Besta alternatiboek leku handiagoa izanen dute Baionan

Gaur hasiko dira Baionako bestak. 17:00etan abiatuko dira ofizialki. Besten gune alternatiboa handiagoa izanen da aurten. Lehen aldikotz txosna gorria izanen du Mugimendu Sozialistak, eta Gure Irratiak txosna muntatu du Montaut plazan.

Leon erregearen iratzartzea Baionako besten denboran, iazko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Leon erregearen iratzartzea Baionako besten denboran, iazko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Julene Muruaga Hiriart - Xalbat Alzugarai Etxeberri
Baiona
2026ko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lapurdiko hiriburua erabat aldatua da gaurtik igandea bitarte jende uholdea aterpetzeko. Hesiak, bide mozketak eta karpa xuriak ez dira falta hirian. Maleten soinuak aditu dira azken egunotan Baionako karriketan. San Izpiritu zubitik barna heldu dira gehienak, trenetik jaitsi ondoan. Baina kanpora buruz ere ikusi dira maletak joaten, akaso herritar batzuk hiritik ihes egiteko prestatu direlako.

Egun 17:00etarik goiti janzten bada ere zapi gorria lepoan, goizetik hasi dira bestei loturiko ekitaldiak. Ohi bezala, kirolari lotuak dira irekiera baino lehen antolatu jarduerak. Errobi gaineko piragua lasterka izanen da, beti bezala, eta, aldi berean, bestazaleen lasterketa iraganen da 25. aldiz. Miarritzeko (Lapurdi) Euskaldunen kostatik hasi, eta Baionako San Izpiritu zubian bukatuko da. DIDAM museo aitzinean, berriz, euskal dantza iniziazioa eginen dute eguerdian.

Sukaldaritza maite dutenek Paul Bert plazan dute hitzordua, munduko piper moleten lehiaketa izanen baita 13:00etara arte. Bertzalde, Jacques Porte plazan, 19:00etan, euskal kultura erdigunean emanez hasiko dute besta, Bilaka dantza konpainiaren Bilabal dantzaldiarekin.

Besta alternatiboak

Hainbat dira besta ofizialen kontrako korrontea hartzen duten guneak. Duela bi aste, ZĂ¼zĂ¼lĂ¼ Baiona Ttipiko elkarteak gune alternatiboen mapa bat zabaldu zuen sare sozialetan. Baiona Ttipian hauek dira bildu dituztenak: Txalaparta, Patxa plaza, Epaiska, ZĂ¼zĂ¼lĂ¼ eta Laborarien Txokoa. Inguruko auzoetan, honako hauek: Baionako ikastolen Karrikaldia, Biltxoko, Or Konpon eta, lehen aldikotz, Gure Irratiaren gunea Montaut plazan, eta Mugimendu Sozialistaren txosna gorria Poterne parkean.

Uztaritzeko (Lapurdi) estudioetatik atera, eta lehen aldiz haiena eginen dute Montaut plaza Gure Irratikoek, uztailaren 17tik 19ra. Iaz, Patxondo txosnakoek haien lokala prestatu zieten egun batez erabil zezaten, irratiak dituen arazo ekonomikoei aurre egiten laguntzeko. Aurten, berriz, beste gune bat lortu dute, eta, oraingoan, hiru egunez baliatuko dute Montaut plaza. Erabakia azken momentuan iritsi zaie; beraz, oraindik lanean ari dira bestak prestatzeko, Arantxa Idieder kazetariak azaldu duenez. Bi helbururekin datoz plaza horretara: batetik, helburu ekonomikoa dutela, eta, bestetik, euskarari lekua egiteko xedea dutela. «Ez da sekreturik, Baionako gune bat gehiago sortu dugu euskaraz bizi ahal izan dadin besten garaian. Bai baitakigu besta horietan, nahiz Lapurdiko herria izan, euskara eta Euskal Herriari lotuak diren elementuak desagertzen ari direla; beraz, ezinbestekoa iruditzen zaigu leku bat gehiago egitea euskararentzat, euskaldunentzat».

«Nahiz Lapurdiko herria izan, euskara eta Euskal Herriari lotuak diren elementuak desagertzen ari dira bestetan; beraz, ezinbestekoa iruditzen zaigu leku bat gehiago egitea euskararentzat, euskaldunentzat»

ARANTXA IDIEDER Kazetaria

Gunea egun osoan martxan izanen da, 09:30etik 20:00etara: gosaria, larrain dantza, musikariak, Dizkobolo txaranga eta karaokea izanen dira, bertzeak bertze. Halere, badakite beren gunea ez dela jendearen ohituretan sartua; beraz, badakite jendea ez dela «saldoan» jinen, baina espero dute prestatu dituzten animazioek publikoa erakarriko dutela. Oraindik laguntzaile xerka ari dira janari eta ostatu txandak segurtatzeko.

