Euskal Herrian eukaliptoek hartzen duten eremua 1980ko hamarkadan halako hiru baino handiagoa da orain. Kanpoko zuhaitz hori azkar hazten da; beraz, egokia da basogintzaren sektorearentzat. Albo ondorio nabarmenak ere baditu, baina, eukaliptoen zabalkundeak; hain zuzen ere, EHUko lau ikertzailek ondorioztatu dute eukalipto basoetan bestelakoetan baino hegazti gutxiago bizi direla. Bizkaian egin dute ikerketa, eukaliptoa zabalduen dagoen Euskal Herriko herrialdean; EAEko basoen 2024ko maparen arabera, Bizkaiko basoen %17,36 hartzen du. Gipuzkoan %1, eta Araban %1,06.
Unai Sertutxa, Ibone Ametzaga, Lorena Peña eta Unai Ortega zientzialariek egin dute ikerketa, eta, azaldu dutenez, habitat gisa basoak dituzten hegaztiek baldintza «jakin eta aparteko» batzuk behar dituzte bizirauteko; eukaliptoak nagusi diren eremuetan ezin dute bizirik iraun. Orokorrean, bertako espezieez osatutako basoekin alderatuta, pinudietan eta eukalipto basoetan —basogintzarako erabilienak— landaredia gutxiago dago, eukaliptoen inguruan bereziki, eta horren ondorioz hegazti gutxiago bizi dira eremu horietan. «Baso autoktonoekin alderatuta, pinu eta eukalipto plantazioek ez dute zerikusirik basoaren konposizio begetalarekin, basoaren egiturarekin, lurraren ezaugarriekin eta hildako egurraren kantitate eta kalitatearekin. Faktore horiek garrantzitsuak dira, baldintzatu egiten baitituzte hegaztien presentzia eta hegazti kopurua».

Zehazki, eragin horiek eukalipto plantazioetan areagotu egiten direla nabarmendu dute ikertzaileek: «Eukaliptoak dauden eremuetan, non baso kudeaketa intentsiboa den, aldatu egiten dira lurraren ezaugarriak, uraren eskuragarritasuna, landare espezieen dibertsitatea eta hegaztien komunitateak. Pinua kendu eta eukaliptoa landatzeak biodibertsitatearen galera ekarri du». Izan ere, gogorarazi dute hegazti asko landarediaren mende bizi direla funtsezkoa baita haien ugalketarako, eta nabarmendu dute landare espezie asko dituzten ekosistemek hegazti dibertsitate handiagoa dutela. Garrapo eurasiarra —Sitta europaea— aipatu dute adibide gisa: «Sitta europaea bezalako espezieek baso helduak behar dituzte habiak egiteko, zuhaitz handi eta zaharrak dituztenak, eta horrelakorik ez dago eukalipto plantazioetan».
Ikerketan, 31 espezie ezberdinetako 1.000 hegazti baino gehiago aztertu dituzte —basoetan bizi diren 14 espezietako 507 ale eta basoetan bizi ez diren 17 espezietako 549 ale—, eta orokorrean ikusi dute basoetako hegaztien aberastasuna nahiko handia dela baso autoktonoetan eta pinudietan —4,35ekoa da tokiko basoetan, eta 4,5ekoa pinudietan—, eta txikia eukalipto plantazioetan —2,6koa—. Basoetan bizi ez diren hegazti espezieen kasuan, berriz, aberastasun handiena baso autoktonoek dute (4,6), pinudiek txikiagoa (3,55), eta are txikiagoa eukalipto basoek (2,95). Tokiko espezieez osatutako basoetan 28 hegazti espezie topatu dituzte, 21 pinudietan, eta hamabost eukalipto plantazioetan.
Gauzak hala, ikertzaileek ondorioztatu dute baso autoktonoak funtsezkoak direla hegazti komunitateen iraupenerako; hau da, «ordezkaezinak» direla: «Gure ikerketak indartu egiten du eukalipto plantazioak mugatzeko eskatzen duen aldarria, baita biodibertsitatea hobetzen duten baso ekosistemak bultzatzeko eskaria ere», hala amaitu dute ondorioen zatia.
Espezie aldaketa, irabaziak babesteko
Pinua zen duela gutxira arte basogintza sektoreak gehien erabiltzen zuen zuhaitza, baina, ikertzaileek azaldu duten moduan, azken urteetan zabaltzen ari dira espezie horri eragiten dioten izurriteak. Hori dela eta, hedatu egin dira eukalipto plantazioak, Bizkaian bereziki; izan ere, azkarrago hazten dira, eta «ezohiko irabazi tasak» ematen dituzte. Eukaliptoak landatzean, gainera, bertako espezieez osatutako basoen kaltean landatu dira, gutxitu egin baita tokiko zuhaiztien eremua.
Bizkaian daude Euskal Herriko eukalipto baso ia gehienak, eta 2022tik 2025 amaiera arte debekatuta dago espezie horretako zuhaitz gehiago landatzea. Hala ere, hainbat elkarte ekologistari ez zaie debeku hori gustatu; alde batetik, epea laburregia dela uste dute —hamarkada amaiera arte luzatzea eskatu dute—; bestetik, uste dute debekua ez dela ingurumena zaintzeko ezarri, baizik eta eukaliptoaren hazkundeak basogintzaren sektorean sortutako kezkari erantzuteko. Izan ere, aipatu bezala, pinudiak eta bestelako koniferoak zeuden leku batzuetan eukaliptoak landatu dituzte azken urteetan, eta horrek eragina izan du pinu egurraren balio katean.
Hala ere, bestelako bide batzuk ere urratu izan dira. Ekologistek Nafarroako adibidea aipatu zuten; izan ere, izurriteek kaltetutako konifero plantazioetan eukaliptoak landatu ordez, bertako espezie batzuk landatu dituzte herrialdeko leku batzuetan —gaztainondoak, urkiak, haritzak eta abar—.