Agorrijazz jaialdiak leku finko bat lortu du Plentziako (Bizkaia) agendan. Bihartik aurrera, jazzarekin zerikusia duten hainbat estilotako kontzertuak izango dira, baita dantza jarduerak eta tokiko eszenari lotutako proposamenak ere. Festibalaren agertoki nagusia Astillero plaza izango da, baina Eliza plazan ere izango da ekitaldirik. Jazza izango da nagusi Plentzian larunbatera arte, eta sarrera doakoa izango da.Â
Aurtengo edizioko programazioa ostiralean hasiko da, 18:00etan: lindy hop eta solo jazz tailerrak izango dira, Swing Side Bilbao taldeak gidaturik. Jazzaren historia sozialarekin loturarik estuena duten alderdietako bat aztertuko dute bereziki: swing dantzak. Lindy hop-a Harlemgo (New York, AEB) jazz eszenaren testuinguruan sortu zen diziplina da, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, eta bikote dantza du ezaugarri gisa; solo jazzak, berriz, aukera ematen du tradizio horri dagozkion urratsak eta mugimenduak banaka lantzeko, besteak beste.
Dantzatzeko doinuak
Dantzan jarraitzeko, 19:00etarako dantza soziala antolatu dute; horrela, dantzaren bitartez jendearen parte hartzea sustatzea da helburu nagusia. Swing Side Bilbao swing diziplinetan espezializatutako taldeak gidatuko du tailerra. Dantzan ibili ondoren, kontzertuetan atseden hartzeko aukera izango dute ikusleek. Ostiraleko musika programazioa 20:00etan hasiko da, Nuria Culla musikariaren eskutik; antolatzaileek indie-pop, folk alternatiboa eta jazz elementuak uztartzen dituen kantautore gisa aurkezten dute.
Eguneko bigarren kontzertua 22:00etan hasiko da: Sensei Music Ensemble taldeak joko du. Taldeak Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko musika doinuak biltzen ditu, jazz, swing, folk eta pop elementuekin batuz. Beraz, tradizioaren eta hainbat estiloren arteko nahasketa izango du oinarri nagusia.
Lehen gaua jazza interpretatzeko zenbait modu entzun ondoren amaituko da, baina larunbatean jarraituko du, egitarau zabal batez. Ostiralean bezala Agorrijazzeko bigarren egunean, ekitaldi gehienak Astilleron batuko dira berriro.
Musika eskariarekin hasteko, Miriam Lujua musikaria igoko da agertokira 20:00etan. Musikaria jazzaren, poparen eta soularen arteko nahasketekin jolasean ibiltzen da gehienetan. Jaialdiak adierazi du «hurbileko» eta «benetako» proposamena dela Lujuaren emanaldia, eta horregatik bat egiten duela Agorrijazzen aurtengo programazio ildoarekin; izan ere, gaur egungo beste genero musikal batzuekin elkartzen du jazza.
Jaialdiko azken kontzertua 22:00etan izango da: Erromintxelak taldeari esker. Taldeak swing akustikoa egiten du batez ere, euskaraz, eta zuzenekoaren erritmoa eta energia dute ezaugarri nagusi.