EITB

EITBko irratietan hiru greba egunera deitu dute, «inposizioen aurka»

Hilaren 14an eta 26an eta urriaren 19an izango dira lanuzteak. Salatu dute lan hitzarmena ez dela berritu hamahiru urtean.

Radio Euskadiko langileen greba bat, 2014an. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Urtzi Urkizu.
2023ko irailaren 11
11:41
Entzun

EITB taldeko irratietan ezinegona gailentzen ari da langileen artean. Bat baino gehiago dira ezinegonaren arrazoiak, baina gailentzen direnetako bat da hamahiru urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe. «Bitartean, gainera, gure zereginak eguneratu eta egokitu behar izan ditugu, lan baldintza horiei buruz negoziatu ezinik», adierazi du ohar batean EITB Media Irratiko Zentro Arteko Batzordeak —ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak daude bertan—. Joan den astearen amaieran, egoeraren aurka protesta egin ala ez erabakitzeko batzarrak egin zituzten Bilboko, Gasteizko eta Donostiako egoitzetan. Eta, langile gehienen babesarekin, zentro arteko batzordeak hiru greba egunera deitu du: hilaren 14rako —ostegun honetan bertan—, 26rako, eta urriaren 19rako. «Inposizioez nazkatuta gaudela jakinarazi nahi dugu, eta aldarrikatu nahi dugu negoziazio markoa errespetatzeko, eta gure lan baldintzak hobetzeko. Egiten dugun lana aitortzea ere nahiko genuke».

EITB Media Irratiko Lan Batzordeak, duela hiru hilabete, hautsitzat jo zituen hitzarmenaren gaineko negoziazioak. «Zuzendaritzak, aldebakarrez, bere plataformako puntuetako bat inposatu du, eta berdin izan dio erabaki horrekin lan poltsaren kontratazio baldintzak bertan behera utzi izana», diote langileen ordezkariek.

Badira langileen artean kezka sortu duten beste erabaki batzuk; esate baterako, Radio Euskadiko Boulevard irratsaioa ETB2 katean hasi dira zuzenean ematen, 07:00etatik 09:00etara. «Hori egin ahal izateko, langileen irudi eskubideak aitortu gabe utzi dituzte», dio zentro arteko batzordeak. «Erabaki horren kontrako jarrera irmoa erakutsi dugu behin eta berriro, eta zuzendaritza jakinaren gainean zegoen lehendik ere». Adibidetzat jo dute Gaztea irratiko langileek, negoziaziorik ezean, uko egin ziotela irudi bidezko irratiaren proiektuari.

Lan kargak eta beste
Langileen ordezkariek EITBko zuzendaritzaren «inposaketa» adibide gehiago eman dituzte, eta lan arloko beste salaketa batzuk egin. «Azkeneko gertaerek urte askoko lana pikutara bidaltzen dute: hain zuzen, irrati publikoaren kalitatea bermatzeko langileek egindako lan nekaezina».

Beste puntu hauek aipatu dituzte, egoeraren erakusgarri: «Kontuan izan behar da txanden aldaketa, zereginen areagotzea, baita lan kargari dagozkion erabakiak enpresaren beharren arabera moldatu direla ere». Enpresaren beharrak bai, baina langileen egoera ez dela aintzat hartu salatu dute. «Negoziatu gabe egin dute hori guztia, eta langileek ordainetan ezer jaso gabe».

Greba deialdiak egun esanguratsuetarako egin dituzte: ostegunean politika orokorrari buruzko eztabaida egingo da Eusko Legebiltzarrean; eta hilaren 26an, Alberto Nuñez Feijooren inbestiduraren gaineko eztabaida egingo dute Espainiako Kongresuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.