Telesailak

Denborak hazten ikusi duen mutikoa

Paraguaiko Nanawa hirian Clarisa Navas zinemagileak Angel ezagutuko du, 9 urteko mutikoa. Hura hizketan entzutean hainbeste hunkituko da, non handik urtebetera berriro itzuliko den, eta elkarrekin film bat egingo dutela aginduko dion.

'El príncipe de Nanawa' telesaileko protagonista: Angel. FILMIN
'El príncipe de Nanawa' telesaileko protagonista: Angel. FILMIN
gaizka izagirre
2026ko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nanawa Paraguaiko hiri bat da, Argentinako Clorinda hiriaren parean kokatua. Mugako merkataritzak, desberdintasun ekonomikoek eta kultura-trukeek marraztutako lurraldea da, etengabeko joan-etorrien eta kontrasteen topagunea. Han, eguneroko bizitzaren joanean eta mugaren bi aldeetako munduen artean ernatuko da Clarisa Navasek kontatuko duen istorioa, Angel izeneko mutiko baten bizitzari jarraituz. Denboraren joana filmatzeko modu berezi bat, bizitza bere aldaketen lekuko bihurtzen duena. El príncipe de Nanawa bi ataleko telesaila da horren emaitza.

Nanawako kaleetan bi hizkuntza nahasten dira etengabe, guaraniera eta Argentinako gaztelania. Jendea batetik bestera dabil, erosi, saldu eta salgaiak garraiatzen, egunerokoari eutsi nahian. Mugimendu horren erdian ezagutuko du kasualitatez Clarisa Navas zinemagileak Angel, 9 urteko mutikoa. Hitz egiteko premia bizia du, barruan daraman guztia adieraztekoa, eta haren hizketaldiak Navas hunkitu egingo du. Urtebetera itzultzeko eta elkarrekin film bat egiteko hitza emango dio. Promesa horretatik abiatuko da hamar urte inguruko bidaia zinematografikoa, Angel hazten, aldatzen eta munduan bere lekua aurkitu nahian dabilen bitartean.

Hasierako une esanguratsuenetako batean, Angelek guaranieraren aldeko defentsa sutsua egiten du, eskolan hizkuntza horrek jasaten duen diskriminazioaren aurrean duen ezinegona adieraziz. Bere historia pertsonaletik harago doan auzi bat jartzen du mahai gainean: hizkuntzaren, identitatearen eta boterearen arteko harremana. Euskaldunok ongi ezagutzen dugun auzia da.

Istorioak bizitzaren erritmoari jarraitzen dio, aurrez ezarritako bide bati men egin gabe, egunen joan-etorrian agertzen diren pozaldiei, gatazkei, galerei eta kontraesanei leku eginez. Angel fisikoki hazten eta aldatzen ikusiko dugu, baina haren gorputzarekin batera eraldatuko dira haren ideiak, nahiak eta ingurukoekin harremanak izateko modua ere.

Aldaketa horren lekuko izateaz gain, filmak zuzendariaren eta protagonistaren arteko harremana ere erakusten du. Navas ez da istoriotik kanpo geratzen den behatzaile ikusezina. Kameraren aurrean sortutako konfiantza, hurbiltasuna eta elkar ezagutzeko gogoa urteekin aldatzen dira, eta bien arteko harremanak ere beste forma batzuk hartzen ditu. Horrek dokumentalaren izaerari buruzko galdera interesgarriak sortzen ditu: zer gertatzen da filmatzen dugun pertsona hazten denean? Nola eragiten dio kamerak haren bizitzari? Eta noraino irits daiteke zinemagilearen begirada beste baten intimitatean?

Denborari, identitateari eta heldu bihurtzeko zailtasunei buruzko proposamen biziki ederra da, poetikoa eta, aldi berean, lazgarria.

Denboraren begiradapean

Zenbait ikus-entzunezkoetan denboraren joana ez da istorioaren testuingurua soilik, protagonista ere bada. Urteetan zehar eraikitako obrak dira, pertsona berberen bizitzak, gorputzak, harremanak eta mundua ulertzeko modua nola aldatzen diren behatzeko sortuak.

Horren adibide nabarmenena Up Series dokumental-sorta britainiarra da, Paul Almondek 1964an abiarazia eta Michael Aptedek ondoren garatua. Zazpi urtean behin filmatutako ataletan, jatorri eta egoera sozioekonomiko desberdinetako hamalau haurren bizitzak jarraitzen dira. Richard Linklaterren Boyhood edota Alessandra Sanguinettiren La ilusión de un verano sin fin dokumentala ildo beretik doazen beste bi izenburu bikain dira.

Gertuagoko adibide bat ere badugu, Txakun txakür. Elsa Oliarj-Ines zuzendariak zortzi urtez filmatu du haur talde bat Zuberoako bere eskola zaharreko jolastokian, haur bakoitzak bere nortasuna nola eraikitzen duen eta denborak haien arteko harremanak nola eraldatzen dituen behatzeko.

'EL PRINCIPE DE NANAWA'

  • Sortzailea. Clarisa Navas. 
  • Herrialde. Argentina.
  • Urtea. 2025.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 112 minutuko bi atal.
  • Generoa. Dokumentala.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA