Asteburuko proposamenak

Darwin eta eboluzioa, Bilbon

Zientzialariaren jaiotzaren urteurrena dela eta, hitzaldiak antolatu dituzte gaurko, Bilbon. Francesc Calafell eta Neskuts Izagirre biologoek hitz egingo dute.

Darwinen egunean antolatutako hitzaldiak, 2024an. EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO KULTURA ZIENTIFIKOKO KATEDRA
Darwinen egunean antolatutako hitzaldiak, 2024an. EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO KULTURA ZIENTIFIKOKO KATEDRA
itsaso jauregi 2
2026ko otsailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Darwinen Eguna otsailaren 12an ospatzen da urtero. Eboluzioaren teoriaren «aita» Charles Darwin biologo eta naturalista ingelesaren jaiotza ospatzen da: 1809an jaio zen, eta zientziaren historiari lotuta geratu da, 1859an Espezieen Jatorria argitaratu zuenetik. Lan horretan, hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoria formulatu zuen Darwinek. Haren jaiotzaren urteurrena ospatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zirkulu Eszeptikoak bi hitzaldiko egitaraua antolatu dute Bilboko Bidebarrieta liburutegian, gaur, 18:30ean.

Darwinek zera ezeztatu zuen: izaki bizidunak ekintza bakar batetik sortu zirela, eta milioika urtean ez direla aldatu. Gaur egun ezagutzen diren espezie guztiak arbaso komun batengandik datozela egiaztatu zuen, eta denborarekin eboluzionatuz joan direla hautespen naturalaren bidez. Biologoaren izpiritua eta lana oinarri gisa izanik, bi hizlarik hartuko dute hitza: Francesc Calafell eta Neskuts Izagirre biologoek. 

Lehenik, Francesc Calafellek Eboluzioak osasunari eta gaixotasunari buruz azaltzen duena hitzaldia egingo du. Bertan, Pompeu Fabra Unibertsitateko ikertzaileak eboluzioaren legeek giza gaixotasun askoren jatorrian eta banaketan izan duten eragina azalduko du, baita tratamendu posibleak bideratzeko nola lagun dezaketen aztertu ere. Bere hitzaldian, azalduko du zergatik gaixotasun batzuk eremu geografiko jakin batzuetan kontzentratzen diren: zergatik populazio batzuen artean gaixotasun batzuek eragin handiagoa duten beste batzuetan baino, hain zuzen ere.

Ibilbide zientifikoa

Ondoren, Neskuts Izagirre EHUko Biologiako doktoreak Darwinen ondoren: hautespen naturala eta introgresio genetikoa gizakiengan hitzaldia emango du. Bertan, hautespen naturalak Indonesiako bajauen herriaren ezaugarriak eta hazpegiak nola modelatu dituen azalduko du: besteak beste, herritarren larruazalaren pigmentazioa, laktasaren iraunkortasuna eta apnea edo urpekaritza librea egiteko duten gaitasuna izango ditu hizpide.

Era berean, introgresio genetikoaren egitekoa azalduko du Izagirrek, baita beste hominido espezie batzuekin izandako geneen transferentzia ere. Geneak populazio batetik bestera etengabe garraiatzen direnean gertatzen da introgresio genetikoa, eta horren adibide ugari egon dira mendeetan. Neandertalek, esate baterako, patogeno berrien aurkako erresistentzia eman zioten gaur egungo gizakiari, eta, horri esker, garaiera handiko bizimodura egokitzeko gaitasuna dute herritar batzuek. Ezaugarri horietako batzuk, ordea, ingurune modernoetan okerreko moldaerak ere bihur daitezkeela kontatuko du EHUko doktoreak, hala nola gaixotasun autoimmune batzuk eta alergiak.

Ekitaldia gaur izango da, baina 2007tik urtero dago egutegian apuntatuta. Darwinen Eguna Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren Katedrak, Bidebarrieta liburutegiak eta Zirkulu Eszeptikoak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren eta El Correo egunkariaren laguntzarekin. Darwinek zientziari egindako ekarpena nabarmentzen den eguna bada zientziaren praktika orokorra baloratzeko aukera ere, antolatzaileen ustez, bai eta herritarren artean ezagutza zientifikoa bultzatzekoa ere.

Aurtengo hizlariak azken urteetan parte hartutako zientzialarien zerrendara gehitu dira: Francisco J. Ayala eta Jose Maria Bermudez de Castro biologoak, Juan Luis Arsuaga eta Maria Martinon-Torres paleoantropologoak, Itziar Laka hizkuntzalaria eta Helena Matute psikologoa, besteak beste. Horri esker, zientzia eta kultura maite dutenentzat hitzordu bilakatu da Bilboko ekitaldia. Sarrera doakoa izango da lekuak bete arte, eta streaming bidez ere ikusi ahal izango da, Kulturgunea TB kanalaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.