Baionako karrikak jendez lepo dira asteazkenean bestak abiatu zirenaz geroz. Euskaldunen plazan autobusek elkar gurutzatzen dute dozenaka, eta jendeak ehunka; bestazaleak bertara iristen dira bestetara, edo bertatik joaten bestetatik. Hor topatzen dira, hain zuzen, ostiralera arte bestetan egon eta asteburuko jende uholdeaz ihesi doazenak, edo, kontrakoan, asteburu pasa heldu direnak. Bakoitzak baitu Baionako bestak egiteko bere manera: irekitzea, haurren eguna, asteburua edo egun guztiak, bestela.
Autobusei itxaroteko tokian, alde batetik bestera korrika doa jendea. Lagun taldeak juntatzen dira, edo negarretan bereizten, batek edo besteak taldea utzi behar baitu ezinbestean, eta bera gabe besta bukatu beharko baitute besteek. Tartean badira batere bestara ez doazenak ere, eta beren egunerokoa aitzina eraman behar dutenak hirian gaindi. Jacqueline Lezek, adibidez, hitzordua zuen ospitalean, eta etxera sartzen entseatzen zela, Euskaldunen plazatik pasatu behar izan du azkenean: «Autobus bati itxaron diot 45 minutuz [ospitalean], eta ez da sekula etorri. Badira bestak, zenbait obra... Usaian, jadanik, badira auto metaketak; orduan, pentsa orain! Baina normala da, gidariek ezin dute bestela egin». Adierazi du beste orduz biziki kontent dela autobus sarearekin, eta, beraz, ez duela zer pleinitzerik behingoagatik. Badirudi, gainera, prest zegoela hirian gaindi uste baino luzeago egoteko, bestetara joan ez bada ere zuri eta gorriz jantzirik atera baitzen etxetik. Giroari egokitzeko, nolazbait.
Haren ondoan, Euskaldunen plazan beti, Leo Iturriozek ere autobusa igurikatzen zuen. Lehen urtea da Baionako bestetarako Baionan bizi dela, eta, beraz, joan-jinka ibiltzen da asteazkenetik. «Etxera sartu, dutxa hartu, jantziz aldatu, eta itzuliko naiz, enpresako afaria baitut gaur». Urtero-urtero, Ipar Euskal Herriko eta batez ere Lapurdiko hainbat enpresak urteko afaria antolatzen dute besten denboran. Gehienetan ostirala izaten da: lantegia ostegunean hetsi, eta ostiral eguerdian egiten dute topo langileek, Baionako jatetxeren batean. Enpresako afaria behin pasaturik ere, Iturrioz bestara itzuliko da: «Egun guztiz etorri naiz eta etorriko naiz; orain hemen bizi naizenez, baliatu behar dut».
Funtsean, mota guztietako jendeak topatzen dira Euskaldunen plazan, baita Baionako besten programazioan aritzekoak direnak ere. Florian Telletxea, adibidez, urtero-urtero «autopartekatzean» edo «garraio publikoan» etorri ohi da bestetara, makilaria baita Itsasun (Lapurdi) eta karrikaldian parte hartzen baitute urtero, Baionan. Gauean trenez itzuliko da etxera. Beraz, ongi ezagutzen du funtzionamendua. Baina inguruetakoak ez direnendako ere balio du bestetako autobus sareak, Euskaldunen plazako topaguneak, hots. Anne-Marie Khamsi ez da Baionakoa, ezta programazioan parte hartzekoa ere, baina bere senarrarekin etorria da Baiona aldera Suitzatik. Ez zuten espero, baina bestekin topatu dira, eta Baiona beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman die. 16:00ak aldera autobusez ihesi doaz, haatik, gaueko jendetza iritsi gabe, hondartza ikustera.
Prezioak beti gora
Hiriak bestei harrera egiten dielarik, bortxaz, milaka jenderi ere harrera egin behar die, eta hori kudeatu beharrekoa da. Aparkalekuak araberan antolatzen dituzte, baina, urtetik urtera, geroz eta karioago ateratzen da autoa bestetako eremuko aparkalekuetan uztea. Horregatik, hain zuzen, komeni zaie bestazaleei ahal bezainbat bidaia garraio publikoen bidez egitea. Baionan berean bizi direnendako bistakoa dirudi, baina kanpoan bizi direnendako ere, autobusek ematen diete aukera, adibidez, bestetako perimetrotik errazago ateratzeko.
Noski, antolaketa berezia pentsatua izan da: bestek irauten duten bost egun eta gauetan, autobusak badira kasik etengabe. Goizeko 05:30etik arrastiriko 20:30ak arte, usaiazko autobus sarea arduratzen da bidaiez, zenbait geltoki egokitzapenekin, halere. Eta, 20:30etik biharamun goizeko 04:00ak arte, bestetako autobusek egiten dituzte bidaiak; gaueko autobusek, izan ere. Chloe Valettek eta Sarah Broudok bestetako autobus txartelen salmenta gunean lan egiten dute. Zera azaldu dute: «Egunez ez dugu jende gehiegi, sare normala delako, baina 18:00etatik goiti, hor bai jendea heldu da anitz, gauerako bestetako txartel bereziak behar baitituzte».
Biek egunez egiten dute lan, eta arrastirian lekua uzten diete gaueko txanda duten lankideei. «Egunez jendeak biziki goxoak dira, egoki portatzen dira. Izatekotan, gauetan izan daiteke pixka bat pisuago, baina orain arte ez da arazo berezirik izan». Zehaztu dute gehien-gehienik saltzen dutena «besten garai osorako eskumuturrekoa» dela; ez bestetara sartzeko eskumuturrekoa, baizik eta bestetako autobus sarea erabiltzekoa. «Eta, gero, egunez eguneko autobus txartelak ere saltzen ditugu».
Eguneko txartelak 8 euroan saltzen dituzte, eta horrekin nahi bezainbat aldiz hartu daiteke autobusa, egun eta gau banaz. Halere, jendeen gehiengoak birritan baizik ez du hartzen, bestetara joan eta gero etxera sartzeko; orduan, jende horiendako 8 eurokoa da bestetarako joan-etorria. Beste aukera asteburuko txartela erostea da, eta hori 20 euroan saltzen dute.
Dena den, Euskaldunen plazako azken joan-etorriak dira oraingoak, bestak gaur bukatuko baitira; bestazaleek etxeko bidea hartuko duten bezala, hiriak lasaitasuna hartuko du berriz laster.