Bizitza bat dohaintzan

Oinordekoei uzteaz gain, hil ondorengo ondasunaren parte bat elkarteei edo erakundeei uzten diete batzuek. Legatu Solidarioaren Nazioarteko Eguna baliatuta, azken borondate horietan BERRIAri ekarpena egiteko bidea zabaldu du egunkariak.

BERRIA
BERRIA
Iratxe Muxika
2025eko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Idatzita utzi ohi da gehienetan, inork ez dezan zalantzarik izan hurrengo urratsetan: zer eman, nola eta nori. Horraino, testamentu arrunt bat izanen da. Badira, baina, ondasunak senideen esku uzten ez dituztenak, edo zati bat, behintzat, dohaintzan ematen dutenak. Ondasun zati horiek elkarte, gobernuz kanpoko erakunde edo bertzelako enpresa batzuei ematen dizkiete, dohaintza gisa. Hori ez da testamentu soila, legatu solidarioa baizik.

Hain justu, gaur, irailak 13, Legatu Solidarioaren Nazioarteko Eguna da, eta, inorentzat kontzeptu berria izan daitekeen arren, pixkanaka hasia da gizarteratzen. BERRIA egunkariak, kasurako, bide berri bat ireki du, eta komunitateari jakinarazi dio hil ondoren ere badagoela egunkaria sostengatzen jarraitzeko aukera.

2003ko otsailaren 20an itxi zuten Euskaldunon Egunkaria. Kolpeka eta indarrez; inork oroitzen ez badu. Euskaldunen erantzuna, agintariei men egin beharrean, legatu solidario baten antzekoa izan zen —bizirik zeudelako salbu—. 24.614 lagunek akzioak erosi zituzten, orotara 4.740.050 euro jarrita. Herri ekimen horretatik jaio zen BERRIA, euskarazko egunkari nazionala. «Hasieratik egon da komunitateari esker bizirik, sostengu ekonomiko horrek egiten duelako posible hein handi batean, eta, hain zuzen ere, harengatik iritsi gara gaur gauden tokira», erran du Ainara Lasa BERRIAko marketin saileko arduradunak. Hura aritu da, bertzeak bertze, legatu solidarioaren gaineko bidea aztertzen.

«BERRIAlagun batzuek adierazi ziguten hil ondoren ere BERRIA laguntzeko konpromisoarekin jarraitzeko interesa zutela, eta zentzuzkoa iruditu zitzaigun. Orain arte euskalgintzaren alde egin duenak baliteke bere zati bat hor utzi nahi izatea betirako»

AINARA LASA BERRIAko Marketin saileko arduraduna

Egunkaria ekonomikoki babesten duen komunitatea, BERRIAlagunena, funtsezkoa da proiektuarentzat, baina ez du egunkaria ekonomikoki soilik eusten, Lasak azaldu duenez. «Lanerako noranzko bat da komunitatea. Horri begira sortzen ditugu gure edukiak eta garatzen ditugu gure proiektuak; komunitatea da gure lurra, gure abiapuntua eta helmuga, edozer egiteko orduan ere».

Komunikazio iraunkorra du BERRIAk egunkaria eusten duen komunitate horretako kideekin, baina ez eskaintzak egiteko orduan bakarrik. «Egunkaria berritzeko prozesuetan komunitateari ahotsa ematen diogu; esku artean ditugun proiektuak gizarteratu aurretik haiei erakusten dizkiegu, edukiak aurretiaz eskaini, esperientzia esklusiboetara gonbidatu...», kontatu du Lasak.

Elkarrizketa saio horietan hainbat interes, zalantza eta proposamen ateratzen dira, eta horietako batean izan zuten legatu solidarioaren berri. «BERRIAlagun batzuek adierazi ziguten hil ondoren ere BERRIA laguntzeko konpromisoarekin jarraitzeko interesa zutela, eta zentzuzkoa iruditu zitzaigun. Orain arte euskalgintzaren alde egin duenak baliteke bere zati bat hor utzi nahi izatea betirako», argitu du Lasak.

Anitz dira hil ondoren ondasunak jasotzen dituzten elkarteak eta erakundeak, baina euskalgintzan ez dago eragilerik dohaintzaren bide hori modu ikusgarri edo aktibo batean sustatzen duenik. «Guk dakigula behintzat, ez da egitasmorik abiatu euskalgintzako erakundeak laguntzen jarraitzeko, nahiz eta halakorik martxan jarri gabe ere norbera askea den bere ondasunekin nahi duena egiteko. Egongo dira, dena den, legatu solidarioak jasotzen dituzten euskalgintzako hainbat eragile», erran du Lasak. «Egitasmoa abiarazi aurretik, bururatu zitzaiguna kontrastatzeko mezu bat bidali genion komunitateari, eta aldeko erantzun argia jaso genuen. Hortaz, formalki azken borondate horietan BERRIAri ekarpena egiteko bidea zabaltzea erabaki dugu».

«Gustura emango nioke dirua zinez sinisten dudan erakunde bati; beraz, daukadana horretarako probestuko dut. Familiarentzat zati bat eta militantziarako beste bat»

OLATZ ARBELAITZ Informatikaria

Ondasunen zati bat BERRIAri ematea «proiektua gara dadin ahalbidetzea» da, Lasaren arabera, eta, gainera, «bizitzan egindako bideari segida emateko modu bat». Familiaren testuingurutik harago, norberaren konpromisoei eta ahaleginei leku bat eskaintzen jarraitzeko aukera bat. 

Oro har, familiari ematen zaizkio hildako baten ondasunak, esplizituki hala eskatzen ez bada ere. Alegia, legeak hala adierazita, derrigorrezko oinordeko batzuk badira, eta haiek jasotzen dute legatua. Derrigorrezko oinordekorik ez badago, ordea, estatuak edo diputazioak jasoko ditu ondasun denak.

Lasaren irudiko, heriotzari lotutako gaiak nahiko delikatuak izaten dira normalean, eta horrek ezinbertzean eskatu die «tentuz eta kontuz» lantzea gaia. Dena aztertu eta komunitatearekin kontrastatu ondoren, iruditu zitzaien BERRIAren herri ekimeneko izaerari ongi egokitzen zitzaion bidea dela, «egunkariaren oinarriekin eta balioekin koherentea delako». 

Lehenagotik jasoa du egunkariak legatu solidarioren bat edo bertze, baina ez da modu egituratu batean aztertu gai hori, eta ez zaio komunitateari helarazi, ezta euskal gizarteari ere. Horregatik abiatu dute gaur BERRIAri legatu solidarioa egiteko bidea, «aukera dagoela erakusteko eta eskerrak emateko etengabe laguntzen ari direnei». Legatu solidarioaren gaineko informazio guztia egunkariaren webgunean egonen da ikusgai gaurtik aitzinera.

Alde militantea eta pertsonala

Informatikaria da Olatz Arbelaitz (1970, Errenteria, Gipuzkoa); EHUko irakaslea, UEUko kidea eta Puntueus-eko lehendakaria, bertzeak bertze. Hark dagoeneko egina du legatu solidarioa, eta zatitxo bat UEU Udako Euskal Unibertsitateari eman nahi diola idatzi zuen orain lau bat urte. «Militantzia da niretzat, eta hor aletxo bat jartzen jarraitu nahi nuke hil ondotik ere. Nire ondasuna, behintzat, erabil dezaten nik nahiko nukeen zerbaitetan», kontatu du. UEUri ez ezik, SOS Arrazakeria elkarteari ere utzi nahi lioke zati bat, «beharrezkoak direlako guretzat».

Hain zuzen ere, Arbelaitzi iruditzen zaio «jaso duzun zati bat gizarteari bueltan ematea» dela legatu solidarioa. Finean, familiari zati bat emateaz gain, barnea asetzeko modu bat da. «Gustura emango nioke dirua zinez sinisten dudan erakunde bati; beraz, daukadana horretarako probestuko dut. Familiarentzat zati bat eta militantziarako beste bat».

«Herriari eta herritarrei eman zizkien bere ondasunak, eta hori ez du edozeinek egiten. Ondarroa garatzeko eta hazteko tresnak eman zizkigun»

URTZA ALKORTA Ondarroako alkatea

Bi alde dauzkalako legatuak: alderdi militantea eta pertsonala. Batzuetan uztartu egiten dira biak, eta erakunde bakarrak bete egiten ditu norberaren beharrak. Argi ikus daiteke batzuetan, baina zilegi da idatziak aldatzea, eta bada aukera bat, gainera. «Nik ez dakit hemendik urte batzuetara zer pasatuko den, akaso orain pentsatzen ez dudan beste erakunde bati egin nahi diot dohaintza. Egingo ditut aldaketak, behar badut. Horrek ez nau arduratzen», erran du Arbelaitzek.

Ekarpen bat, edonolakoa izanik ere, beti da ongi etorria, egiten den lekuan egiten dela ere. Argi dauka hori Arbelaitzek, eta sinisten du hark utzitako legatua egoki erabiliko dutela. Alegia, baliagarria eta erabilgarria izanen dela. «Zure ondasuna da, eta ondo pentsatu behar da zer egin horrekin. Nik nahiko argi ikusten dut nori eman nahi diodan laguntza».

Laguntza batek iraun dezake proiektuak bertze, eta, hortaz, BERRIAk «maitasun handiz» orraztu du egitasmoa, Lasak kontatu duenez. «Aktibatu nahi duguna egunkaria laguntzeko beste modu bat baino ez da».

Ondarroako herriari emana

26 urte gibelera, 1999an, kasu entzutetsu bat izan zen Ondarroan (Bizkaia). Telesforo Urresti zenak bere ondasun guztiak Ondarroako Udalari utzi zizkion, akzio forman; bi milioitik goitiko balioa zuen orduan. Urtetik urtera aldatuz joan da akzioen balioa, eta, gaur egun, lau milioi eurokoa da ondasuna. Urtza Alkorta Ondarroako alkateak erran du Urrestik egindakoa «elkartasuna, esker ona eta eskuzabaltasuna» izan zela, eta sinbolikoki zein ekonomikoki, «sekulako balioa» duela. «Herriari eta herritarrei eman zizkien bere ondasunak, eta hori ez du edozeinek egiten. Ondarroa garatzeko eta hazteko tresnak eman zizkigun, eta horiek jakin behar da nola probestu; hark nahiko lukeen eran».

Akzioetan mende laurden pasatxo iraun dute Urrestiren ondasunek; aurten, saltzea erabaki duten arte. Balio bikoitza dute kasik: lau milioi euro inguru. Alkateak azaldu duenez, orain dute garaia ondasun horrekin zerbait egiteko herrian, eta dagoeneko hasiak dira proiektu berriak diseinatzen. «Oso ondo datorkio herriari; finean, diru laguntza bat da, baina sinbolikoagoa beste edozein baino».

Horixe baita legatu solidarioa: bizitza bat ematea dohaintzan. Elkartasuna, eskertza eta laguntza. Gaurtik aitzinera, baita egunkari forman ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.