Barkatu, baina txupinazoa noiz izan zen? Iragan astean ala akaso iaz? Bale, onartzen dut: apur bat gehiegizkoa da, baina uztailaren 6a oso uuuurrrun dago. Ez nuen uste 24 orduan hainbeste gauza gerta zitezkeenik, eta, honez gero, denboraren erreferentzia oro galdu dut. Prozesioa amaituz geroztik, marmotaren bertsio sarfemindar zoriontsuan murgilduta gaude. Jada ez dago ostirala edo astelehena bereizterik. Egunak ganadutegien izenek ordezkatu dituzte, baina horri buruz deus gutxi dakit... Bide batez, zein egunetan bizi gara gaur?
Jada zorabioak ditut. Bai, sorbeteek edo garagardoek ez dute laguntzen buruko min hau eramaten, baina bero sapari ere aurre egin beharko diogu nolabait. Oreka perfekturik ez dago; Iñigo Astizi berriki entzun diodanez, «dena ezin da». Bulegotik atera eta izpi ultramoreok ez dute batere laguntzen. Eskerrak eguzkitako betaurreko graduatuak ditudan aurten —kalean erositako bihotz itxurako betaurrekoak hobe geratzen zaizkit, baina ez dira eraginkorrak—. Villavesa hartu eta denboraren beste dimentsio bateko atzo horrekin alderatuta, gainezka dago. Kamisetan Valladolid, Boadilla del Monte edo Espainiako ez dakit zein txokotakoa dela aldarrikatu nahi duten morroiez beteta daude kaleak... O, ez. Bigarren tsunamia etorri da. Asteburua hemen da. Orain badakit zer egunetan bizi garen. Ostirala.
Berriaren oharra: Lasai, irakurle, jabetuko zinenez igandea da. Akatsa sanferminetako buruko minaren zehar kaltea omen da.
Sanferminak Iruñean. Sanfer-minak
Buruko mina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu