Norbaitek bidea urratu duela esaten dutenean, metaforikoki jardun ohi dira; bere alorrean aitzindari izan denez gerora etorritakoen erreferente bihurtu dela, alegia. Halaber, bidea urratzea literalagoa ere izan daiteke: batetik bestera bidez bide ibiltzea ere bada. Eta badago bide urratzaile bi zentzutan izatea; Helene eta Blanche Feillet ahizpa ilustratzaileak adibide bikainak dira. Zentzu literalean, Baionatik abiatu eta Bilboraino joan ziren behin baino gehiagotan, bidean geldituz, helburu jakin batekin:Â euskal paisaiak eta ohiturak marraztea, Euskal Herrian egin zituzten lehenengo gida turistikoak ilustratzeko. Eta zentzu metaforikoan ere bai: Euskal Herriko lehenengo emakumezko ilustratzailetzat jotzen dituzte.
«Feillet ahizpek asko bidaiatu zuten, eta ilustrazioan lan egin ahal izatea ere bada bidaia bat, prozesu bat. Adimen artifizialarekin ematen du ezagutza, prozesuak eta hutsak traba direla, eta guk uste dugu garrantzitsuak direla, gehien errepikatzen dituzun hutsek osatzen dutelako zure estiloa. Gainera, hutsei esker hainbat irtenbide bilatzen ditugu, eta ikasketa prozesu bat da», nabarmendu du Kike Infame artistak. Ilustrazioaren Egunaren harira, Euskal Irudigileen Elkarteak bigarrenez erakusketa bat antolatu du, ilustrazioa eta ilustratzaileen lana plazara ateratzeko; Infame da komisarioa. Erakusketak bi atal ditu: euskal ilustrazioa oro har lantzen duen bat, eta erreferentetzat jotzen duten marrazkilariren baten atzera-begirakoa; Feillet ahizpak ekarri dituzte hizpidera aurten, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko (Gipuzkoa) Mikel Alberdiren eta Baionako Euskal Museoaren laguntzarekin.

Infamek nabarmendu duenez, Helene eta Blanche Feillet baziren nor XIX. mendeko marrazkilaritzan: «Emakumezko marrazkilariek arte giroan leku gutxi zuten garai hartan, bazuten prestigioa eta izena». Esaterako, Madrilgo El Artista aldizkariak Helene Feilleti bost litografia eskatu zizkion; Jose de Espronceda idazleak La canciĂ³n del pirata estreinakoz argitaratu zuenean, Feilleten litografia batez lagunduta zegoen. Blanche, berriz, Baionako Marrazketa eta Pintura Eskolako zuzendaria ere izan zen.
Ahizpak Parisen jaio ziren, baina Baionan pasatu zuten ia bizi osoa. Arte munduan oso txertatuta zegoen familia batekoak ziren; haien aita, esaterako, litografoa zen. Eta grabatuetan eta litografietan nabarmendu ziren bi ahizpak. Blancheren senarra, Charles Hennebutte, Euskal Herriko lehenengo gida turistikoak argitaratzen hasi zen: Baionatik Bilboraino ibilbideak proposatzen zizkieten turista potentzialei, eta, haiek erakartzeko, Feilet ahizpen marrazkiz josi zituzten gidak.
Marrazkia jolas
«Lekuetara joaten ziren, eta lehenengo arkatzez marrazten zituzten paisaiak. Gero, litografia bihurtzen zituzten; hori zen hobeto erreproduzitzeko modua. Baionatik Bilbora, denetariko marrazkiak egin zituzten: Tolosa, Hondarribia, Donostia, Donibane Lohizune... Jantzi tradizionalak ere jasotzen zituzten marrazkietan, eta hainbat lanbide ere bai», azaldu du Infamek. Beren burua ere marrazten zuten: «Ahizpek marrazkia jolas moduan erabiltzen zuten. Le cacolet, environs de Bayonne marrazkian, turistak astoan eramaten zituzten emakumeen lana erakutsi zuten. Ba, zaldia eramaten ari dena Blanche da, eta eserita daudenak Helene eta Charles dira». Azcoitia et ses environs (Azkoitia eta inguruak) marrazkian gauza bera gertatzen dela uste dute.
Erakusketarako, gaur egungo zenbait ilustratzaileri eskatu diete Feillet ahizpen lana berrinterpretatzeko; tartean da Amaia Hennebutte. «Feillet ahizpen ondorengo zuzena da: belaunaldiak marrazketaren bidez batu dira».