paraleloa dute EH Sukarra eta Sen taldeek, eta gaur arituko dira, elkarrekin, Debako jaietan.
Duela 21 urte zarata handiz sartu zen EH Sukarra musikaren plazan. Lehen diskoak dezenteko oihartzuna izan zuen, eta, ondoren, bost lan plazaratu zituzten 2002. urtera arte. Ordutik, estudiotik pasatu gabe egon dira musikariok, aurten arte, nahiz eta 2008an zuzeneko bat argitaratu—Zuzenean—. Aurten, nolabaiteko isiltasuna hautsi dute Uhinak diskoarekin. Mikel Gorosabel Norton abeslari eta gitarra jotzaileak erreskatatu du EH Sukarra. Hasierako taldetik jarraitzen duen musikari bakarra da bera.Rock hirukote gisa arituko dira gaur Deban: Nortonekin batera, Mikel Artieda baxu jotzailea eta Loiola Madera bateria jotzailea.
Sen 1990eko hamarkadaren amaieran sortu zen, eta hiru disko argitaratu zituzten: 2000. urtean, Sen; 2002an, Gaizki esanak…; eta, azkena, 2004an, Sen + Hendrik Roever akustikoa. Taldea sakabanatu eta 15 urtera, berriz elkartu da laukotea. Talderaren haustura eta itzuleraren istorioa kanta baten bidez kontatu dute: Izarrak berri.
EH SUKARRA ETA SEN
Noiz. Gaur, 24:00etan.
Non. Debako (Gipuzkoa) txosnetan.
Berpizturiko taldeen erasoa
Urte luzez linboan ibilitako EH Sukarra eta Sen arituko dira gaur Debako jaietan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu