«Nekatuta baina pozik» esnatu dira gaur goizean Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako kideak (Nafarroa). Ikastolako patioan oraindik ere atzoko Nafarroa Oinez-en arrastoak nabari direla azaldu du Iñaki Errozek, Paz de Ziganda ikastolako zuzendariak, baina, batez ere, atzoko «poztasuna» sumatzen dela: «Dena oso ondo joan zen, eta festa oso polita eta jendetsua izan genuen. Handik eta hemendik zoriondu gaituzte, eta oso positiboa izan den irudipena dugu». Eguraldiaren beldur ziren, goizean goiz lainotuta baitzegoen, baina ia ez zuen euririk egin atzo Atarrabian.
Paz de Zigandak hirugarren aldiz antolatu du Nafarroa Oinez: lehendabiziko aldia 1991n izan zen, eta bigarrena, berriz, 2010ean. Aurten, Buruz, bihotzez, oinez izan da leloa, eta «duela urtebete baino gehiago» hasi ziren prestakuntza lanetan. «Buruz eta bihotzez hasi ginen lanean. Nafarroan euskarak eta euskal kulturak izan behar duten bultzadan parte hartu nahi dugu, eta denak elkartu gara horrelako jaialdiak antolatzeko», esan du zuzendariak. 750 familia dira Paz de Ziganda ikastolan, eta hamabost lantalde sortu zituzten atzokoa antolatzeko. Boluntario horien artean izan zen Lorea Molina, ikastolako gurasoa. Larunbatean kamisetak saltzeko postua muntatu behar izan zuen, beste zenbait kiderekin batera, eta atzo arratsaldean desmuntatu: «Denda irekita egon zen egun osoan, eta asko saldu genuen. Oso pozik gaude jende guztiaren erantzuna ikusita».
Arratsaldean, kamisetarik gabe geratu ziren Molinaren postuan, baina eroslerik ez zuten falta izan: «Zer duzue?», galdetu zuten askok; euskara sustatzeko asmoz erosi nahi zituzten produktuak. «Oso egun polita da, eta hunkigarria da ikastola guztietako partaideak ikustea. Ezagutzen ditudan ikastetxe publikoetako jende asko ere etorri zen, eta horrek poztu egin ninduen, ikusten baita ez dagoela desberdintasunik, denak euskara sustatzeko helburuarekin gaudela hemen», argudiatu du boluntarioak. Euskara «edonon» entzun ahal izan zuen atzo Ainhoa Uros Esparza ikastolako guraso eta boluntarioak: «Oso aberasgarria da alabentzat, dena euskaraz egiteko aukera baitute».
Paz de Zigandak Nafarroa Oinez antolatu duen hirugarren aldia izan denez aurtengoa, hiru gunetan banatu zituzten ekitaldiak: Buruz gunean, Patxi eta Konpaniak, Trikidantzek eta Gozategik eman zituzten kontzertuak, besteak beste; Bihotzez gunean, Korrontzi eta Biziraun taldeen doinuak izan zituzten; eta, azkenik, Oinez-en, Sorotan Bele, Rebel Noise, Nafarroa 1512 eta Oihan Vega igo ziren oholtzara. Molinak ez zuen aukerarik izan arratsaldeko ekitaldi horietaz gozatzeko, bere postuan lanpetuta ibili baitzen, baina Sorotan Bele taldearen kontzertuan egon zen goizean. Urosek, berriz, ez zuen aukerarik izan goizean musika emanaldiren bat ikusteko, ogitartekoak egiteko izena eman baitzuen: «Urtero joan izan naiz Nafarroa Oinez-era, baina lehendabiziko aldia izan dut boluntario lanak egiten. Berriz egingo nuke!». Gaur sorbaldako mina izan arren, beste boluntarioekin bizi izandakoa hartuko du gogoan Urosek.
Bestalde, jasangarritasunari garrantzi berezia eman zioten atzo: bizikletak pilatu ziren guneen kanpoaldean, autoen ordez. Gainera, Oinez Klima proiektua abiatu zuten ikastolako kideek, Ezkaba Txikin eta Ultzama kalean zuhaitzak landatuz. Komunitate energetiko bat sortzea zen helburua, jasangarritasuna modu integralago batean lantzea, alegia.
Uzta jasotzen
Zuzendariak adierazi du eguna «arrakastatsua» izan zela, eta lortutako diruarekin ikastolako barruko eta kanpoko guneak berritu nahi dituztela: «Zaharberritze lanak egin nahi ditugu. Ikasgelak behar pedagogikoetara egokitzeko, eta kanpoan naturalizazio prozesua abiatzeko». 1991n, beste eraikin batera mugitzeko erabili zuten Nafarroa Oinez-en lortutako dirua; 2010ean, berriz, batxilergoko eraikina egiteko. Bestalde, «arrakasta» horren harira, Errozek eskerrak eman nahi izan dizkie Nafarroa Oinez-en prestakuntzan parte hartu duten boluntarioei: «Jende asko mobilizatu behar da horrelako zerbait egiteko. Gaur egun, batzuetan, ematen du partaidetza ez dagoela modan, baina jendea mobilizatzeko gai izan gara, eta oso harro gaude».
Lekukoa bi ikastolak hartuko dute datorren urtean. Zizur Txikiko San Fermin ikastolak eta Vianako Erentzun ikastolak antolatuko dute 2026ko ikastolen besta. Errozek gomendio bakarra du hurrengo Nafarroa Oinez-en antolatzaileentzat: «Konfiantza izan zeuen buruarengan. Nafarroa Oinez antolatu ahal duzuela pentsatu, eta bihotzez lan egin. Merezi du eta».