Inoiz ez da berandu igerilekura salto egiteko. Horixe bera pentsatu zuten Iruñeko Mariburruntzi Sinkro Taldeko emakumeek 2010ean, eta igeriketa artistikoa probatzea erabaki. Geroztik, urteak daramatzate ura, dantza eta umorea nahasten, eta kirolak adinarekin zerikusirik ez duela erakusten. Izan ere, taldeko kide Anita Bonhommek eta Irene Aldabek adierazi dute «ehun urte bete arte» ez dutela asmorik bainujantzia baztertzeko. Taldekideek 25 eta 63 urte bitarte dituzte, eta udan zilarrezko bi domina eta brontzezko bat irabazi dituzte Bratislavako Europako Txapelketan.
Nola sortu zen Mariburruntzi Sinkro Taldea?
ANITA BONHOMME: Txikiak ginenean, Iruñean ez zegoen ez igeriketa artistikorik eta ez saltorik. Hortaz, igeriketa egiten genuen, eta handik urte batzuetara, 2010ean, gutako batek Isis Minguez ikusi zuen igerilekuan klaseak ematen, eta galdetu zion ea interesatuko litzaiokeen helduen talde bati igeriketa artistikoko eskolak ematea; eta baietz erran zuen.
IRENE ALDABE: Denak igerilari ohiak izanda, anitz kontrolatzen genuen ura, baina gauza berriak probatu nahi genituen, eta ikasteko gogoa genuen. Eta, azken finean, ganberro hutsak gara.
Igeriketa egin izanak, beraz, lagundu dizue?
BONHOMME: Argi dago gako batzuk eman dizkigula. Dena dela, uste genuen anitzez gehiago erraztuko zigula bidea. Igeriketa artistikoak teknika eta gorputz kontrola eskatzen ditu.
ALDABE: Hasieran ito egiten ginen, baina arras dibertigarriak ziren entrenamenduak. Ordutik anitz entrenatu eta ikasi dugu, eta talde polita osatu dugu. Familia bat gara.
Zergatik erabaki zenuten talde gisa lehiatzen hastea?
BONHOMME: Castellon [Herrialde Katalanak] beteranoentzat txapelketa ireki bat zegoela jakin genuen, eta joan egin ginen, erronka gisa. Han erran ziguten Espainian ez dagoela beteranoentzako txapelketarik, baina Europako Txapelketa eta mundukoa badirela. Hortaz, begiratzen hasi ginen zein ziren ekonomikoki egingarriak eta nahiko hurbil zeudenak.
Eta, horrela, Eindhovengo Europako Txapelketa aurkitu zenuten 2013an, Herbehereetan izan zena. Nolako oroitzapena duzue?
BONHOMME: Lehen aldia izan zen adineko emakumeen talde gehiago ikusi genituena, eta izugarria iruditu zitzaigun, konturatu baikinen ez ginela zoro bakarrak. Bertzalde, lehiaketa batek dakarren guztia berriz bizi ahal izan genuen. Txikiak ginelarik baino anitzez ere kontzienteagoak gara orain, eta gehiago gozatu dugu. Bueno, igeriketarekin ni ez nintzen inoiz Europako txapelketa batera ailegatu.

Gainera, ez da bakarra izan. Horren ondoren, Londresen eta Erroman izandako Europako txapelketetan aritu zarete, eta Budapesten eta Kyushun izandako munduko txapelketetan. Aurtengo udan, berriz, Bratislavan izan zarete, ezta?
BONHOMME: Bai, hiria izugarri gustatu zitzaigun, eta lagunekin udalekuetan geundela zirudien. Bitxikeria gisa, aurten lehen aldiz, mutilez bakarrik osatutako taldeak ikusi ditugu. Horrez gain, kirolari gazte anitz eta txikitatik igeriketa artistikoan aritutako anitz joan dira, eta maila handia erakutsi dute.
ALDABE: Lolak [Sarriguren] eta Laurak [Garde] brontzea lortu zuten bikoteko ariketa teknikoan; zortziko taldeak, berriz, zilarrezko domina bat irabazi genuen ariketa teknikoan, eta bertze bat ariketa librean. Dominak primeran daude, baina ez ginen irabazteko presioarekin joan. Gure helburua jendea ikustea zen, bidaiaz gozatzea eta puntuazioak hobetzea.
«Dominak primeran daude, baina ez ginen irabazteko presioarekin joan. Gure helburua jendea ikustea zen, bidaiaz gozatzea eta puntuazioak hobetzea»
IRENE ALDABE Mariburruntzi Sinkro Taldeko kidea
Azken horretan zerikusirik izanen zuen zuen entrenatzaileak, ezta?
ALDABE: Lan garrantzitsua egiten du Isis Minguezek. Adinagatik, gure alaba izan zitekeen, baina kasu egin behar zaio, hura baita aditua.
BONHOMME: Gure lokarria da. Pena da harekin astean behin bakarrik elkartu ahal izatea. Gainontzeko egunetan geure kabuz entrenatzen gara Etxabakoitzeko klubean; astelehenetik ortziralera, 08:00etan.
2023an, Iñaki Alforja zinemagilearen El vuelo de las libélulas (Burruntzien hegaldia) dokumentaleko protagonistak izan zineten. Zer moduzko esperientzia izan zen?
ALDABE: Iñakik magia egiten du kamerarekin, eta berezi sentiarazten zaitu. Dokumentalaren helburuetako bat gure jarduna ikusaraztea zen, eta, hain zuzen, Iberdrolak emakume kirolariei ematen dien saria jaso genuen dokumentalari esker. Diru horrekin, Japoniako Munduko Txapelketara joateko aukera izan genuen.
Horrelako txapelketetan parte hartzea ez da batere merkea, ezta?
BONHOMME: Babesleak lortu behar ditugu; bertzela, pentsaezina da. Izan ere, lizentziak, bidaiak eta den-dena guk ordaindu behar dugu, Nafarroako Gobernuak ez baitu beteranoen kategorian diru laguntzarik ematen. Ez gara deusen eredu, baina uste dut bidea irekitzen ari garela taldeko kirolak egin nahi dituzten emakume helduentzat.
«Lizentziak, bidaiak eta den-dena guk ordaindu behar dugu, Nafarroako Gobernuak ez baitu diru laguntzarik ematen beteranoen kategorian»
ANITA BONHOMME Mariburruntzi Sinkro Taldeko kidea
Zer erranen zeniekete parte hartu nahiko luketen baina ausartzen ez diren emakumeei?
BONHOMME: Mugitu zaitezte, ziur zuen inguruan badagoela igeriketa artistikoa egin nahi duen jendea. Jendeak kirol zaila dela uste du, eta hala da, baina hutsetik has zaitezke.
Zertan egiten dizue mesede adinak, eta zertan ez?
ALDABE: Niretzat zailena pauso guztiez gogoratzea da. Urteek, bertzalde, lasaitasuna eman didate, ez dudalako deus ere jokoan.
BONHOMME: Nik apneekin egiten dut amets, asmatikoa bainaiz. Memoriarekin, berriz, momentuz fin nabil, eta diziplina lortu dut. Gimnasiora noanean eta gehiago egin nahi ez dudanean, adibidez, igeriketa artistikoan pentsatzen dut: dantza baten erdian egonen banintz, jarraitu eginen nuke. Bada, hemen ere bai.
Baduzue oraindik bete gabeko ametsik?
BONHOMME: Gure ametsa azken kategoriaraino iritsi eta 66 urtetik ehun urtera arte entrenatzen jarraitzea da. Ziur nago urrezko domina ehun urte betetzen ditugunean iritsiko dela.
LOTSABAKO
Figurarik zailena?
BIEK: Barrakuda.Ura hotza ala epela?
ALDABE: Igerilekuan hotza, eta dutxan beroa.Txapelketarik kutunena?
BONHOMME: Japoniakoa. ALDABE: Eindhovengoa.