«Jende guztia zain dago, hamahiru urte joan baitira Grand Theft Auto V atera zenetik», dio Brais Vega Donostiako Cex dendako langileak. Aurresalmentako datuek eta trailerren ikustaldiek baieztatzen dute ikusmina. Bihar, azkenean, GTA VI bideojokoan aritzeko aukera izango dute horregatik ehun euro ordaindu dutenek. Baina ehun euro horien truke, jokoaren kutxak ez dakar diskorik edo Blue Rayrik, baizik eta kode bat bideojokoa deskargatzeko. Datu esanguratsu bat ere badu jokoak: 212 giga okupatuko ditu PS5 eta Xbox Series bideokontsoletan.
Musikan, 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990eko hamarkadaren amaieran gertatu zen binilotik CDrako trantsizioa; 2000ko hamarkadan, lehenbizi deskarga eta kontsumo pirataren eraginez, eta audio plataforma digitalen ondorioz gero, CD formatuaren gainbehera iritsi zen. Ikus-entzunezkoetan eta, bereziki, filmetan, 2000ko hamarkadan hartu zion DVDak lekukoa VHSari; eta 2010eko hamarkadaren bigarren partean DVD formatuak beherantz egin zuen nabarmen, streaming plataformen gorakadaren eraginez —pirateriak ere izan zuen sasoi indartsu bat—. Bideojoko berrien eremuan, formatu fisikoak beherantz egin du, eta bide horren erakusle argia da GTA VI. Ados daude denak horretan.
Ibai Aizpurua Zorromorro Studio-ko bideojoko garatzailearen ustez, hainbat arrazoi daude Rockstar Games konpainiak GTA VI formatu fisikoan ez merkaturatzeko. «Jokoak asko pisatuko du, 210 giga, eta, formatu fisikoan saldu nahiko balute ere, Blue Ray disko bat baino gehiago atera beharko lukete». Bestalde, Rockstar Games-ek halako erabakiak hartzeko ahalmena duela nabarmendu du Aizpuruak: «Jende asko dago joko honen zain. Eta, ikusmin erraldoi horrekin, nahi dutena egin dezakete kasik. Nahi duten formatuan, eta nahi duten prezioan». Ehun euroko preziora ez dira iristen gaur egun beste bideojoko berri handiak; merkeagoak dira guztiak. «Aldi berean, eboluzio logiko bat ere badu formatu fisikoa kentzeak. Ordenagailuan, kasurako, aspaldi desagertu ziren formatu fisikoak». Microsoft konpainiak ere albo batera utzia du formatu fisikoa, eta edizio gutxi ateratzen ditu.
Lander Unzueta Game Erauntsia elkarteko komunikazio arduradunak ere ohartarazi du plataforma handi gehienak digitalean ari direla funtzionatzen. Nabarmendu du bideojoko asko saltzen direla digitalean azkeneko urteetan, eta urte luzez ematen ari den aldaketa dela. Sortzaile independenteek ere digitalean banatzen dituzte.
«Analistek diote lehen lau hilabeteetan 40 milioi ale salduko direla. Baina gero datu hori handituz joango da: jokoa online denean, are gehiago»
LANDER UNZUETA Game Erauntsia elkarteko komunikazio arduraduna
Erabiltzaileen artean askotariko iritziak daude, hala ere. Vegak azaldu du asko ez daudela ados GTA VI diskorik gabe argitaratzeko erabakiarekin. «Baina urteak dira diskorik gabeko formatua zabalduz doala. Lehendik ere badaude bideojoko batzuk non kutxan ez dagoen diskorik, baizik eta deskargarako kode bat. Erabiltzaile asko kexu sumatu ditugu GTA VI-ren inguruan, baina ez dute beste erremediorik izango jolastu nahi badute». Eta GTA VI-n jolasteko irrika argi utzi dute datuek.
Aurrekoak, GTA V-ek, 250 milioi ale saldu zituen mundu osoan. Unzuetak iragarri du GTA VI jokoarenganako arreta ez dela istant batean agortuko. «Analistek diote lehen lau hilabeteetan 40 milioi ale salduko direla. Baina gero datu hori handituz joango da; jokoa online denean, are gehiago, zale asko horren zain izango baitira». Vegak aipatu duenez, GTA V jokoak modu kooperatiboan zabaldu zenean lortu zuen arrakasta handia, lagun artean jokatzeko aukera ematen zuelako. «Seigarrena orain erosten dutenek soilik istorioa egin ahalko dute, modu indibidualean. Baina ziur nago aurrerago online bertsioa martxan jartzen denean askoz jende gehiagorengana iritsiko dela». Unzuetak argi du jokoari eduki berriak gaineratuko dizkiotela, eta halakoekin denbora luzean ibiliko direla. Gehigarri batzuengatik erabiltzaileek gehiago ordaindu beharko dutela gogoratu du Vegak.
Marketin kanpaina handia
Rockstar Games konpainiak, bestalde, marketin kanpaina handia jarri du martxan azkeneko hilabeteetan. Lehenagotik ere bai: duela bi urte jarri zuten lehen trailerra Youtuben, eta 300 milioi ikustaldi baino gehiago izan ditu. Netflixekin egindako akordio baten bidez, berriz, abuztuaren 27an bideojokoaren aurrerapen luze bat estreinatu zuten AEBetako plataforma digitalean. Sei orduz izan zuen esklusibotasuna Netflixek, eta, ondotik, Youtuben ere jarri zuten Rockstar Gamesen kanalean. Komunikabide eta sare sozial ugaritan ere zabaldu dira azkeneko egunetan bideojokoaren ingurukoak.
«Diru asko gastatu dute joko honetan. Eta marketinean gastatu dutena sekulakoa izan da. Baina ikusiko da ea errentagarri ateratzen zaien»
BRAIS VEGA Cex dendako saltzailea
Halakorik ezin dute sekula egin bideojoko txikiak egiten dituzten sortzaile independenteek, Aizpuruak azaldu duenez. «Inoiz ez dugu izango erraldoi hauek duten marketin eta publizitate makina». Hala ere, ez luke nahi bideojoko hori gaizki joatea. «Esango nuke GTA VI ondo saltzea denon onerako izango dela. Okerrena izan daiteke jendeak interesa galtzea bideojokoen inguruan. Hau da, eremu edo sektore batean interesa dagoen bitartean, horren osasuna ona da. Eta jokoak porrot egiten badu, guretzat ez da onuragarria izango. Beste arte mota askotan gauza bera gertatzen da».
Marketin kanpaina handietan dirutza gastatzeak ere arriskuak dituela azaldu du Vegak. «Diru asko gastatu dute joko honetan. Eta marketinean gastatu dutena sekulakoa izan da. Baina ikusiko da ea errentagarri ateratzen zaien». Saltzailearen arabera, gerta daiteke erabiltzaile askok bideojoko merkeagoak nahi izatea.
Bideojoko berriak saltzen dituzten dendak, arriskuan
Sonyk eta beste konpainia erraldoi batzuek bideojokoen formatu fisikoari uko egiteak ageriko albo kalteak eta ondorioak ditu sektorearen lan katean. Sonyren hurrengo kontsolak ez duela disko irakurgailurik izango ohartarazi du Unzuetak. Aizpuruak azaldu duenez, kontu bat da jokoaren sortzailea eta softwarea egiten duena. «Baina fabrika batean, jokoa formatu fisikora pasatzean, azalak daude, kutxak, diskoak, biltegiak, banaketa egiten duten langileak, eta denda fisikoak. Hortaz, milaka langilek lanpostua galduko dute. Pena ematen dit». Unzuetaren iritziz, denda fisikoetan oraindik ere joko digitalak salduko dira: «Trantsizio epe bat izango da. Baina denden jabeak galtzaile aterako dira. Gaur egun ere, oso gutxi dira bideojoko berriak saltzeko bakarrik zabalik dauden dendak, eta horiek desagertuz joango dira».
«Formatu fisikoa ez da erabat inoiz desagertuko. Joko zaharrak eta joko txikiak beste formatu batzuetan saltzen dira. Ezagutzen ditut gazte batzuk halako bildumak egiten aritzen direnak»
IBAI AIZPURUA Zorromorro Studio-ko bideojoko garatzailea
Vegak azaldu du Cex dendan bigarren eskuko bideojokoak eta elektronika saltzen dutela, eta haiei ez diela joerak hainbeste eragingo. «Lehen eskuko bideojokoetan espezializatuta dauden dendetan, ordea, Sonyren erabakiak eragin handia izango du. Horregatik iruditzen zait halako dendek elektronikako tresnak eta gailuak ere saltzen ari beharko dutela bizirauteko». Game eta halako dendak denborarekin desagertu egingo direla uste du Unzuetak. Vegaren irudiko, Sonyk bezala, baliteke beste konpainia handiek bide bera hartzea datozen urteetan: epe laburrean, bideojokoen formatu fisikorik ez dute gehiago aterako.

Aizpuruak, bestalde, konpainia handien erabaki hauetan beste zerbait badela ere ohartarazi du: «Formatu fisikoko bigarren eskuko mugimenduaren dirua ez zaie iristen. Eta enpresek dirua lortu nahi dute, nola edo hala». Langileen kontura ere nahi izaten dute halako konpainiek dirua aurreztu. Rockstar Games konpainian animazio programatzaile lanak egiten ditu Nestor Uriarte euskal herritarrak, eta Rockstar Games Workers Union sindikatuko ordezkaria ere bada. «Bideojokoen eta teknologiaren sektorea ez dago batere sindikalizatuta, orain gutxira arte ez geneukan langile izaera edo pentsamolde hori», adierazi zuen Uriartek berriki Game Erauntsiaren elkarrizketa batean.
Erabat desagertu ez, baina bideojokoen formatu fisikoa nabarmen gutxituko dela argi dute sektorean ari direnek. Baina musikazale ugarik biniloak edo CDak maitasunez gorde eta erabiltzen dituzten moduan, bideojokozale askorentzat bitxiak izaten jarraituko dute bideojoko batzuek. «Formatu fisikoa ez da erabat inoiz desagertuko», dio Aizpuruak. «Joko zaharrak eta joko txikiak beste formatu batzuetan saltzen dira. Ezagutzen ditut gazte batzuk halakoen bildumak egiten aritzen direnak. Iruditzen zait edizio bereziak eta formatu fisiko politak ateratzen jarraituko dutela, nahiz eta Sonyk eta Xboxek halakoak baztertu». Musikan ere disko bat oso maitea duen musikazale bat binilo berezi bat lortzen saiatzen dela gogoratu du Zorromorro Studio-ko bideojoko garatzaileak. «Ba, jokalari askok ere hori egiten dute: joko bat asko gustatzen bazaie, saiatuko dira horren edizio fisikoa lortzen. Gizakiongan dagoen zerbait da: objektu fisikoa gordetzeko desira». Hainbesteko jakin-mina piztu duen joko honekin, GTA VI-rekin, ez da posible izango, ordea.