Zuri-beltzekoa zen argazki hura. 1976an ateratakoa, Donostiako kaian. Hamar lagun baranda baten aurrean zutunik, sukaldari kapelak, bizarrak, biboteak, gurutzatutako besoak, eta emakumezko bakar bat. Gerora «euskal sukaldaritza berria» gisa izendatu zutenaren ernamuina. Eta argazki hori bera erakutsiz abiatu dute ekitaldia, eta argazki horri begira argazkiko zenbait sukaldari, 50 urte geroago. Bizar, bibote eta ile urdin asko. Mantalak eta Basque Culinary Centerrek Euskal sukaldaritza berria: atzo, gaur eta bihar liburua ondu dute, eta Aian (Gipuzkoa) aurkeztu, K5 upategian, mahasti mahatsez erauzi berrietan.
Ez da atzera begirako kronologia soil bat, eta ez da garaiko artxibo horituen bilduma bat. Liburu «sinboliko» bat dela nabarmendu du Joxemari Aizega BCCko zuzendariak: «Mugimendu hark Euskal Herria eraldatu zuen, eta existitzen ez zen kultura bat sortu. Liburuak orduko balio asko jasotzen ditu: berrikuntza, sormena, komunitatearen zentzua... Andoni Beristainen begirada berezi horrekin». 50 irudi berezi dira Beristainenak, eta euskal gastronomiari, kulturari eta gizarteari lotutako pertsonen beste 50 esaldi dituzte aldamenean. «Liburuak elkarrizketa bat proposatzen du memoriaren eta orainaren artean, argazkiaren eta hitzaren artean, mugimendu hura izan zenaren eta gaur egun oraindik etorkizunera proiektatzen duenaren artean», azaldu dute egileek.
Xistera bat, pilota gisa sagar bat darabilena. Kraskagailu bat egurrezko zutoin baten gainean orekan, eta intxaur bat kraskagailuaren gainean orekan. «Gutxirekin asko kontatzea, eta elementu, pertsonaia eta paisaiekin jokatzea: hori izaten da nire egiteko modua», azaldu du Beristainek berak, bi irudi horiek adibide gisa jarri dituenean. «Kraskagailuarekin eta egurrarekin, euskal nortasunaren gogortasuna adierazi nahi nuen. Batzuetan, apurtu ere egiten dena».Â
Sukaldariak bakarrik ez
Aurkezpenean izan dira sukaldariak: Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Hilario Arbelaitz, Martin Berastegi, Tatus Fombellida eta Elena Arzak, besteak beste. Eta han izan dira liburuan parte hartu duten beste asko ere: Miren Arzalluz Bilboko Guggenheim museoko zuzendaria eta Toti Martinez de Lezea idazlea, besteak beste. Kulturak «transformaziorako» duen gaitasuna nabarmendu du Arzalluzek, eta euskal gastronomia berriaren eta Guggenheim museoaren adibideak parekatu ditu. Toti Martinezek 1976ra egin du jauzi: «Franco hil berria zen. Hippyen mugimendua sortu zen, protesta... Loratze bat gertatu zen arlo guztietan. Behar bat zegoen nor ginen esan eta aldarrikatzeko. Eta sukaldari hauek ere hori egin zuten: geneukana ezagutzera eman, beste ukitu batekin».
Abesti, dantza eta piano doinu artean joan da omena. Subijanak mugimendu hark izandako «lankidetzarako izpiritua» nabarmendu du. Argiñanok gonbidapena luzatu die sukaldari gazteei: «Gu honaino iritsi gara, eta zuek segi aurrera». Arbelaitzek andreak izan ditu gogoan: «Gure amekin hasi ginen sukaldean, eta haiek irekitako bidea zabaldu egin zen gero». Elena Arzakek etxean bizitakoak ekarri ditu gogora: «Konbentzituta zeuden egiten zutenaz, eta dibertitu egiten ziren. Zin egiten dizuegu zuen ondareari segida emango diogula».