ATZEKOZ AURRERA. Araks Sahakyan. Artista

«Bulkada asko daude nire marrazkietan»

Leihoak, marmokak, alfonbrak, paperezko itsasontziak eta hegazkinak ageri dira Sahakyanen marrazkietan. Kolorez betetako barne bidaiak. Umetan ihes egin zuen jaioterritik, Armeniatik.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Hernani
2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Errotuladoreekin egindako marrazki koloretsuen erakusketa jarri du Araks Sahakyan (Hrazdan, Armenia, 1990) artista armeniarrak Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Hariak erresistentzia istorioen zinemaldia egiten ari dira egunotan.

Irudietako batean bi menina ageri dira, baina paperezko ontzi batean bidaiatzen.

Bueno, hor marraztuta ageri den neskato hori ni naiz, 6 urte nituela egin zidaten argazki batean, menina nirekin ageri da bidaiatzen. Gauza asko adierazi nahi nituen. Horietako asko orain ulertzen ditut.

Bulkadetan oinarrituta margotzen duzu, beraz?

Bai, baina baita gogoeta batetik ere. Nire marrazkietan bulkada asko daude, inkontzientea, subkontzientea...

Paperezko ontzia hauskorra da.

Migrazioetako bidaiak hauskorrak dira.

Alfonbrak agertzen dira, Armeniako ikurretako bat.

Asko erabiltzen ditut. Nire etxean alfonbra asko zeuden, lurrean, hormetan... Nire inguruak inspiratu nau.

Armenia erakusteko modu bat da?

Ez dakit. Haurtzaro bat erakustekoa bai, 1990eko hamarkadako haurtzaro bat. Egin behar izan ditudan migrazioak ere bai.

Familia Armeniatik Alacantera (Herrialde Katalanak) joan zen. Arrazoi politikoengatik?

Arrazoi ekonomikoengatik, baina 1990eko Armenian oso zaila zen aurrera ateratzea arrazoi politikoengatik. Aitak autoa saldu zuen, eta joan egin zen.

Beste irudi bat: olibondo bat, mahatsa, Laokoon suge batekin borrokan eta koktel bat hondartza batean. Nahasketa bitxia.

Nire aitaren historia bildu dut: mahatsa biltzen aritu zen, olibak, laranjak... bizitza hobe bat lortzeko, itsasoaren ertzera iristeko.

Marrazkietako batzuk alfonbra bihurtu dituzu. Zure marrazkiek kolore asko dituzte. Zaila da alfonbra bihurtzea?

Zailtasuna da kolore asko erabiltzen ditudala, alfonbra klasikoetan 10-12 kolore erabiltzen dira. Ez nekien hori. Ehuleak etengabe aritu behar du koloreak aldatzen.

Marrazki erraldoi bat. Leihoz beteta. Zure leihoak dira.

Nire etxeko leihoak dira, eta bizi izan naizen hiru lekuak erakutsi ditut: Hrazdan, bederatzi solairuko eraikin sobietar bat; itsasoa, Alacant erakusteko; eta Parisko garaipen arkua, duela bi urte artisten egonaldi bat egin nuen bertan.

Irudiko alfonbran, esaldi bat: Etxea da min egiten duen lekua.

Etxea lasaitasunerako lekua da, baina baita barne gerrena ere, kanpoko gerrek gure gorputzak eta bizitzak inbaditzen dituzte. Horregatik erabiltzen ditut leiho asko, muga bat direlako kanpoko eta barruko munduen artean.

Zure lana erresistentzia gisa bizi duzu, pertsonala eta kolektiboa?

Erresistentzia pertsonala, bai. Konturatu nintzen ezin nuela idatzi adierazi nahi nuena, eta uste dut ordutik hasi nintzela margotzen.

Zure esan bat: «Artistak oso zaurgarriak dira; gehienek horregatik egiten dute artea».

Mundu guztia da zaurgarria, baina batzuok espresatzeko beharra dugu. Hor hasten da sormen prozesua: zauri pertsonal bat edo trauma kolektibo bat beste zerbait bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.