Txosna gorria

La Poterne parkeak ere bizi berria izanen du besten garaian, lehen aldiz txosna gorria izanen baita bertan. Ipar Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak lortu du gune hori, eta uztailaren 17tik 19ra izango du txosna han. Unai Perez Mugimendu Sozialistako kideak esplikatu du ez dela aurtengo afera, baizik eta azken urteetako «bataila» bat. Hain zuzen, Baionako Herriko Etxearekin hainbat urtez saiatu dira txosna gune bat lortzen besten garaian, baina «nekeza» izan zaie.

Bi helburu nagusi betetzeko jinen dira hiriburuko bestetara: «Mugimendu politiko gisa, gure arrazoietako bat ekonomikoa da. Finantzaketa iturri bat behar dugu». Bestetik, Baionako bestetan izaten ari den giro jakin baten kontra egiteko gune bat proposatu nahi dute. «Ez da berria: gizarte kapitalistaren bortizkeria denetan da, baita Baionako bestetan ere, izan indarkeria matxista, faxismoa ala arrazakeria. Aldarrikapen faxista gero eta gehiago entzuten eta ikusten dira: kantuak, oihuak, pegatinak, jestuak... Bortizkeria horren kontra gune alternatiboagoak sortu nahi ditugu, seguruagoak, zapalkuntzarik gabeko perspektiba batean direnak».

«Ez da berria: gizarte kapitalistaren bortizkeria denetan da, baita Baionako bestetan ere, izan indarkeria matxista, faxismoa ala arrazakeria»

UNAI PEREZ Mugimendu Sozialistako kidea

«Orori eskuragarria» izan daitekeen gunea proposatzen entseatuko dira mugimendukoak, hala nola prezioen aldetik. Alde batetik, Poterne gunera sartzeko ez da eskumuturrekorik behar —azken urteetan hamabost euroan erosten da eskumuturrekoa Baionako gune gehienetan sartzeko—. Eta, bestetik, jatekoa eta edatekoa ahalik eta prezio apalenean emanen dute.

Hiru egunetan hainbat animazio izanen dira: euskara iniziazioak, bertso aperitifa, bazkaria, dantza ikusgarria Ibawa taldearen Gaua emanaldiarekin... Horrez gain, kontzertu programazio zabala prestatu dute: Kospeitar orkestra, DJ ĂœzkĂ¼lĂ¼z, DJ Infernu, Akts, Panda Valium... Gazte Eguna ere eginen dute: bazkaria eta ondotik Molkky eta Toka txapelketak. 20:00etatik goiti, kontzertuak izanen dira Akeer, Mirotz, Jackie Blvck eta Akiam, eta DJ Estelle artisten eskutik.

Betiko Patxa

Badira ere urteetan zehar ber gune alternatiboa atxikitzen dutenak. Baionako Zizpa gaztetxea, kasurako, Patxa plazan egonkortua da besten bost egunetarako. Aurtengo berrikuntza plazaren eraldaketan datza, Patxoki gune historikoaren eraikina bota baitute, eta plaza berritzeko obrak abiatuak baitituzte. Halere, besten denboran plaza erabiltzeko moduan izanen da.

Baionako bestak sistema batean oinarrituak direla uste du Oihan Bouzigues Zizpa gaztetxeko kideak, eta Zizpakoek proposatzen dutenak «beste bide» bat hartzen duela. Patxako gunea herrikoia, euskalduna eta transfeminista dela esplikatu du, eta zuzeneko musikari eta animazioei ematen dietela lehentasuna. «Gure egitaraua jendearen beharretan oinarritzen dugu: musika euskalduna proposatzen dugu, giro sano eta segurtasun maila goxoarekin. Familientzat ere programazioa prestatzen dugu, eta pertsona oro ongi etorria da».

(ID_15133890) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-07-10, Baiona.Baionako bestak
Patxa plaza, iazko Baionako bestetan. PATXI BELTZAIZ

«Erran behar da azken urteetan erreferentzialtasun gero eta handiagoa duela proposatzen dugun besta ereduak. Askotan, giro aski lasai eta onean egoten da Patxa plaza. Jendeak anitz eskertzen du horrelako gune bat izatea, herritik herriarentzako besta eredu bat egiten baitugu», kontatu du Eneka Barnetxe Borda Zizpako kideak. Azken urteetan gune alternatiboen loratzea «begi onez» ikusten du, Baionako besten eredu kapitalista eta kontsumistari aurre egiteko eta beste eredu bat proposatzeko helburua izaten baitute. «Baionako herritarrek eta euskaldunek Baionan lekua hartzeko balio dute gune horiek, gure balioak zabaltzeko».

