Bigarren greba eguna egiten ari da gaur EITBko irratietan. Langile gehienen babesarekin, langile batzordeak hiru greba egunera deitu zuen, eta horietako bigarrena da gaurkoa. Hilaren 14an egin zuten lehenengoa, eta hirugarren greba eguna urriaren 19an izango da, ostegunean. Lehen greba egunean gertatu bezala, EITB taldearen irratietan musika eta albistegiak soilik entzun daitezke. Espainiako Kongresuan inbestidura prozedura hasi dute gaur, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiarena, eta ez dute programazio berezirik egin.
Langileen ezinegonaren arrazoiak ugariak dira. Horietan nabarmenena da hamahiru urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe. EITB Media Irratiko Lan Batzordeak, duela hiru hilabete, hautsitzat jo zituen hitzarmenaren gaineko negoziazioak. Akordiorik lortu ezean, hirugarren greba eguna egingo dute urriaren 19an. Lehen greba egunaren aurretik, «inposizioez nazkatuta» daudela jakinarazi zuten EITB Media Irratiko Zentro Arteko Batzordeak —ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak daude bertan—, ohar batean: «Aldarrikatu nahi dugu negoziazio markoa errespetatzeko, eta gure lan baldintzak hobetzeko. Egiten dugun lana aitortzea ere nahiko genuke».