Asteburuko proposamenak

Ekitaldi andana eta bertze herri bat

Seigarren aldikotz eginen dute Baratxintxo Fest festibala, Erronkaribarren. Orotariko kultur ekitaldiz osatua da egitaraua, eta igandera artio iraunen du.

Jean Philippe Kikolasen 'Calor' ikuskizunaren irudi bat. BERRIA
Jean Philippe Kikolasen 'Calor' ikuskizunaren irudi bat. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2026ko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo aldian 11 ekitaldi izanen ditu Barantxinto Fest jaialdiak. Erronkaribarko (Nafarroa) lau herritan barna, zirkua, musika eta poesia performanceak eginen dituzte gaurtik igandera bitarte. Saioa Iribarren antolatzailearen arabera, bitartekaritzan ezarri dute arreta, herritarren eta artisten arteko topaketak garrantzitsuak baitzaizkie. «Publiko gisa zatozelarik, normalean ikuskizuna kontsumitzen duzu, eta bazoaz. Aurten, artisten eta jendearen arteko harremana sustatu nahi izan dugu, artearen elitismoa hausteko; artista ez dadila zerbait ukiezina izan».

Hain zuzen ere, Sweet Chilli Circus konpainiari egin diote harrera egonaldi baten karietara, eta konpainiarekin topaketa batzuk antolatu izanaz kontent agertu da Iribarren. «Jaialdia hasi baino lehen, topaketak antolatzen ditugu gurekin hartua dugun konpainiarekin, eta aitzakia bat da sozializazio gune bat sortzeko. Gure ekitaldietan izan direnek azpimarratu digute elkarrekin egoteko gune bat behar zutela, eta horixe da jaialdia».

Berritasunen artean, Ander Basaldua antolatzaileak nabarmendu du hiru ekitaldi Bidankozen antolatu dituztela lehen aldikotz, eta, gainera, lekuko bi artistari sostengua ekarri dietela. «G.U.D.A-G.U.E.R.R.A poesia performancea egingo dute Iosu Sanzek eta Beñat Zigandak. Biak herritarrak dira, eta plazer handia da guretzat ahal den heinean bertako artista hasiberriak laguntzea».

«Jaialdia hasi baino lehen, topaketak antolatzen ditugu gurekin hartua dugun konpainiarekin, eta aitzakia bat da sozializazio gune bat sortzeko»

SAIOA IRIBARRENAntolatzailea

Azpimarratzekoen artean, bertzalde, erran dute ebiakoitzeko herri bazkaria eta mikro irekia arrakastatsuak izaten direla, eta nahiz ekitaldi «xumeak» izan oso esanguratsuak direla.

Orotariko egitaraua

Atzo hasi zuten jaialdia, Sweet Chilli Circus konpainiaren Trashumantes karrikaratuz, eta gaur, berriz, ekitaldi nagusia eginen dute Burgin (Nafarroa), 19:30ean. Horren ondotik, 20:30ean, Jean Philippe Kikolasen Calor zirku garaikidea ikusten ahalko da.

Bihar izanen da festibaleko egunik «handiena», eta, horren karietara, 11:00etan poesia performancea emanen dute Sanzek eta Zigandak, Bidankozen. Gero, Badut taldeak Flamenkito ikuskizuna plazaratuko du, eta, hortik landa, Ganso & Cia konpainiaren Welcome & Sorry izanen da, 12:30ean.

Egun berean, herri bazkaria eginen dute Erronkariko Errotan, 15:00etan. Mikro irekia ere izanen da ondotik, 16:30ean. Bazkalondoan, Orain Bi konpainiaren Mute zirku ikuskizunaz goza dezake festibalari orok. Eguna bukatzeko, Izabako Fuera de Tono taldeak kontzertua emanen du Suargin.

Biharamunean, igandez, Uztarrotzera joanen da festibala. Han berean, 12:00etan, Gilkitxaro antzerki taldearen Alperrak, tunanteak eta maleanteak emanen dute zentroan. Festibala finitzeko, berriz, Ertza dantza taldeak Otempodiz ikusgarria emanen du, 13:30ean, plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA