Ez da erraza urtarrilaren 20an Donostian zer egun den ahaztea. Gauerdiaz geroztik kalean dauden parrandazaleen ahotsetan, kantua buruan iltzatuta geratu zaion herritarraren txistu doinuetan, edo hirian jarrita dauden dozenaka bozgorailuetan entzuten da Raimundo Sarriegiren Donostiako martxa, goizean goizetik. Eguerdia iristean, berriz, haurrek hartu dute hiria: udaletxeko balkoitik Argoitz Etxezortu danbor nagusiak Donostiako martxa zuzentzeari ekin dio, eta hasi da San Sebastian eguneko haur danborrada: danbor artean «beti alai» egoteko ospakizuna.
Eguerdian zen hitzordua, bai, baina 11:00etarako hasi dira Alderdi Ederreko inguruak betetzen. Ez baita lan makala 4.630 haur bertan elkartu, eta modu antolatuan kokatzea. Zuhaizti ikastetxekoak ere han jarri dira, udaletxearen parean, Sarriegiren martxa noiz joko zain. Arantxa Bidorreta bertako gurasoa da, eta kontatu du urritik ari direla prestaketa lanetan: «Lana da, baina hona etortzen zara, haur guztiak hain pozik ikusten dituzu, dena ondo ateratzen da... Lan guztia ahazten zaigu, eta egunaz gozatzen dugu, pila bat».

Paul Urdapilleta ikasleak aurten parte hartu du lehenbizikoz. Pozik esnatu da, danborrada gustatzen zaiolako. «Lagunek eta nik oso ondo pasatzen dugu danborra jotzen, eta oso pozik egoten gara guztiak». Gainera, ospakizun bikoitza izango duela kontatu du: «Nire lehengusinaren urtebetetzea da!».
«Herri Ametsa!» behin eta berriz oihukatuz sartu dira bertako ikasleak Alderdi Ederrera. Gotzone Arbona haien arduradunetako bat da, eta ikasleei txapelak ondo jartzen aritu da. Eguna «urduri» hasi duten arren, gozatzeko garaia heldu zaiela esan du. Urteurren berezia dute, gainera: aurten 50 urte bete dira ikastetxeko haurrek lehen aldiz danborradan parte hartu zutenetik. «Lehen ikastola izan ginen. Hurrengo urtean ikurrina legeztatu zuten, eta ikurrina atera genuen. Ostiralean, ikastolan ospatu genuen, eta garai hartako gurasoak etortzea eta garai hori gurekin konpartitzea oso hunkigarria izan zen».
Ikaskide dituen danborren zuzendari izatea egokitu zaio Helene Vegari. Hirugarren urtez parte hartu du danborradan, eta pozik dago, kantinera, danbor jotzaile eta orain zuzendari izateko aukera eduki duelako. «Pozten naiz aukera hau edukitzeagatik, baina zuzendari izan gabe ere ondo pasatuko nuen. Saiatzen ari naiz ondo disfrutatzen, ahalik eta hoberen. Zeren hau gutxitan gertatuko da», esan du. Horretarako baita haur danborrada: lagun artean, «beti pozez, beti alai» gozatzeko.
Urrezko Danborra, Anduagari
Bezperan Plaza Berrian herritarrak hunkitu ondoren —Donostiako Orfeoiarekin batera San Sebastian martxa abestu baitzuen bandera igoeran—, Xabier Anduaga tenorra bera hunkitu da, Urrezko Danborra jasotzeko ekitaldian. Udaletxeko udalbatza aretoan egin dute, eta lagunez eta familiaz inguratua jaso du saria.
Bezperako une hori izan du gogoan Anduagak bere hitzaldian: «Uste dut atzo bizi izan genuen momentuak musikak eta gure tradizioek duten boterea erakusten duela. Nik ez dut inoiz ahaztuko».

Anduagak Donostiarekin duen lotura nabarmendu dute ekitaldian. Maider Segurola kazetariak aurkeztu du, eta han izan dira hainbat erakundetako ordezkariak; tartean, Jon Insausti Donostiako alkatea. Kontatu dutenez, Anduaga 6 urte zituela hasi zen haurren danborradan parte hartzen —argazkiak erakutsi dituzte harentzako egindako bideoan—, eta, gerora, munduan barrena ibilita ere, hiria beti gogoan eduki izan duela goraipatu dute. Anduagaren lankide eta lagunak agertu dira bideoan, eta baita omendua bera ere.
Alkateak ere gorazarre egin dio Anduagari. Adierazi du donostiarren «erreferente gazteen ordezkari gorena» dela. Ameriketako bira alde batera utzi eta egunotan donostiarren artean izateko egindako ahalegina eskertu dio, baita eskari bat egin ere: «Ez dezazula sekula Donostiarekiko erakutsi duzun maitasuna galdu. Mundu guztiari bira eman ostean, beti izango duzu etxera itzultzeko aukera. Beti izango duzu sustraietatik edateko aukera». Iriyarena kantua entzunez eman dio Anduagari Urrezko Danborra.
Anduagak, berriz, hasperen egin, eta bere hitzaldiari ekin dio. «Saiatuko naiz», esan du, hunkituta: «Urrezko Danborra jasotzea norberak inoiz irudikatu ezin duen une horietako bat da».
«Urrezko Danborra jasotzea norberak inoiz irudikatu ezin duen une horietako bat da»
XABIER ANDUAGA Tenorra
Tenorrak arteari gorazarre egin dio, eta jendea elkartzeko duen boterea izan du hizpide: «Presaz eta zarataz beteriko garai hauetan, arteak gogorarazten digu sentsibilitatea beharrezkoa dela oraindik ere. Besteari entzutea ekintza iraultzaile bat dela, eta, edertasunak, zintzoa denean, komunitate hobe bat egiten gaituela».
Orain arte bezala lanean jarraituko duela berretsi du, afizioarekiko errespetuz, aukera bakoitzarengatik esker ona adieraziz eta umiltasunez. Baina, bereziki, gazteak gogoan izanda: «Etorkizunari ilusioz begiratzen diote, eta baita askotan ziurgabetasunez ere. Haiek dira gure hiriaren indar berria, lekukoa hartuko dutenak, eta gaur eraikitzen dugun horri beste zentzu bat emango diotenak. Nire konpromisoa da ikasten jarraitzea, haien ondoan egoteko. Sentitu dezaten ametsak hemen jaio daitezkeela, eta Donostiaren etorkizunak konfiantza duela haiengan».
