Gaur arratsaldean, EITBko administrazio kontseiluan bozkatu dute talde publikoaren datorren urterako aurrekontua. Onartu egin dute, aldeko hamahiru boto eta kontrako lau bilduta —hiru kontseilari falta ziren bilkuran—. Gaurko bozketan kontra bozkatu du EH Bilduk. Kontuan izan behar da bozketa horrek ez duela betorik ezartzen; iaz, EH Bilduk, ELAk eta PPk kontra bozkatu zuten, eta diru sailak ez zuen bi hereneko gehiengoa lortu, baina, hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko aurrekontuan sartu zen.
Ohiko prozedurari jarraituz, gaur onartu den aurrekontu zirriborroa Eusko Jaurlaritzak onartuko du bihar ofizialki. Okerrik ezean, EITBk 211,89 milioi euroko aurrekontua izango du 2024rako. Hau da, aurten baino 13,1 milioi euro gehiagokoa. Igoera are handiagoa izan zen 2022tik 2023ra: 21,4 milioi euro handitu zen.
Aurtengo aurrekontuaren 105,9 milioi euro funtzionamendu gastuei aurre egiteko izan dira —77,2 milioi euro langile gastuetarako dira—. EITBk 1.090 laguneko langile taldea du: %61 ETBkoak dira, %28 irratietakoak, %5 EITB Net-ekoak; eta %7 EITB taldekoak.