Asteburuko proposamenak

Bizipoza delako helmuga

Helmugak Bizipoza jaialdia egingo dute bihartik igandera bitarte, Berriatuan. Ander Txakartegik 420 kilometro egingo ditu bizikletaz 24 orduan.

Helmugak Bizipoza jaialdiaren aurkezpena, maiatzaren 4an, Berriatuan. BIZIPOZA ELKARTEA
Helmugak Bizipoza jaialdiaren aurkezpena, maiatzaren 4an, Berriatuan. BIZIPOZA ELKARTEA
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizipoz hitza honela definitzen du Euskaltzaindiak: «Bizitzeko poza; bizitzeko poza ematen duen gauza». Eta adibide bat ere biltzen du: «Denok behar dugu bizipozen bat». Bada, ba, Euskal Herrian hitz hori izen eta izan duen eragile bat: Bizipoza elkartea. Auzolanaren bidez eta euskaraz elkartasuna sustatzea daukate «misiotzat», azkenean bizipoza nagusitu dadin. Eta helburu hori betetzeko asmoz, Helmugak Bizipoza jaialdia egingo dute bihartik igandera, Berriatuan (Bizkaia).

Bizipozak 39 elkarte biltzen ditu, bost taldetan banatuta daudenak: gaixotasunei lotutakoak —Ademgi, Aspanovas eta Iñurri, besteak beste—, heriotzaren pedagogia egiten dutenak —Hil Argi, adibidez— elbarritasunarekin lotura dutenak —Guztiok, esaterako—, kulturartekotasuna jorratzen dutenak —hala nola Kale dor Kayiko—, genero eta sexu aniztasuna lantzen dituztenak —Gehitu, kasu baterako— eta familiartekotasunaren gaia lantzen dutenak —Agipase, adibidez—. 

Bizipoza elkartea Helmugak taldearekin batu da asteburu honetako jaialdia prestatzeko. Eta talde horrek erronka bati aurre egingo dio jaialdian: Ander Txakartegi kideak Lea-Artibai eskualdeari sei itzuli egingo dizkio bizikletaz, 24 orduan. Orotara 420 kilometro egingo ditu bizikleta gainean.

Ostadarra osatzera

Maiatzaren 4an egin zuten jaialdiaren aurkezpena, Berriatuan bertan, eta Bizipoza elkartea osatzen duten koloreak erabili zituzten han. Porrotxek kolore urdinarekin deskribatu zuen eskualdea: «Zeruaren kolorea, denon teilatu eta aterpea. Lea-Artibai harrera herria da, beso zabalik hartzen ditu muga guztien gainetik hainbat txokotatik datozen lagunak». Eta asteburuan bertan egongo den giroa kolore horiarekin deskribatu zuten: «Eguzkiaren kolorea, berotasuna eta argia ematen dizkiguna». Txakartegik kolore berdearekin irudikatu zuen egingo duen erronka: «Zaindu natura, hala geure burua zainduko dugu eta». Beltza, morea, laranja; eta azkenik, gorria: «sudur gorria, marrubizko muxuak, bihotza...», aipatu zituzten. Iragarri zuten guztiak batuta ostadarra eratuko dutela jaialdian.

Joseba Goienola Berriatuko alkateak eskertu egin zuen jaialdirako bere herria aukeratu izana: «Udala oso pozik eta eskertuta dago jaia herrian ospatzea erabaki delako. Izan ere, jaiaren izaerak bete-betean bat egiten du Berriatuarenarekin: elkartasun herria da eta, auzolanean dabilen herri bat, eta denen ahoan euskara entzuten dena».

Hamaika ekintza umeentzat

Galbahe taldearen kontzertuak hasiko du jaia, bihar 20:00etan, eta, horren ostean, 22:00etan, haurrekin bizikletan joango dira Intxaurrondora, han erronkari ekiteko. Larunbata ere kirola egiteko eguna izango da. 14:05ean hasiko da egitaraua. Haurrak bizikletaz irtengo dira herritik, eta hastapen ginkana bat egiteko aukera izango dute birritan. 20:00etan bola jokoaren txanda izango da, eta 21:00etan txokolate jana egingo dute Anaitasuna elkarteak antolatuta. 22:00etan, Txakartegik erronka amaituko du. Lekittoko Deabruak taldea ere egongo da erronkaren amaieran. 

Eta igandea izango da egun handia. Goizetik ekingo diete ekintzei. 10:00etatik diana ibiliko da herritik zehar; 11:30ean, Zapotxinek, Porrotxek eta Marimototsek emanaldia egingo dute, eta 12:45ean Bizipoza elkartekoei eskertza eta aitortza ekitaldia egingo diete. Jarraian, bazkari solidarioa egingo dute, eta horren ostean, Go!azen-eko aktoreen ikuskizunaz gozatuko dute herriko umeek, 16:00etan. Gero, bi kontzertu egingo dituzte: Gora Musika taldeak joko du 17:00etan, eta Tunantinak taldeak ordubete geroago. Festa gozotasunez borobiltzeko, Anaitasuna elkarteak antolatuta, txokolate jana izango da berriro. 

Antolatzaileek iragarri dute sorpresa ere izango direla tartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA