Liburuaren idazlea

Alaine Rey Tizon: «Beti gustatu izan zait jendeak barruan duen hori arakatzea»

Psikologian eta Kriminologian lizentziatua da Rey, eta thriller psikologiko bat idatzi du. Uste du iraganak eta izandako bizipenek eragina dutela norberaren nortasunean.

Alaine Rey Tizon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaine Rey Tizon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
ane insausti barandiaran
Beasain
2026ko urriaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Idaztea ihesbide bat da Alaine Rey Tizonentzat (Ordizia, Gipuzkoa, 1981); halaxe izan da beti. Psikologian eta Kriminologian lizentziatua da, eta Osasun Psikologia Orokorreko masterra amaitzen ari da. Beti gustatu izan zaio pertsonen jokabideak eta izaera ulertzea, eta hori islatzen saiatu da argitaratu duen thriller psikologikoan: El eco de los inocentes.

Ezin zen beste genero bateko lana izan? Nahitaez izan behar zuen thriller psikologiko bat?

Bai, azken batean, hori irakurtzea gustatzen zait, eta pertsonen jokabideak behatzea ere bai: norberak duen alde ilun hori. Beraz, ezin zitekeen bestela izan, ez. 

Ane Aranburu da protagonista. Krimen baten ondorioz, Donostiara itzuliko da, bere buruari zin egin zion arren ez zela sekula ere itzuliko. Zergatik?

Polizia zen hasieran, baina, bizitzako arrazoi batzuen ondorioz, mundu horretatik desagertu zen, aurretik zeukan bizitzatik ezkutatzeko. Baina krimen batzuk gertatuko dira, zeintzuek lotura izango duten krimen zahar batzuekin, eta Donostiara itzuliko da. Krimen berriak eta istorio pertsonalak gurutzatzen dira, Ane itzularazten dutenak, sendatu gabeko zauriak baitaude tartean.

«Sekretu batzuk ez dira inoiz itzaltzen», diozu azalean. Sekretuen bila joango da?

Hura ez dator sekretu horiek argitzera. Dena oso argi dauka, baina, eleberrian aurrera egin ahala, deskubrituko du dena ez dela uste zuen bezalakoa, eta askoz ere sekretu gehiago daudela.

«Krimenak morbo bihurtu ditugu, eta sentsibilitate oso gutxi dago gai horiek tratatzeko moduan»

Zer garrantzi du iraganak pertsona baten garapenean?

Iraganak egiten gaitu garen modukoak. Denok markatzen gaituzte izan ditugun bizipenek, edo bizitzan gertatu zaizkigun gauzek. Anek bizipen jakin batzuk izan ditu, orain bizitzako beste puntu batean dago, eta aurre egin beharko dio bere garaian bizi behar izan zuen horri guztiari.

Zure ikasketek nobelan eragin handia izan dutela diozu. Zertan nabarituko da hori?

Istorioan baino gehiago —istorioan irudimenak bere bidea egiten baitu—, pertsonaien garapenean izan du eragina. Ez nuen nahi Ane edozein pertsonaia izan zedin. Irakurleak harekin enpatia senti zezan nahi nuen, haren lekuan jar zedin eta uler zezan zergatik den den bezalakoa.

Barne mundu horretan arakatzeko?

Bai, beti gustatu izan zait jendearen buruan dagoen hori arakatzea. Jakitea nola pentsatzen duten, egoera jakin batzuetan zergatik jokatzen dugun jokatzen dugun moduan, zerk markatzen gaituen... Eta gero, zein den alde ilun hori, kriminologiak azaltzen duena. Beti interesatu zait, beti eman dit atentzioa ikusteak zergatik den jendea emozionalki hain gogorra, edo zergatik dagoen krimenak egiteko gai den jendea.

Azken urteetan asko ugaritu dira krimenei buruzko edukiak: podcastak, dokumentalak... Horiek morboz lantzeko joera dago? 

Bai, erabat. Azken batean, krimenak morbo bihurtu ditugu, eta orain, telebistan halako albiste bat ateratzen denean, ohituagoak gaude horrelakoak entzutera, eta sentsibilitate gutxiago dago horiek tratatzeko moduan. Lehenago, batez ere ni umea nintzenean, kontu horiei buruz ez zen horrenbeste hitz egiten: Alcasserko kasua gertatu zenean [1990eko urteen hasieran, Valentziako herri horretako hiru nerabe bahitu eta hil zituzten], eta abar. Gaur egun, berriz, oso hotz bizi ditugu halakoak.

Zer begirada eman nahi diozu zuk?

Gizatasun handiagoa eman nahi izan diot. Batez ere Aneren ikuspuntuan, lehen poliziaren begiradatik ikusten baitzituen gauzak, eta orain, berriz, beste begirada batetik: pertsona baten eta ama baten ikuspegitik, batez ere. Eta hor badago diferentzia, zerbait ikertzeko edo zenbait gauza kontuan hartzeko orduan.

Zeure kabuz argitaratu duzu liburua. Zer zailtasun izan dituzu?

Ideala litzateke liburua argitaratuko dizun norbait aurkitzea, sustapena haren esku uztea, liburuak sinatzeko saioak antolatzea... [barrez]. Baina bueno, helburua argitaratzea bera zen, liburua kaxoi batean ez geratzea, eta jendeak idazten duzun hori irakurtzeko aukera izatea. Orain autoargitalpena boladan dagoenez, kuxkuxean aritu nintzen, eta topatu nuen modua liburu hori jendearengana irits zedin.

Zer harrera izan du orain arte?

Ona. Ez nuen halakorik espero. Liburua erosi duen herriko jende askok bigarren zatia idazteko eskatu dit, edo zoriontzera gerturatu zaizkit... Kritika ona izaten ari da; alde horretatik, oso pozik nago.

Eta izango du bigarren zatirik?

Agian bai, aurrera begira. Baina horretarako denbora hartu beharko dut. Egunerokoan ez baitago denbora askorik. Baina gustatuko litzaidake, bai. 

LOTSABAKO

Liburu bat?
Gabriel Garcia Marquezen Heriotza iragarritako baten kronika.

Idazle bat?
Eva Garcia Saenz de Urturi.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA