Argazki minimalista bat da, zuri-beltzean ondua, eta gorputzaz gain dauden elementu urriek ez dute nahikoa indarrik arreta desbideratzeko gerritik ipurdiraino doan ebakiondotik. Marra luze bertikal hori ikusten baita aurrena, eta gero erreparatzen zaie bizkar biluzian bermatuta dauden hiru eskuei. Arreta ipinita, agerikoa da heldu batena eta bi umerenak direla, baina, berehala, begirada zaurira erortzen da berriro, ezinbestean. Gorputza baita ardatza Sheila Gonzalez Azkonaren (Santurtzi, Bizkaia, 1984) argazki erakusketan: Gure gorputzak, lurralde anitzak. Gorputza, eta hartaz harro dauden emakumeak. Irudi bilduma Bilboko Begoñaibarrako udaltegian bisitatu ahalko da hilaren 29ra arte, eta hiriko beste auzo batzuetako udaltegietan egongo da urtarrilaren 5era bitarte.
Fekoor gutxitasun fisikoa edota organikoa duten Bizkaiko pertsonen elkartearekin batera egindako proiektu baten fruituak dira irudiok. Elbarriak dira han ageri diren andre guztiak, baina ezaugarri horrek kasik hutsala dirudi erretratuetan, gurpil aulkiek eta makuluek elementu artistikoen izaera bereganatu baitute; konposizioaren osagarri hutsak dirudite, posatzeko baliabideak baino ez, eta ez argazkiak —eta, beharbada, ezta haietan ageri direnen bizitzak ere— baldintzatzen dituzten elementu erabakigarriak.

Badira desgaituak, hortaz, baina baita irakurzaleak ere, eta amak, eta kirolariak, eta jostunak. «Benetan, gai al gara denetarik egiteko? Ez, ezinezkoa da», hausnartu du Gonzalezek. «Bakoitzak bere gaitasunak ditu, eta bakoitzak bere erara garatzen ditu. Gurpil aulkian bazoaz, adibidez, zure arazo bakarra da ezin zarela oinez ibili, baina gainontzeko gauza guztiak egin ditzakezu, nahi duzuna egin dezakezu». Eta, hain justu, argazkiko emakumeen nortasunaren berri ematen dute erretratuetan ageri diren objektuek —gurpil aulkiek eta makuluek, bai, baina baita liburuek, zapatek eta arropak ere—. «Zera erakutsi nahi nuen: guztiak garela gizakiak, eta denok daukagula gure alde ederra eta berezia».
Aspaldiko asmo bat bete zuen Gonzalezek proiektuarekin. Argazkietako protagonistetako bat haren izeba da, Mari Carmen Azkona —iaz zendu zen—, eta Gonzalezek urte asko zeramatzan eskatzen utz ziezaiola hari argazkiak ateratzen, «pertsona oso ederra zelako, bai barrutik, bai kanpotik». Izebak ezetz esaten zion beti, lotsa ematen ziola argudiatuta; baina, Fekoor-en hasi zirenean proiektuan pentsatzen, iloba etorri zitzaion burura. «Esperientzia zoragarria izan zen», gogoratu du Gonzalezek.
«Arima biluztea»
Izeba prest agertu zen azkenik, baita beste hamahiru emakume ere. «Gehienek argazkietan biluzik agertu nahi zuten, gorputza erakutsi nahi zutelako, oso harro daudelako beren buruaz», kontatu du. Eta harro ez zeudenek ahalegina egin nahi zuten erreparo horiek gainditzeko. Hala, erakusketa bada edertzat jotzen den horren inguruko hausnarketa bat ere, hein batean. Eta, batez ere, «borrokarako lengoaia bat da, manifestazio bat, protesta bat», egileak zehaztu duenez.
«Argazki oso handi bat ikusten baduzu, berehala detaile guztiak ikusten dituzu; baina hemen pertsonarengana gerturatu behar duzu ikusteko hark erakutsi nahi dizuna»
SHEILA GONZALEZ AZKONA Argazkilaria
Aldarrikapen kutsu horrek alde formala ere baldintzatu du. Zergatik hautatu, bada, konposizio minimalistak, formatu txikia, eta zuri-beltza? Xedea labur adierazi du argazkilariak: «intimitatea». Haren hitzetan, zuri-beltzaren estetika oso «femeninoa» da, oso «dotorea», eta balio du alde deigarriegiak bazter lagatzeko. «Arima biluztea bezala da, baina, aldi berean, argazki txikia da, gehiegizko esposiziorik ez eragiteko». Artearen historian emakumea «objektu» gisa irudikatu izan dela uste du Gonzalezek, eta bere argazki erakusketa erabat urruntzen da joera horretatik. «Diren bezala agertzen dira, baina ez kontenplatuak izateko; ez dute soilik beren fisikoa erakusten, baizik eta diren guztia». Eta, hain justu, formatuak bide ematen du ertz horiek guztiak antzemateko. «Argazki oso handi bat ikusten baduzu, berehala detaile guztiak ikusten dituzu; baina hemen pertsonarengana gerturatu behar duzu ikusteko hark erakutsi nahi dizuna».
Emakume bakoitzaren hiru erretratu ipini ditu Gonzalezek erakusketan, eta, azpian, bakoitzak bere burua definitzeko erabilitako hitz eta esaldi laburrak ageri dira. «Ama langile (des)gaitua» dela aldarrikatu du haietako batek, eta psikologoa eta berdintasunaren aldeko aktibista dela nabarmendu du beste batek; orobat, badira zaurgarriak eta baikorrak, borrokalariak eta ekintzaileak; emakumeetako batek bizirik egotea azpimarratu du bere paper txatalean.

2018an ondu zuen Gonzalezek proiektua; bitartean, bilduma moldatuz joan da. Erakusketa berriro egiten duten bakoitzean emakume guztiei galdetzen diete ea argazkiak erakutsi nahi dituzten oraindik ere, eta batzuenak erretiratu egin dira bildumatik. «Batzuk ez dira seguru sentitzen erakustokiarekin, eta beste batzuen egoera aldatu da, bizitza aldatu zaie, eta erabaki dute ez dutela jarraitu nahi». Aldaketak aldaketa, ia hamar urte igaroagatik ere oraindik iraungi ez den bilduma bat da. «Aniztasuna duten emakumeen borroka bukatzen ez den bitartean, hau da, gorputzak eta generoa normalizatzen ez diren bitartean, indarrean egongo da».