Gasteizko jaiak

Datorren urtera arte, Zeledon!

Gasteiztarrek Zeledonen igoerarekin agurtu dituzte jaiak, goizeko ordu batean. Aste osoan giro alaia nagusitu bada ere, eraso matxistak ere izan dira tartean. Erantzuna irmoa izan da: argi utzi dute errespetua eta berdintasuna direla bidea.

Neska beteranoak, Gasteizko jaiez gozatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Neska beteranoak, Gasteizko jaiez gozatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2025eko abuztuaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu dira Gasteizko jaiak, igoerarekin batera, goizeko ordu batean. Udal Musika Bandak azken doinua jo ostean, amaierako su festak emozioa piztu zuen ikusleen artean. Oro har, jai giroa alaia eta parte hartzailea izan da, baina itzalik ere izan da: eraso matxistak.

Gasteizko Mugimendu Feministak «intentsitate handiko» bi eraso salatu zituen ostegunean. Fermin Muguruzaren kontzertuan plazaratu zituen salaketa horiek. Gainera, gertatutako eraso guztiak salatzeko elkarretaratzera deitu zuen atzo, 20:00etarako, Andre Maria Zuriaren plazan. Mezua argi helarazi nahi izan zuten: «Erasorik ez erantzunik gabe!».

Udaltzaingoak ere hainbat esku hartze egin ditu: neska bati egindako sexu erasoa eta «etxeko indarkeria» gisa sailkatutako lesio bat izan dira tartean —ez dute beste xehetasunik eman—; gainera, asteartean 21 urteko mutil bat atxilotu zuten hiru emakumeri sexu erasoa egitea leporatuta. Halaber, 47 urteko beste gizon bat ere atxilotu zuten Aldabe plazan, haur parke batean, mozkortuta eta prakak jaitsita, adingabeei genitalak erakusteagatik. Hala ere, Udaltzaingoak beste kasu batzuetan ere esku hartu behar izan du.

Erasoen harira, blusen eta nesken erantzuna ere irmoa izan da. Abuztuaren 8an, hala Nesken eta Blusen Batzordeak nola federazioak protesta egin zuten kalejiran. Federazioko kideek elkarretaratze isila egin zuten Errioxa kalean, sirena hotsak lagunduta; ordu erdi geroago abiatu zen batzordearen kalejira, Ez badakizu egoten, ez etorri zioen pankartarekin. Foru plazan irakurritako adierazpenean, azpimarratu zuten garaia dela «aski» dela esateko, eta gogorarazi zuten matxismoaren aurkako borroka denen ardura dela.

Argia ere bada

Hala ere, jaietan argiune ugari izan dira. Aihotz plazako giro euskaldunak, gaztetxeko rap doinuek, Foru plazako herri kirolek eta gaueko kontzertuek, txosnetako aniztasunak... nortasun berezia ematen diete Gasteizko jaiei. Fermin Muguruzaren kontzertua bereziki gogoangarria izan zen: Zeledon, Iñaki Kerejazu, oholtzara igo zen, eta biak elkarrekin aritu ziren Sarri, Sarri kantatzen eta dantzan. Zeledonek, abuztuaren 4ko hasiera ekitaldian bezala, aniztasunaren aldeko mezua helarazi zuen orduan ere: «Guztiok egiten dugu Gasteiz. Gasteiz askotarikoa da, eta edozein jatorrik egiten du Gasteiz. Gora gu eta gutarrak!».

Euskarak ere izan du akuilurik. Bereziki Aihotz plazan, Geu elkartearen txosnak hizkuntzaren arnasgune nagusi bihurtu baitu. Jendez gainezka egon da egunero, eta 170 lagun inguruk parte hartu dute txandetan. «Gasteiztarrek badakite zer topatuko duten hemen, eta euskara guztiona dela erakusten ari gara», azaldu du Azaitz Unanue Geu elkarteko kideak. Gune horrek, beste hainbat ekitaldirekin batera, erakutsi du posible dela elkarbizitza eta errespetua izatea festa giro beroenean ere.

PAULA AMILBURU AIHOTZ PLAZA
Paula Amilburu, bertsoak kantatzen, Aihotz plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jaiak amaitu dira, baina astebetez izandako irudi eta bizipen koloretsuek luzaroan iraungo dute gasteiztarren oroimenean. Kaleetan zehar hedatu den musikaren indarra, euskararen arnasa eta aniztasunaren aldeko aldarri ozenak, guztiak dira aurtengo festen parte. Aldi berean, baina, gertakari batzuek gogorarazi dute indarkeria matxistaren aurkako borroka funtsezkoa dela oraindik ere.

Gasteizek beste behin erakutsi du festa handi bat izan daitekeela bai topagune, bai hizkuntza eta kultura askoren elkargune, eta bai herritarren parte hartzearen isla. Amaitu dira aurtengoak, baina Mendizabaleko su festaren azken distirak bezala, jaiaren espiritua ere ez da berehalakoan itzaliko, eta bolada batez argituko ditu oraindik hiriko txoko bat baino gehiago. Datorren urtera arte, Zeledon!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.