EITBk Kirolak ataleko webgunea berritu du, erabiltzaile gazteak erakartzeko

Atariak zuzeneko emanaldi gehiago eskainiko ditu, eta arreta berezia ipiniko die andrazkoen kirolei. Milioi bat erabiltzaileko komunitatea sortu gura dute.

Andoni Aldekoa, gaur, EITBren Bilboko egoitzan antolatu duten ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Andoni Aldekoa, gaur, EITBren Bilboko egoitzan antolatu duten ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko urtarrilaren 22a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aldatzen ari dira ikus-entzunezko edukiak eta hedabideak kontsumitzeko manerak, eta aldatzen ari dira, ondorioz, eduki horiek ekoizteko eta hartzaileei helarazteko moduak. Joera berrietara egokitzeko, EITBk webgune berri bat ondu du Kirolak atalerako. Ez da «webgune soil bat», Jon Balentziaga aurkezleak ohartarazi duenez gaur, EITBren Bilboko egoitzan egin duten ekitaldian —Olatz Foruria aurkezlearekin batera gidatu du saioa—. «Kirola ikusteko eta bizitzeko beste modu bat da». Atari berriak zuzeneko emanaldi gehiago eskainiko ditu; diziplina nagusiek ez ezik, hedapen gutxiagokoek ere beren leihoa izango dute; eta «modu berezian zainduko da emakumezkoen kirola». Webgune «intuitiboagoa eta ikus-entzunezkoagoa» taxutu dute, oro har. 

Aurkezleek gogoratu dutenez, EITBk joan den urteko urtarrilean sortu zuen Kirolak marka. Baina aspaldiago abiatu zituzten ahaleginak. Horretara «derrigortuta», eskaintza «birpentsatzeko» bide bat zabaldu zuten orain dela lau urte, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiaren hitzetan. Argi dute zein den jopuntua. «Gazteekin bat egin nahi dugu: hori da EITBren estrategiaren ildo nagusia». Zuzendariaren arabera, telebistak eta irratiak herritar batzuengan baino ez dute eragiten dagoeneko: nagusiki, 50-55 urtetik gorakoengan. «Gure rola jokatzen segitu nahi badugu, ezin ditugu gazteak galdu: gazteak berriro lotu behar ditugu gure hizkuntzara —euskarara—, kulturara, herrialdera». Horretarako, digitalizazioa ezinbestekoa da. «Hori da gure obsesioa: 30 urtetik beherakoengana heltzea. Sarean edukiak kontsumituko dituzten milioi bat laguneko komunitatea sortu nahi dugu». 

Kolorearen garrantzia

Kirolak dira bide orri horren lehentasunetako bat, Aldekoaren berbetan. Nabarmendu duenez, gehien kontsumitu diren ETB On plataforma digitaleko edukietan laugarrena da esku pilotako Binakako Txapelketa, eta gehien ikusi direnen artean dago, halaber, zesta-puntako Winter Series txapelketa. Gazteentzako erakargarria izan dadin, diseinu koloretsua baliatu dute kiroletako webgune berrian. Kirol bakoitzari tonu bereizgarria eman diote: arraunari, arrosa, «pasioa transmititzen duen kolorea», Balentziagaren esanetan; txirrindularitzari, urdina, «bidea eta distantzia sinbolizatzen» baititu, Foruriaren berbetan —nahiz eta lasterketa batzuk bestelako tonuekin jantziko dituzten: esaterako, arrosaz tindatuko dute Italiako Giroa, eta hori distiratsuz Frantziako Tourra—; herri kirolei, laranja, «kolore beroa, herri honen iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzeko»; pilotari, grisa eta beltza, «tradizioa eta emozioa» uztartzeko —pilotako diziplina guztietako 250 emankizun baino gehiago ematen ditu kate publikoak urtean—; eta berde kolorearekin batuko dituzte gainontzeko diziplinak.

«Gure rola jokatzen segitu nahi badugu, ezin ditugu gazteak galdu: gazteak berriro lotu behar ditugu gure hizkuntzara —euskarara—, kulturara, herrialdera»

ANDONI ALDEKOA EITBko zuzendari nagusia

Kirol horietan guztietan emakumeen presentziak izan duen gorakada azpimarratu dute, eta webguneak ere islatuko du bilakaera hori. Horrez gain, sakelakoetarako aplikazioa ere eskuragarri dago jada, eta Whatsapp zerbitzua ere izango dute laster.

Galdera jakin batzuk daude EITB Kirolak-en webgune berriaren oinarrian, Amane Ibañez EITBko Kiroletako zuzendariordearen esanetan: «Kirolak nola bizi nahiko genituzke? Nola kontsumitzen ditugu kirolak gaur egun?». Haren berbetan, kontsumitzaileak daborduko ez dira egoten edukien zain, baizik eta bilatu egiten dituzte. «Gurea mundura zabaltzeko erabateko konpromisoa daukagu: euskaraz, euskararekin, mundu guztiarentzat», berretsi du Joseba Urkiola EITBko Kiroletako zuzendariak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.