Sanferminak

Duguna Iruñeko udal dantza-taldeak botako du sanferminetako txupinazoa

Dantza taldeak botoen %39 lortu ditu: 10.159tik, 3.971. Oraindik ez dituzte izendatu uztailaren 6an txupinazoa botako dutenak, baina bi pertsonak botatzea nahi dute: gizon dantzari batek eta emakume dantzari batek.

Duguna dantza taldeko zuzendari Aritz Ibañez, taldeko presidente Angel Arana eta Iruñeko alkate Joseba Asiron. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko ekainaren 11
12:20
Entzun

Aurten, Udaletxe plaza balkoitik ikusiko dute Duguna Iruñeko udal dantza taldekoek. Izan ere, dantza talde horrek botako du 2024ko sanferminetako txupinazoa. «Oso pozik gaude. Aitortza gisa hartzen dugu hau, hiriaren opari gisa, gure 75. urteurrenean», esan du Aritz Ibañez Dugunako zuzendariak. Suziria jaurtiko duena aukeratzeko, 10.159 iruindarrek eman dute botoa, eta Dugunak 3.971 herritarren babesa jaso du: boto guztien %39. Joseba Asiron alkateak dantzariak zoriondu ditu: «Uztailaren 6an txupinazoa jaurtiko dutenek guztiok ordezkatzen gaituzte».

Duguna uztailaren 6an izango da udaletxeko balkoian, baina Ibañezek eskerrak eta zorionak eman nahi izan dizkie finalean egon diren beste elkarteei: Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitalea (3.466 boto), Fraile Anaiak gaiteroak (1.141), Nafarroako Emakume Desgaituen Elkartea (Amusdina; 794 boto), eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioa (787 boto).

Oraindik ez dute erabaki nork botako duen suziria uztailaren 6an, baina, Ibañezek aurreratu duenez, emakume bat eta gizon bat izatea nahi dute dantza taldekoek. Ordezkarien jantzia ere erabaki beharko dute: «Dantzarioi askotan esan digute sanferminetarako jantzita goazela, gure ohiko jantziak dauzkagunean».

Duguna dantza taldearen ibilbidea duela 75 urte hasi zen, 1949ko azaroaren 29an, San Zernin egunean, alegia. Hamasei dantzarik egin zuten taldearen lehen emanaldia, Iruñeko Udaletxe plazan. Orain, 150 bazkide dira, eta 50 dantzari baino gehiago. «Eskertuta gogoratu nahiko nituzke gure dantza taldeko kide izan diren dantzariak eta musikariak, 75 urteko ibilbide hau gaur eguneraino ekarri duten guztiak», esan du Ibañezek.

Uztailaren 7an dantzatu ohi dira Iruñeko Udal plazan, eta batzuetan balkoira begiratzeko ohitura dutela esan du zuzendariak: «Orain, jakin nahi dut nola ikusten den egoera hori kontrako norabidean; balkoitik plazara. Hori egiteko aukera eman digute herritarrek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.