EHUko ikerlaria

Unai Sertutxa: «Beste modu batera hasi behar dugu: eukaliptoenak landaketak dira, ez basoak»

Eukaliptoek hegazti komunitateei nola eragiten dien ikertu du Sertutxak. Ondorioa: espezie gutxiago bizi direla sail horietan. Gomendioa: birplanteatu behar dela eukaliptoaren erabilera. Aldarria: bertako basoa zaindu behar dela.

Unai Sertutxa, eukaliptoz inguratuta, joan den astelehenean, Leioan. JON URBE / FOKU
Unai Sertutxa, eukaliptoz inguratuta, joan den astelehenean, Leioan. JON URBE / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailak egindakoa da ikerketa, eta Unai Sertutxaren (Galdakao, Bizkaia, 1997) doktore tesiaren atal bat jasotzen du. Eukalipto landaketak izan dituzte ikergai, eta ohartu dira pobreak direla hegaztiei dagokienez (ere), eta pobretu egiten dituztela inguruak (ere). Bertako basoaren aldarri bihurtu da ikerketa.

Eukalipto baso baten erdian jarri, eta zer entzuten da?

Lehenengo eta behin, eta hauxe zabaldu nahi dugu apurka-apurka gure ikertaldetik: kontzeptuak beste modu batera erabiltzen hasi behar dugu. Eukaliptoz osatutako horiek landaketak dira, ez dira basoak. Nahi dugu jendeak ulertzea zer den landaketa bat, eta zer den baso bat. Gari landaketa bati belardi deitzen ez diogun moduan, eukalipto landaketa bati ere baso ez deitzea. Basoak baso naturalak lirateke, funtzio asko dituztenak, ziklo konplexuak dituztenak, ekosistemaren barruan hartu-eman eta elkarreragin asko dituztenak. Landaketak besterik dira: zuhaitzen landaketak dira, eta bertan gertatzen diren funtzioak eta zikloak ezberdinak dira, gero zuhaitz horiek moztu egiten dituztelako. Sailkapen hori egitea garrantzitsua da halakoak idazteko orduan.

Beraz, «eukalipto landaketa» baten erdian jarri, eta zer entzuten da? 

Berez, toki guztietan entzuten da txoriren bat. Eukalipto landaketetan agertzen direnak jeneralistagoak dira: txantxangorriak, txepetxak... Horiei berdintsu zaie zer baso edo landaketa motatan dauden. Kasu honetan, zer entzuten den baino garrantzitsuagoa da zenbatena entzuten den. Alegia, eukalipto sail batean txori gutxi entzuten dira: espezie gutxi, eta indibiduo gutxi. Baso natural batean, agian espezie bertsuak entzungo ditugu, baina indibiduo askoz gehiago. Hori da ezberdintasun nagusia.

Eukalipto landaketa zer da, inguru aseptiko bat?

Bai, nolabait. Aztertu dugu sail horien landaredia, eta ikusi dugu askoz landare gutxiago daudela. Eukalipto landaketa baten barruan zaudenean, igartzen duzu hezetasun gutxiago dagoela, bero handixeago ere bai, eta ingurua lehorragoa dela. Horrek guztiak eragina du. Mikroklima batean egotea bezala da. Eta hegaztiek ere nahiago dute beste toki batzuetan egon, hor egon baino.

Eukaliptoek hegazti komunitateei eragiten dieten «kostu ekologikoa» aztertu duzue. Zer da hori?

Guk ekosistema osoa aztertu dugu. Hori da ekologia: oikos (etxea) eta logos (azterketa). Etxea aztertzen duen zientzia. Eta kasu honetan, etxeak basoak edo landaketak lirateke... Guk aztertu dugu eukalipto sailek hegazti komunitate osoan zer eragin duten; hortik dator kostu hitza. Ikusi dugulako eukalipto landaketa horietan hegazti gutxiago daudela, espezie gutxiago daudela, eta ez hori bakarrik.

«Basogintza kudeatzeko moduak eta moduak daude, eta espeziea aukeratzea kudeatzeko modu bat da»

Zer gehiago? 

Eukalipto landaketa horiek eragina duela inguruetan. Baso bat eukalipto landaketez inguratuta badago, baso horrek ere hegazti dibertsitate txikiagoa izango du. 

Non egin duzue landa lana? 

Bizkaian aritu gara, bertan dagoelako eukalipto landaketa gehien: EAEko %88. Kostaldean dago gehiago, han hasi zirelako landatzen, batez ere, Eucalyptus globulus espeziea. Baina barrualderago ere landatzen da gaur egun, batez ere, Eucalyptus nitens espeziea, izozteei aurre egiteko gai delako.

Baina landatu daiteke oraindik eukaliptoa? 

Luzamendu bat egon zen, eta debekatuta egon da azken hiru urteotan, baina abenduan amaituko da luzamendua. Ikusi beharko da 2026tik aurrera zer erabaki hartzen diren eukaliptoaren kudeaketari buruz, eta landaketei buruz. Baimenduko ote duten landaketa berriak egitea, eta eutsiko ote dieten lehendik dauden landaketei eukalipto landaketa eremu gisa.

Ikerketaren ondorioak ikusita, zuek oso garbi daukazue erantzuna.

Gure gomendioa da birplanteatu egin beharko litzatekeela basogintzan eukaliptoa erabiltzeko hautua. Ezin dugu besterik egin: gomendatu. Espero dugu eragitea, eta jendeak kontuan hartzea. Guk zera diogu: beste bide batzuk bilatu behar direla. Badakigu landaketak egon behar direla, bizi garen sisteman egur asko behar dugulako, baina basogintza kudeatzeko moduak eta moduak daude, eta espeziea aukeratzea kudeatzeko modu bat da. Eta ikusi dugu eukaliptoa aukeratzeak duen eragina izugarria dela. Bertako espezieen alde egitea gomendatzen dugu. Eta ikusi dugu, pinuarekin ere, ongi kudeatuta, emaitza egokiak lor daitezkeela.

Hegaztien ikuspuntutik ere bai? 

Landaketak eta baso naturalak konparatzen baditugu, badakigu baso naturalek biodibertsitate handiagoa izango dutela. Baina ikusi dugu pinu landaketek ez dituztela horren eragin negatiboak. Eta hori kontuan hartzekoa da. Ohartu gara, baso espezieei dagokionez, baso naturalen eta pinu landaketen arteko aldea ez dela horren esanguratsua. Pinu landaketetan ere espezie basotarrak agertzen direla, alegia.

Zeintzuk? 

Pinu kaskabeltza, erregetxoa, gerri txoria... Gurean oso ohikoak diren espezieak dira, eta pinu landaketetan agertzen dira, landaketa horietan haziz joaten den landaretza bertako basoen oso antzekoa bihurtzen delako.

Eukaliptoa ikertzen hasi, eta baso naturalen aldeko aldarriarekin amaitu duzue. 

Konturatu garelako baso natural horiek balio dutela ez bakarrik espezie basotarrak babesteko, baizik eta basoetatik kanpo bizi direnak ere babesteko. Azkenean, beti hemen egon dena da hemengo espezieentzat onuragarriena. Eta agian serioago planteatu beharko genuke baso autoktono horiek berreskuratzea eta daudenak hobeto zaintzea. Dauzkagun basoen degradazioa ere handia baita.

LOTSABAKO

Gustuko duzun hegazti bat?
Garrapoa.

Zuhaitz bat?
Haltza.

Baso bat?
Pepeto. Galdakaoko baso gazte eta txiki bat da. Etxekoa. Han egon naiz gehien. Ea gehiago hazteko aukera daukan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.