Gertu Kultura egitasmoak Zubiak programa jarri zuen martxan iaz, kulturaren esparruko hainbat diziplina egoitzetara gerturatzeko asmoz. Orain arte, museoekin ibili dira elkarlanean; aurten, baina, dantza eta musika batu zaizkie. Amaia Salaberria Arce (Irun, Gipuzkoa, 1995) egitasmoaren bitartekari arduraduna da, eta azaldu du, programaren izenak dioen moduan, zubiak sortu nahi dituztela kulturaren eta zentroetan daudenen artean.
Gertu Kulturan egoitzekin lantzeko beste hainbat programa ere badituzue martxan. Zer du ezberdina Zubiak egitasmoak?
Egoitzetatik atera ezin diren adinekoen kultur eskubideak bermatzen ditu. Egoitzetan gozamenerako esparruak, harremanak eta oroitzapenak sortu nahi ditu, betiere kultur ondaretik, dantzatik eta musikatik abiatuta.
Nola sortu zen ideia?
Ikusi genuen, askotan, nahiz eta tokiak eta esperientziak pertsonentzat egokitu, batzuentzat inoiz ez direla irisgarriak izango. Egoitzetan bizi diren horiengan pentsatu genuen, batzuk ezin baitira bertatik atera. Beraz, esan genuen: «Zergatik ez dugu joan-etorriko esperientzia bat garatzen?». Hau da, museoko boluntarioak edo sortzaileak egoitzetara edo eguneko zentroetara joateko aukera izatea, bertan egoiliarrekin esperientziak garatzeko.
Nola laguntzen die proiektuak egoitzetan daudenei?
Onura ugari ditu orokorrean programak. Horietako bat da, esaterako, oroitzapenak aktibatzen laguntzen diela. Museo boluntarioek eramaten dituzte bildumetako elementu batzuk, edo artistek mugimenduak, musika edo proposamenak eramaten dituzte. Hortik abiatuta, ikusten dugu egunerokoan aktiboki parte hartzen ez dutenak ere aktibatzen direla, batez ere dantzaren eta musikaren bidez. Horrez gain, garrantzitsua da jarduera berri batean parte hartzeko aukera izatea; aurpegi berriak ikusten dituzte, harreman eta elkarrizketa berriak sortzen dira, baita egoiliarren arteko harremanak sustatu ere. Eta, zalantzarik gabe, egoitzetako bakardadeari aurre egiteko lagungarria da Zubiak programa.
Beraz, egoiliarren beharrak dituzue ardatz.
Hori da. Esperientzia hauetan kulturarekin zerikusia duten jarduerak dira abiapuntua, baina baita pertsonen beharrak ere. Haiekin batera burutzen da esperientzia, eta horri esker elkarrizketak sortzen dira.
Zein da dinamika?
Museoetakoek, esaterako, ukitzeko elementuak eramaten dituzte, argazkiren bat edo zerbait fisikoa. Egoiliarrekin batera sortzen da elkarrizketa, gero esperientzia garatzeko. Adibidez, Balentziaga museoak joskintzaren inguruan hitz egiten die. Tokian bertan, askotan, jostunak izandako emakumeak daude; beraz, horri esker sortzen da istorioa. Arrantzaleak edo dantzariak izandakoak ere egoten dira, eta horrekin konektatzen dute museoek.
Harrera ona izan du programak?
Oso ona. Bai egoiliarren aldetik, bai profesionalen aldetik. 22 egoitzak parte hartu dute, eta berriz parte hartu nahiko luketela adierazi digute; hori oso positiboa da guretzat. Gainera, ikusi dugu egoitzetan espazio lasaiak eta atseginak sortu direla, non parte hartzaileak baloratuak eta entzunak sentitu diren.
Zein museo eta artista batu zaizkizue orain arte?
Gertu Kulturaren sarean dauden museoak dira, guztira sei: Balentziaga museoa, D'Museoa, Euskal Itsas Museoa, Museum Cemento Rezola, Zumalakarregi museoa eta Igartubeiti Baserri Museoa. Musikari dagokionez, Eragiyok abesbatza eta Emari musika taldea batu zaizkigu. Eta Alba Fernandez artistak dantza eraman du egoitzetara. Edonola ere, proposamena erabat zabalik dago batu nahi duen artista, sortzaile eta museo ororentzat.
LOTSABAKO
Etorkizunerako beste proiekturik?
Oraingoz, proiektu honen bitartez ikasten jarraitu nahi dugu.