Bizkaiko Etxebarri erretegia da munduko jatetxe onena, 'The World's 50 Best Restaurants' zerrendaren arabera

Atxondoko Axpe auzoko erretegiak erdietsi du lehen postua, aurreko urteko edizioan bigarren geratu ostean. Erresuma Batuko William Reed Business Media enpresak ontzen du zerrenda, sukaldariei eta kritikariei galdekatuta.

Bittor Arginzoniz, artxiboko argazki batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Bittor Arginzoniz, artxiboko argazki batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko azaroaren 5a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi urtez garaipenaren ateetan geratu ondoren, aurten erdietsi du koroa Atxondoko (Bizkaia) Axpe auzoko Etxebarri erretegiak. Izan ere, Bittor Arginzoniz sukaldariak gidaturiko jatetxeak lehen postua lortu du The World's 50 Best Restaurants (Munduko 50 jatetxe onenak, alegia) zerrenda entzutetsuan, aurreko bi urteetan bigarren postuan geratu ondoren. Zerrenda egiteko galdekatu dituzten sukaldarien, kritikarien eta gourmeten iritziz, beraz, Axpeko erretegia da munduko jatetxerik onena.

Erresuma Batuko William Reed Business Media enpresak ontzen du zerrenda hori. Restaurant aldizkari britainiarraren publizitate estrategia gisa sortu zen zerrenda, baina geroztik sona handia lortu du mundu mailan, eta gastronomiaren munduko erreferente dira bertan agertzen diren jatetxeak. Azken urteetan, Danimarkako eta Peruko jatetxeak izan dira nagusi; hain zuzen ere, azken herrialde horretako Maido jatetxeari kendu dio tronua Arginzonizek. 

Zerrendako lehen postua lortu duen Euskal Herriko lehen jatetxea da Etxebarri erretegia. Azken urteetako bigarren postuarekin, Europako jatetxerik onena zen jada, zerrendaren arabera, baina munduko onenaren tituluak ihes egin izan dio orain arte. Bigarren postuan, Bangkok hiriko (Thailandia) Gaggan jatetxea geratu da, eta hirugarrenean danimarkarrak ageri dira berriro, Kopenhague hiriburuko Alchemist jatetxearekin.

Arginzonizena ez da zerrendan ageri den Euskal Herriko jatetxe bakarra: Aitor Arregi sukaldariak Getarian (Gipuzkoa) duen Elkano jatetxea 33. postuan ageri da. Getariarrentzat, ordea, aurtengo edizioak gehiago du gazitik gozotik baino, aurreko urteko 24. postutik jaitsi baitira, zerrendan mantentzea lortu badute ere.

Munduko 50 jatetxe onenak

  1. Etxebarri (Axpe, Bizkaia, Euskal Herria). Europako jatetxe onena. 

  2. Gaggan (Bangkok, Tailandia). Asiako jatetxe onena.

  3. Alchemist (Kopenhage, Danimarka).
  4. Quintonil (Mexiko Hiria, Mexiko). Hego Amerikako jatetxe onena.

  5. Wing (Hong Kong, Txina).

  6. The Chairman (Hong Kong, Txina). 

  7. Kjolle (Lima, Peru).

  8. Kadeau (Kopenhage, Danimarka). 

  9. DiverXO (Madril, Espainia).

  10. Plénitude (Paris, Frantzia).

  11. Atomix (New York, AEB). Ipar Amerikako jatetxe onena. 

  12. Sorn (Bangkok, Tailandia).

  13. Mérito (Lima, Peru).
  14. SĂ¼hring (Bangkok, Tailandia).
  15. Odette (Singapur).
  16. Tuju (Sao Paulo, Brasil).
  17. Mingles (Seul, Hego Korea).
  18. Nusara (Bangkok, Tailandia).
  19. Jan (Munich, Alemania).
  20. Piazza Duomo (Alba, Italia).
  21. Meet the Bund (Shanghai, Txina).
  22. Borago (Santiago, Txile).
  23. Vyn (Skyllinge, Suedia).
  24. Al Gatto Verde (Modena, Italia)
  25. Lasai (Rio de Janeiro, Brasil).
  26. Masque (Mumbai, India).
  27. Reale (Castel di Sangro, Italia).
  28. Trésind Studio (Dubai, Arabiar Emirerri Batuak). Ekialde Hurbileko jatetxerik onena. 
  29. Enigma (Bartzelona, Herrialde Katalanak).
  30. Steirereck (Viena, Austria).
  31. Celele (Cartagena, Kolonbia).
  32. Potong (Bangkok, Tailandia).
  33. Elkano (Getaria, Gipuzkoa, Euskal Herria). Joan den urtean 24. postuan zen. 
  34. Le Coquillage (Sant-Meleg, Bretainia).
  35. La Colombe (Lurmutur Hiria, Hegoafrika). Afrikako jatetxe onena. 
  36. Ru Yuan (Hangzhou, Txina).
  37. Nuema (Quito, Ekuador).
  38. Atelier Moessmer Norbert Niederkofler (Brunico, Italia).
  39. Schloss Schauenstein (FĂ¼rstenau, Suitza).
  40. Jordnaer (Kopenhage, Danimarka).
  41. Onjium (Seul, Hego Korea).
  42. Bozar (Brusela, Belgika).
  43. Le Calandre (Rubano, Italia).
  44. Don Julio (Buenos Aires, Argentina).
  45. Mayta (Lima, Peru).
  46. El Chato (Bogota, Kolonbia).
  47. Le Louis XV - Alain Ducasse (Montecarlo, Monako).
  48. Ikoyi (Londres, Erresuma Batua).
  49. Naar (Kasauli, India).
  50. Saint Peter (Sidney, Australia). Ozeaniako jatetxe onena. 
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA