Dozenaka pertsona eliza bateko aulkietan eserita, aldare aurrean dagoen gizonari begira. Ez da, ordea, meza Lezako (Araba)Â San Martin Toursekoaren elizan gaur goizean egin dutena, bisita gidatua baizik. Eliztar faltsuen belarrietara ez da Jaungoikoaren berba iritsi, Arabako Errioxako historiaren eta ondarearen inguruko milaka xehetasun baizik.
Apaiza ordezkatu duen gidarena egiten, Erdi Aroko Araba elkarteko Ander Gondra historialaria ageri da, erudizioa erakusteko aukera hori zukutzen. Haren ahotik datu interesgarriak ateratzen dira bata bestearen ostean: Leza Guardiatik bereizi zenekoa, elizaren aurrealde gotikoaren inguruko xehetasunak, barruko artelanen egileen bizitzetako pasadizoak... Jakintzaz blai daude bisitarien begi-belarriak, Gau Beltzaren aurreko goizean egun beltzik gotikoena igarotzen.
Harribitxi ezezagunak
Bisiten ideia nola sortu zen azaldu du Gondrak: «Arabako Errioxako kuadrillarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin bisita gidatu hauek antolatzen hasi ginen eskualdeko harribitxi ezezagunak ikusarazteko asmoz. Horregatik aukeratu ditugu gaurkoan Lezako eta Navaridasko elizak: arkitekturaren erakusgarri bikainak dira, baina ahaztuta egon dira, Guardiakoen eta Bastidakoen aldean, esaterako».
Larunbat goiza XVI. mendeko elizak bisitatzen emateak friki samalda bati dagokion denborapasa lirudike, baina elkarteak hilero herrietako eliza eta eraikinetara antolatzen dituen bisitek badituzte jarraitzaile fidelak. Horietako bat da Ramiro —ez du abizenik eman nahi izan—, Lizarra (Nafarroa) aldetik etorria. «Ez dugu bisita bat bera ere galtzen. Facebooken bisita honen iragarkia ikusi nuenean, berehala erabaki nuen hona etortzea, bizi naizen tokitik 50 minutu eskasera baitago», kontatu du. Eta, Arabako Errioxa Euskal Herriaren epizentrotik lekutan dagoela badirudi ere, ez dira falta urrunetik iritsitako bisitariak. Gondrak nondik etorri diren galde egin duenean, arabarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak agertu dira, baita Errioxatik eta Burgostik (Espainia) etorritakoak ere.Â

Bisitak ez dira kanpotarrentzat soilik interesgarriak. Lezako eliza barruan bisitariak gidari entzuten ari direla, absidearen albo batean, sakristiaren ertzean, adineko emakume bat egon da, eremu sakratuaren zaindari, gidari entzun bitartean. Saturnina Puelles da, herriko bizilaguna; eta, halako bisitak daudenetan, bera arduratzen da eliza irekitzeaz eta ixteaz. «Nire ustez, oso egitasmo positiboa da. Burua zaharkitua dut, eta ja ez zaizkit datu asko sartzen, baina, hainbeste aldiz entzun ostean, gauza asko ikasi ditut bizitza osoan ikusi dudan eraikin honi buruz, eta herria ikusarazteko ere balio du».
Hori azaldu, eta laster joan da, azken bisitaria elizatik atera baita, eta dena itxi beharra baitago. Lezatik ondoko Navaridas herrira doaz bisitariak. Hango eliza ezagutu nahi duena, bihoa hurrengo bisitara.