EITB Nahieran-en lekukoa hartu du ETB On plataforma digital berriak

Plataforma berrian bilduko dituzte zuzenekoen eskaintzarik handiena eta ETBko eduki onenak, nahi den aldian eta moduan ikusteko.

Nerea Alias eta Julen Telleria ETB On plataformaren aurkezpenean, Bilbon. ETB
Nerea Alias eta Julen Telleria ETB On plataformaren aurkezpenean, Bilbon. ETB
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 16a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«EITBren soluzioak digitalizatzeko beste urrats bat da hau». Hala esan du Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak gaur, Bilbon, talde publikoaren ETB On plataforma berriaren aurkezpenean. Bi urtean EITBk aurkeztu duen bosgarren plataforma da: Primeran, Makusi, Guau, Orain eta ETB On. Bost. «Azken plataforma da hau, baina datozen hilabeteetan aldaketa gehiago etorriko dira», zehaztu du Aldekoak.

Teknologia berria ardatz hartuta, EITB Nahieran zerbitzua «birformulatu eta etorkizunera begira jarri du EITBk, «erabiltzaileei esperientziarik onena» eskaintzeko. ETB On plataforman bilduko dituzte «zuzenekoen eskaintzarik handiena» eta ETBren «eduki onenak», nahi den aldian eta moduan ikusteko. Talde publikoaren arabera, kontsumo eredu berrietara egokitutako diseinua du plataforma berriak, eta «OTTrik onenen mailako erabiltzaile esperientzia» eskaintzen du.

Igor Jainaga, Izaskun Ozerin, Andoni Aldekoa, Jose Luis Roman eta Jesus Llamas ETB On plataformaren aurkezpenean, Bilbon. ETB
Igor Jainaga, Izaskun Ozerin, Andoni Aldekoa, Jose Luis Roman eta Jesus Llamas ETB On plataformaren aurkezpenean, Bilbon. ETB

Julen Telleria eta Nerea Alias aritu dira plataformaren estreinaldiaren aurkezle lanetan, EITBren egoitzako bosgarren platoan. Jose Luis Roman EITB Mediako zuzendariak azaldu du nolakoa den plataforma berria: «ETB On doakoa eta elebiduna izango da. Ez du irratirik bertan izango, hori Guauren eskumen esparrua baita. Nahieran-en esentziaren onena jasoko du ETB On plataformak». Romanek eskerrak eman dizkie plataformaren sorreran lanean aritu direnei, tartean Mediapro konpainiako Overon enpresako kideei.

Aktualitate eta entretenimendu saioak, telesailak, filmak eta dokumentalak ikus daitezke ETB On plataforma digital berrian. ETBren historiako «edukirik onenen» aukeraketa bat egin dute, eta bertan dira fikzio lanak eta bestelako telebista programak —lehengoak eta oraingoak—.

EITBk iragarri duenez, zuzeneko emanaldiak izango dira ETB On plataformaren apustu nagusietako bat. EITBren zuzeneko guztiak ez ezik, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren aktualitate ekitaldien zuzeneko bereziak eskainiko dituzte. Larunbat honetan, kasurako, Bizkaiko Bertso Txapelketako finala emango dute bertan, zuzenean.

ETB On plataforma berria. ETB
ETB On plataforma berria. ETB

Kirol eskaintza indartu egingo du plataforma berriak. Asteburuko emankizunen askotariko leihoez osatutako pantaila aurkeztuko dute doako zerbitzu berrian. Gainera, kirol ez profesional guztiek bere atala izango dute. Joseba Urkiola EITBko Kirol zuzendariak pauso berriak emango dituztela iragarri du: «Profesional izango diren horiei bidea eman nahi diegu. Futbolak ez ezik, eskubaloiak, saskibaloiak, errugbiak, atletismoak eta beste hainbat kirolek tokia izango dute plataforma berrian».

Plataforma berriak gaikako lau kanal berezi ditu: Sukaldaritza —ETBko hamabost saio gastronomiko ikus daitezke—, El Conquistador, Vaya Semanita eta Herri txiki, infernu handi. Horiek horrela, Armintz Gorrotxategi, Mikel Pagadi eta Miren Nogales oholtzara igo dira, eta bideoetan agertu dira El Conquistador-eko aurkezleak eta Vaya semanita-ko aktoreak. Demode Quartet taldeak jarri dio musika ekitaldiari. 

EITB Nahieran zerbitzuan taldeko irratietako saioak entzun zitezkeen noiznahi. Hemendik aurrera, ordea, EITBko irratietako eduki guztiak Guau audio plataforman entzun ahalko dira; plataforma horretan bertan zuzenean ere entzun ahalko dira irratiak. Romanek nabarmendu du EITBren plataformak «oso datu onak» lortzen ari direla.

Nola ikusi plataforma

Gailu eramangarrietan —telefonoetan eta tabletetan—, EITB Nahieran aplikazioa eguneratzerakoan ETB On bilakatuko da. Halaber, Google Play eta App Store denda digitaletan eskura egongo da aplikazioa. Interneten, erabiltzailea edozein nabigatzaileren bidez sartu ahalko da www.etbon.eus helbidean. Helbide elektroniko bat eta pasahitza bat behar dira kontua sortzeko —EITBren beste plataformetako pasahitzak erabil daitezke—.

Telebistan ere ikus daiteke plataforma, Chromecast gailu bat erabilita edukia telefonotik Android TVra bidaltzeko, adibidez. Edo Hbbtv 1.4.1. bertsiotik aurrera, ETB kanaletan botoi gorria sakatuta.

Abenduaren erdialdetik aurrera, honako Smart TV hauetan ere eskuragai izango da ETB On: Android TVn (zazpigarren bertsiotik aurrerakoa duten gailu eta telebistetan) eta Fire TVn (FireOS 5etik aurrera, Amazon Store dendan). Datozen hilabeteetan iritsiko da Apple TVra eta Samsung, LG eta Hisense telebistetara.

Zerbitzu berriaren inguruko zalantzak argitzeko, EITBren arreta zerbitzura edo 900-11 25 25 telefono zenbakira jo behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.