Bortxaz egindako bideetan barrena

Azken hogei urteetan, lan handia egin da frankistek euskal Pirinioetan bortxaz lanean izan zituzten gatibuen bizipenak argitara emateko. Memoriaren Bideak elkarteak bisita gidatuak antolatu ditu Igarin, hara bidali zituztenen historia kontatzeko.

Xabier Santamaria frankisten gatibua, Igariko barrakoian, 1940an. J. M. / FOKU.
Iker Tubia.
Igari
2023ko abuztuaren 03a
00:00
Entzun
Lasai eta isil. Udan horrela egoten dira Zaraitzu ibarreko bazterrak (Nafarroa). Mendien erditik igarotzen diren errepideetatik apenas igarotzen den autorik. Tantaka aditzen dira motor hotsak. Bizikleta batzuk, errekara toalla besoan hartuta oinez joaten direnak... horiek ere bai, horiek errepidean aurrera doaz. NA-2130ak lotzen ditu Igari eta Bidankoze; Zaraitzu eta Erronkari. Orain lasaia den bidean, ordea, gorriak ikusi zituzten frankistek gatibu hartutako gorriek. 1939tik aurrera bortxaz ireki ziren bide horiek, esklaboen lanekin egin baitzituzten errepide lasai eta isilak.

Isiltasunak inguratu du frankistek sortu zuten kontzentrazio unibertsoa. Pirinioak gotortu nahi zituzten, handik etor zitekeelako erasoaldia, eta horretarako gerrako gatibuak erabili zituzten. Nafarroan eta Gipuzkoan egitura defentsiboak eraiki, eta bide berriak ireki zituzten, soldaduak ibar batetik bestera pasatu zitezen. 22.000 lagun inguru aritu ziren bortxazko lanetan.

Gaur egun jakina da Igarin bi mila esklabo inguru aritu zirela esklabo. Memoriaren Bideak elkarteak hogei urtez egindako lanaren emaitza da. Udan hiru bisita gidatu egin dituzte. Hiru historialari arduratu dira: Edurne Beaumont eta Fernando Mendiola Memoriaren Bideak elkarteko kideak, eta Ainara Rodriguez Ondare eta Historia gradua bukatu berri duena. Lehenbiziko bisita euskaraz izan da. Hurrengoa —eta azkena— gaztelaniaz izanen da, abuztuaren 23an. Doakoa da, baina aurretik izena eman behar da.

Barrakoian sartuta

Igarin izan da hitzordua, plazako frontoiaren gerizpean. Beaumontek azaldu du nola hasi ziren ikerketarekin: Manolo Santamariak esan zien «gerran baino okerrago» pasatu zuela bortxazko lanetan. Bi iturritik edan zuten hortik aurrera: artxiboen bidez jakin zuten nor eraman zuten Igarira, gatibuen errolda baitzegoen; eta, telefono aurkibideen bidez, lagun horiek aurkitu eta elkarrizketatu zituzten. Garai hartako igaritarrak ere elkarrizketatu zituzten, gatibuen etorrerak bertakoen bizitza «aldrebestu» baitzuen.

Historialariek kontatu dutenez, egoera «latza» bizi izan zuten gatibuek han. Gehienak Andaluziatik (Espainia) ekarri zituzten, eta klima aldaketa gogorra izan zen. Hala azaldu zuen Domingo Martinez gatibuak: «Irteerarik gabeko eskorta batean sartu gintuztela pentsatu nuen». Frontoitik, errepide bazterrera abiatu dira bisitariak eta gidariak. Ohol batek gogora dakar nortzuk eraiki zuten errepide hura. Gehiago izan ziren: Iragitik Egozkuera doana (Nafarroa), Eugitik Iruritara (Nafarroa), Lezotik Jaizkibelera (Gipuzkoa), Lesakatik (Nafarroa) Oiartzunera (Gipuzkoa) eta Arkaleko errepidea (Gipuzkoa).

Bi txandatan aritu ziren Igarin eta Erronkarin: 1939ko ekainean bi batailoi joan ziren: 106.a eta 127.a. 1940an, beste bi: 6.a eta 38.a. Bigarren txandakoentzat sei barrakoi eraiki zituzten; bakoitzean ehun gatibu bizi ziren. Hain zuzen ere, 2018an horietako bat berreraiki zuten, eta Nafarroako Gobernuak memoria historikoko leku izendatu zuen.

Igaritarrek kontatuta jakin zuten barrakoiena, eta haiek esandako lekuan aurkitu zituzten harrizko eraikinak, dagoeneko suntsituta. Ez ziren horiek, aitzitik. «Argazkiak erakutsita, Andres Millanek [gatibu andaluziarra] erran zigun ez zirela hor egon», azaldu du Beaumontek. «Zur eta lur gelditu ginen». Egurrezkoak zirela azaldu zuen Millanek, txapazko teilatuarekin, eta elurra barrura sartzen zela neguan. Geroago, Xabier Santamaria gatibu bizkaitarraren argazkia aurkitu zuten, eta horri esker jakin zuten barrakoiak zehatz-mehatz nolakoak ziren. Harrizko horiek derrigorrezko soldaduska egin zutenek erabili zituzten. Haiek arduratu ziren errepideak bukatzeaz.

Barrakoia barrutik ikusi ondoren bukatu da bisita. «Informazioa artxiboetatik eta testigantzetatik hartzeaz aparte, eraikin hutsetatik eta ondaretik ere berreskura daiteke. Jendeak ez zuen hitz egiten, beldurra zuelako; hortaz, eraikin hutsek informazio ugari eman digute», esan du Rodriguezek. «Horrelako guneak gehienbat presio sozialagatik ikusarazi dira», aldarrikatu du. Mendiolak «borroka soziala» goraipatu du, baita Nafarroako Gobernuaren laguntza ere: «Hemen gaude hogei urtean jende asko inplikatu delako». Aurrera so egin du: «Gure ahaleginak iraganarekin lotuta egon behar du, baina baita orainarekin eta etorkizunarekin ere. Horregatik, omenaldietan memoria eta gaur egungo giza eskubideen bortxaketen salaketa batzen ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.