Donostiako Aste Nagusia

Dopamina efimeroa lau euroan

Bikingoen barkua, autotxokeak edota matxinsaltoaren atrakzioa. Barrakaz eta estimuluz josita dago Pasealeku Berria. Gazteak zein helduak, ordea, kexu agertu dira horien prezioaz: «Oso garestiak» direla diote.

Donostiako Pasealeku Berriko barrakak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Donostiako Pasealeku Berriko barrakak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko abuztuaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abordatzeko lehen partaideak Kontxara heldu bezain pronto, artalde baten gisa doa jende guztia Donostiako Pasealeku Berriko barraketara. Aquariumeko eskailerak igotzen hasi, eta segituan entzun daiteke reggaetona, bai eta lehen garrasiak ere. Musika altu dago, eta, ondorioz, nekez eduki daiteke ganorazko elkarrizketa bat ahotsa ohi baino gehiago altxatu gabe. «Urdaiazpikoa, txorizoa eta ardoa. Bat edo beste tokatu egingo zaizu», entzun daiteke paseoan aurrera egin heinean. Tonbola batetik dator soinua, eta hantxe dabil emakume bat atzera eta aurrera, mikrofonoa eskuan, esaldia behin eta berriz oihukatzen. Zenbait ikusle ditu parean, aulkietan eserita, urdaiazpikoa, txorizoa edo ardoa tokatuko ote zaien esperoan. Musika, oihuak, argiak eta jendetza joan-etorrian: estimuluz josita dago Pasealeku Berria.

Olatuek itsasertzeko hormaren kontra jotzen duten bitartean, hantxe dabil bikingoen barkua, alde batera eta bestera. Hegan egiten dutelako sentsazioa dute bidaiariek, eta, barkutik jaitsi ostean, askok aitortu dute «sekulako esperientzia» izan dela. Beste batzuei, berriz, ez zaie sentsazio hori gustatzen, eta nahiago dute lurrean gelditu. Horietako bat da Nahia Alvarez: esku batekin lagunen poltsei eusten dien bitartean, bestearekin lagunak grabatzen ari da, sakelako telefonoa hartuta, aurpegian irribarre txiki bat duela.

Itsasertzetik urrutiago daude, berriz, matxinsaltoaren atrakzioa, hamar metrora arte igotzen den kartzela eta autotxokeak. Horietan ibiltzeko lau euro eta hogei zentimo ordaindu behar dira, zehazki. Prezio adostua dute guztiek, baina leihatila batzuetan begiratuz gero, topa daiteke eskaintza bereziren bat edo beste; matxinsaltoarenean, kasurako: sei bidaia hogei euroan.

Dibertitzea «garestia» da

Lide Yarzabalek hamar euroko billetea eman berri dio semeari, matxinsaltoaren atrakzioan ibiltzeko, eta, saltoka, pozarren joan da umea leihatilara, bidaia baterako fitxa berdearen bila. Prezioak «oso garesti» daudela iritzi dio amak. Hori dela eta, askoz ere gutxiago joaten dira barraketara. Baina umeak, batzuetan, ez dira egoeraren jakitun izaten, eta gerta liteke gurasoei behin eta berriz eskatzea barraketan ibiltzeko baimena. Edonola ere, horrelako egoerak kudeatzeko, Yarzabalek badu irtenbidea: «Egun merkeetan etortzen gara, eta umeak barraketan ahalik eta gehien ibil daitezen aprobetxatzen dugu». Donostian, bi egun izaten dira egun merke horiek: Aste Nagusia hasi aurreko eguna eta amaitu osteko lehen eguna. Aurten, abuztuaren 7a, ostirala, eta 17a, astelehena. Hala, festek irauten duten egunetan «askoz ere gutxiago» etortzen direla adierazi du.

Handik metro batzuetara, kartzelan bidaia bat egin edo ez eztabaidatzen ari dira lau neska. 14 eta 15 urte dituzte Maialen Fernandezek, Laia Gratalek, Naroa Vicentek eta June Juaristik, eta haiek ere uste dute «oso garestia» dela barraketan ibiltzea. Adierazi dute egunaren arabera erabakiko dutela zenbat bidaia egin. Gaur, esaterako, gehienez hiru egingo dituztela zehaztu dute, baina argi dute ez direla egunero joango Paseo Berriko atrakzioetara: «Egunero etorriz gero diru asko gastatuko dugu barraketan, eta ez zaigu ezer ere geldituko beste gauza batzuetarako». Gainera, urtetik urtera garestitu egin dela nabaritu dute, eta «zaila» iruditzen zaie gurasoek emandako dirua jarduera guztietarako banatzea.

12 eta 13 urteko mutil kuadrilla bat, berriz, zer barrakatara igo erabakitzen ari da. Prezioen inguruan galdetuta, gainontzeko elkarrizketatuen antzera mintzatu dira: «Prezioak oso garestiak dira». Gurasoek aste osorako dirua ematen diete gazteei, eta haietako batzuek kopurua zehaztu dute: Asier Marteli hamar euro ematen dizkiote, eta Iker Arregiri eta Eneko Astierri, hogei. Hortaz, dirua non gastatu erabaki behar dute: «Gaur bi atrakziotan soilik ibiliko gara. Aste guztian, orotara sei aldiz, gutxi gorabehera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA