Hainbat mende iraganera bidaiatuko dute Erriberrin (Nafarroa) datozen egunetan. Herria zaldunez eta juglarez beteko da. Erdi Aroko musikak girotuko ditu kaleak. Garai bateko ohiturak, tradizioak eta bizimoduak bereganatuko dituzte lau egunez, denboraren makina batean bidaiatu izan balute bezala. Bihartik igandera, Erdi Aroko 31. Jaialdia eginen dute Erriberrin, eta adin guztietako herritarrentzako jarduerak antolatu dituzte.
Egitarau zabala prestatu dute; jarduera gehienak asteburuan egingo dituzte, baina bihar eta etzi ere egongo da zer ikusi. Bihar Karlos III.aren ondarea Erriberrin hitzaldia emango du Javier Corcin historialariak, 19:30ean. Horren ostean, Los Cadalzos antzerki taldeak Historiaren ministerioa antzezlana eskainiko du. Bi jarduerak Erriberriko jauregian izanen dira, eta, lekua mugatua denez, aurrez izena eman behar da udaletxean.
Ostiralean beste hitzaldi bat emanen dute. Historiari erreparatu beharrean, arkitekturari so egingo diote etzi. Aitor Iriarte arkitektoak Karlos III.a erregearen urrezko jauregiak hitzaldia emango du Erriberriko jauregian, 20:00etan. Horretarako ere aurrez izena eman beharra dago.
Kalejira XV. mendean
Larunbatean ekingo diote egitarau nagusiari. 11:00etan, herritarrak XV. mendera eramango dituen pregoia irakurriko dute, eta, segituan, kalejiran aterako dira, Erdi Aroko danborrek lagunduta. 11:30ean, La Rueda enparantzan, garai hartako arropa tradizionalekin jantziko dute zalduna, eta orduan zer-nolako armagintza zuten eta gerrarako nolako osagarriak erabiltzen zituzten azalduko dute. Ondoren, zaldunek borroka eginen dute plaza berean. Haurrentzako Erdi Aroko musikaren tailer bat egonen da gero, 12:30ean. 13:00etan, arku tiroan aritzen ikasteko aukera egonen da, eta, ordu berean, bisita gidatua eginen dute Andre Maria Erreginaren elizara. Goiz osoan, 11:00etan hasita, antzinako azoka egonen da, musikak, ipuinek eta hainbat artistak girotuta.
Arratsaldez, 19:00etan, zirku eskola eginen dute Karlos III.a noblearen enparantzan. 19:30ean, bi jarduera egonen dira: alde batetik, ibilbide antzeztua Erriberriko lekurik nabarmenenak ezagutzeko, eta, beste alde batetik, Emilio Arias eta Javier Corcinen kontzertua, Andre Maria Erreginaren elizan. Ibilbidean parte hartzeko, 20 euroko sarrera ordaindu beharko da, eta aurrez eskuratu beharko da. 21:00etan, Danzas Txibiri dantza taldeak Erdi Aroko dantzen erakustaldia eginen du, eta 22:00etan su ikuskizuna eginen dute. Eguna amaitzeko, udaletxeko fatxada argiztatuko dute Karlos III.a Noblearen heriotzaren 600. urteurrena omentzeko.
Azken urteetan egin duten bezala, aurten ere jaialdiaren argazki lehiaketa antolatu dute. Gehienez bost argazki bidal daitezke.
Igandean, larunbateko jarduera batzuk berriz egingo dituzte, galdu zituztenek parte hartzeko beste aukera izan dezaten. Horrez gain, 11:30ean, ipuin kontalari bat izanen da La Rueda enparantzan. 17:00etatik 19:00etara trikimakoetan ibiltzeko tailerra eginen dute. Gainera, egun osoan, garai hartako artisautza ogibideak ikusteko aukera egonen da herrian: zeramika edo saskigintza, esaterako.
Azken urteetan egin duten bezala, aurten ere jaialdiaren argazki lehiaketa antolatu dute. Lau egunetan argazki kamera soinean daramanak eta argazkiak ateratzen dituenak lehiaketan parte hartzeko aukera izanen du. Gehienez bost argazki bidal daitezke, eta irailaren 1a baino lehen entregatu beharko dira. Sarituak urriaren 10ean iragarriko dituzte, eta hiru sari emanen dituzte.
Urteak igaro ahala, tradizio bilakatu da Erriberriko Erdi Aroko jaialdia; herrikoentzat, eta baita kanpoko bisitarientzat ere. 1994. urtean egin zuten lehen aldiz, Karlos IV.a Vianako printzearen eta Ines Klevekoaren ezkontzaren 555. urteurrena ospatzeko. Egun, erakargarritasun turistiko garrantzitsua da herriarentzat.