Programazio zabala prestatu dute Zizpakoek ere: Barrrk, Ameba, Sua eta Frigo taldeek joko dute irekitze gaualdian. Bigarren egunean, kirol erakustaldia ere izanen da Gaia elkartearekin, eta, arratsean, Eraldatzen, Bisaiak, Mizelium eta Zeze. Ostiralean, arratsalde hasieran bertso saioa izanen da; gero, Somak, Sheep'n'beer, Sons of Kentucky, RTZ, Kalume, dantzaldia Patxi eta Konpainiarekin, Aramu, White Carters, Txoriburu eta Le Coupe Gorge. Azken egunean, Kanboko ziganteak izanen dira goizez, eta horiekin batera euskal selekzioaren aldeko manifestazioa eginen dute Patxa plazatik abiaturik. Eguerdian, presoen aldeko bazkaria eginen dute, eta ondotik, Nat eta Watson eta Moira Krank ere ikusten ahalko dira.

«Gure egitaraua jendearen beharretan oinarritzen dugu: musika euskalduna proposatzen dugu, giro sano eta segurtasun maila goxoarekin. Familientzat ere programazioa prestatzen dugu, eta pertsona oro ongi etorria da»

OIHAN BOUZIGUES Zizpa gaztetxeko kidea

Patxokik ostegunetik iganderako egitaraua prestatu du, Patxa plazan karpa ezarririk: Su Lamina, Hirukote, Voisins Vigilants, Punttu Kakotx, Wrek, Zezette & Pouzik's, Les Freres Mapogo + ip, Skiz, Twins Stoners, Bosler & Fordson, Gasolina eta Amaia Yaniz arituko dira, besteak beste. Patxondo asteazken, ostegun, ostiral eta igandean irekia izanen dute, eta kontzertuak hauek izanen dira: Sarkabul, Coldstress, La Basu, Patxaranga eta Baffes ou Torgnoles.

ZĂ¼zĂ¼lĂ¼n, goizero gosaria proposatuko dute. Musika programazioa ostiralean hasiko da, Pussy Miel, Zetkin eta DJ ĂœzkĂ¼lĂ¼z taldeekin. Biharamunean, Boesler & Fordson, Silitia eta Kalume ariko dira, eta igandean, Patxaranga eta Kalabazan.

Erasoen kontrako protokoloak

«Badugu protokolo bat Patxa plazan, Baionako beste leku anitzetan erabiltzen eta aplikatzen ez dena. Baina Patxan beharrezkoa zaigu», kontatu du Barnetxe Zizpako kideak. «Protokolo oso eta osatua proposatzen dugu edozein eraso kudeatu ahal izateko eta erantzun bat emateko gai izateko. Laguntzaileek eta txandak egiten dituzten denek protokoloaren berri dute, lanketak eramaten ditugu, eta denen arteko erantzun bat emateko sortutakoa da».

Horrez gain, Ipar Euskal Herriko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak erasoen kontrako protokoloa ondu du aurten ere, eta babesgune bat ezarri: Akelarre kafetegia, Pontrique karrikan.

Bestak «lasaitu»

2032 kolektiboa hainbat kidek sortu zuten 2023an Patrick Lanies bestazalearen hilketaren ondotik. Harrezkeroztik, kolektibo horrek bestak «lasaitzeko» hainbat neurri proposatu ditu. Garai hartan, bestak giro «goxoagoan» pasatu ahal izateko bestazaleen araudia adostu zuen herriko etxearekin.

Joan den astean egin prentsaurrekoan, kolektiboak salatu du herriko etxeak ez dituela kontuan hartzen haiek proposatu neurriak. Hain zuzen ere, zuzeneko musika gehiago hedatzea proposatu dute, eta bestak «lekuko» kulturaren erakusleihoa izatea. «Gu entzutea ongi da, baina ondotik ekintzara pasatu behar gara, eta horretarako metodologia bat behar dugu proposatzen ditugun neurriak gauzatzeko», kontatu du Lukas Hiriart kolektiboko kideak.

2032 kolektiboaren prentsaurrekoa, joan den astean. PATXI BELTZAIZ
2032 kolektiboaren prentsaurrekoa, joan den astean. PATXI BELTZAIZ

Aitzinatu diren neurrietan, iaz kolektiboak eta udalak begirantza aplikazio bat sortu zuten, Vigilances fĂªtes deiturikoa. Aplikazioa plantan eman zuten bestetako segurtasun postuari besta gunean gertatu edozein motatako erasoen berri emateko. Aurten ere, dispositiboa berriz plantan eman dute, eta besta gunean dauden laurogei erreferentek —ostatuak, jatetxeak eta peñak— erabil dezakete aplikazioa erasoak seinalatzeko. Horiek ez bakarrik, aurten bestazale orok erasoak seinala ditzake aplikaziotik.

Konkretuki, aplikazioa mugikorrean izanez gero eta edozein eraso ikusiz gero, gertaturikoa sala dezakete dispositiboaren erreferenteek zein bestazaleek. Horrela, segurtasun postuarekin zuzenean harremanetan sar daitezke, eta horrek modua emanen du seinalatzeei erantzun «egokia» emateko, Hiriarten arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA