Denak «penatuta» itxiera dela eta

Donostiako Eureka zientzia museoa ekainean itxiko dute, eta albiste hori zabaldu osteko lehen larunbatean familia ugari joan dira bertara. Haurrak disfrutatzen aritu dira, eta berria dela eta «triste» mintzatu dira gurasoak eta aitona-amonak.

Eureka zientzia museoa gaur, Donostian. Ekainean itxiko dute. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eureka zientzia museoa gaur, Donostian. Ekainean itxiko dute. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko martxoaren 28a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ispilu moduko bat, eta alde bakoitzean haur bat. Jolasean ari dira, barrez, poz-pozik. Toki berean, geroxeago, bi gazte, elkarri irribarre konplizea eginez. Haietako bat Iruñekoa da, eta Azkoitikoa (Gipuzkoa) bestea, Jagoba Arenas. «Eskolarekin aspaldi etorriak ginen. Itxi egin behar dutela jakin dugunean, etorri egin gara. Nahigabea sentitu dut albistearen berri izandakoan; jarraipena eman beharko litzaioke horrelako leku bati». Asteazkenean jakinarazi zuten ekainean itxiko dutela Donostiako Eureka zientziaren museoa. Baina zabalik da oraindik, eta larunbat eguerdian jendez lepo bete da tokia.

Planetarioan planeten inguruko film ikusgarri bat eman dute, euskaraz. Handik irten berritan, Mari Carmen Sansebastian 80 urteko andreak —Tolosakoa (Gipuzkoa) da— nabarmendu du «oso toki polita» dela Eureka. «Lehen aldiz etorri naiz. Eta pena iruditzen zait hau ixtea; hemengo guztia galtzea pena handia da».

Bisitari ugarik iritzi bera dute. «Penatuta gaude», dio Amaia Pinatxok. Arrasatekoa (Gipuzkoa) da, eta ikastolako ikasleekin askotan izan da Eurekan. «Gaur 5 eta 7 urteko seme-alabekin etorri gara. Haurrentzat oso toki polita da, oso dinamikoa, oso intuitiboa. Hemen aukera asko dago gauzak ikasteko».

Eureka zientzia museoa. Ekainean itxiko dute.
Askotariko aukerak ematen ditu Eureka zientzia museoak. Ekainean itxiko dute. ANDONI CANELLADA / FOKU

Museoa ondo baino hobeto ezagutzen du Ana Burgosek ere. Irungoa (Gipuzkoa) da. «Alabak txikiak zirenean etortzen ginen; irakaslea izan nintzenean, ikasleekin ere bai, urtero, eta gaur bilobekin etorri gara. Galera ikaragarria izango da hau ixtea. Haurrek pilo bat disfrutatzen dute hemen, eta eskolan zientzia gaiez hitz egiteko aukera oso ona ematen du». Donostiako Vanesa Prieto seme txikiarekin da, eta zaharrenarekin ere askotan izan da bertan. «Oso interesgarria da museoa, haurrentzat zein helduentzat».

Kutxa Fundazioaren argudioak

Donostiako zientzia museoak 25 urteko ibilbidea egin du. Kutxa Fundazioak idatziz adierazi du ulertzen duela albisteak «tristura eta nostalgia» sortzea oraindik. «Eredua modernizatzea beharrezkoa zen, egungo beharretara eta belaunaldi berrietara egokituagoa izan zedin. Aditu batzorde baten laguntzaz eta zientzia dibulgazioko azken jardunbide egokiak berrikusiz, Atenea izeneko proiektu bat diseinatu genuen». Iragarri dutenez, datorren urtean irekiko dute Atenea, Tabakaleran. Zehaztu dute gune horretan erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak eta bestelako adierazpideak egingo direla. «Badakigu egoera gazi-gozoa dela, baina ilusioz beteta eta konprometituta gaude proiektu honekin eta gizarteari egin diezaiokeen ekarpenarekin».

Eureka Bizirik mugimenduak, ordea, ohartarazi du gaur egun Miramonen dagoen museoak 8.000 metro karratu dituela eta Tabakalerakoa 500 metro karratukoa izango dela, eta, adierazi dutenez, leku hori ez da erabat zientziarako izango. Idoia Mugika zientzia dibulgatzaile eta Eureka Bizirik mugimenduko partaideak salatu du ez dagoela itxiera justifikatuko duen arrazoirik: «Gero eta beharrezkoagoak dira Eureka bezalako tokiak, non gauzak uki daitezkeen, esperientziak izan daitezkeen jolasaren bitartez, bertatik bertara. Askotariko ikerketetan diotenez, harreman zuzena dago zientzia museo bat izatearen eta herrialde horretan dagoen bokazio zientifikoaren eta dibulgazio zientifikoaren zabalkundearen artean». «Tabakalerakoa beste zerbait da, baina horrek ez du inondik inora zientzia museoa ordezkatuko. Zientzia museo bat ixtearen zama betiko geldituko zaigu». Sinadura bilketa bat abiarazi du talde horrek: 10.000 baino gehiago jaso dituzte dagoeneko.

Eureka zientzia museoa. Ekainean itxiko dute.
Eureka zientzia museoko munduaren bola, gaur eguerdian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Museoan hizkuntza bat baino gehiago entzuten dira. Marokokoa da Ahmed Bahlul Chuhib. Donostian bizi da. «Semeekin etorri izan naiz, eta primerakoa da toki hau. Bisitan etorri den lagun batekin nabil gaur hemen». Aurpegiko keinua aldatu zaio jakin duenean museoa ekainean itxiko dutela. «Ez da normala. Hiriarentzat eta herritarrentzat beharrezkoa da. Arduradunei eskatuko nieke museoa ez ixteko. Hau ez da McDonald's bat ireki eta ixtea bezalakoa».

Madriletik Donostiara iritsi berria da Edgar Sancho, emaztearekin eta 6 eta 4 urteko seme-alabekin. «Gaur egun, zenbait ideologia sasi-zientzia ari dira sustatzen, zientzia bainoago. Horrelako museo batek neska-mutikoak zientziara gerturatzen ditu, eta espiritu kritikoa sustatzen du. Benetan tristea iruditzen zait ixtea. Erabakia berriro planteatu beharko lukete». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA