Mizel Theret. Dantzaria eta koreografoa

«Ekoizpenaren munduan, presente egon behar duzu beti»

Euskal kultura da Thereten abiapuntua, eta dantza garaikidearen bidez lantzen du. Minimalistak dira haren piezak, eta sentitu behar dira, ez ulertu. «Dantzaren misterioa hausten baduzu, lana itotzen duzu».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Sortzeko patxada, eta sortu gabe egoteko lasaitasuna, merkatuaren eskakizunetatik aske: helburu hori lortua du Mizel Theret (Hazparne, Lapurdi, 1959) dantzari eta koreografoak. Haren ustez, poesia da agertoki batean egoteko baldintza, eta poesia sorliteke birtuosismorik gabe, mugimendu gutxirekin. 2011n, 50-60 urteko ibilbidea zuten hiru maisu dantzan jarri zituen Oroitzen naiz koreografian, eta entseguen grabaketekin ondutako dokumentala aurkeztu du berriki Bilbon,Fundicion aretoan.

Hasieran, dantza festa giroari lotuta zegoen zuretzat, Hazparnen.

Ene lehen oroitzapenak euskal dantzarekin izan dira. 11 urterekin, euskal dantzak ikasten hasi nintzen Hiriburuko [Lapurdi] talde batean. 17-18 urterekin, Etorki dantza taldean sartu nintzen. Bospasei urte egin nituen; momentu hartan, kasik profesionalak ginen, eta ibili ginen munduan zehar, hala nola Ipar Ameriketan, Kanadan, Mexikon... Erran nezake ene motibazioa, garai hartan, hori zela: bidaiatzea.

Gero, dantza garaikidera jo zenuen. Zerk erakarri zintuen?

Dantzarekiko beste kontzepzio batzuk ezagutzea inportantea zen. Euskal dantza menperatzen nuen, eta beste arlo bat deskubritu nahi nuen; dantza garaikidea biziki libre sentitzen nuen. Halako batean, bazter batean utzi nuen euskal dantza, eta dantza garaikidea ikasten hasi nintzen.

Parisera joan zinen dantza garaikidean formatzera. Zer giro zegoen?

Ikusgarri anitz ikusten nituen. Garai hori biziki aberatsa izan zen enetako, talde konpainia anitz sortu baitziren Frantzian. Eta korronte bat ere sortu zen: La nouvelle danse française; dantza frantses berria. Koreografoek bazuten helburu bat: haien estilo propioa atzematea. Denbora hartan ezagutu nituen maisuak, amerikanoak bereziki: Merce Cunningham, Trisha Brown,Alemaniatik etorritako Pina Bausch... Eta Frantzian sortutako hainbat koreografo. Eta hasi nintzen ene lanak egiten. Xedea zen euskal dantza eta dantza garaikidea uztartzea.

Nola atera zen?

Hamar urtez, sorkuntzaz sorkuntza ibili nintzen, hibridazio lan hori egiten. Baina konturatu nintzen aterabiderik gabeko gauza zela, ze nahasketak ez zuen funtzionatzen enetako; ez nuen kausitzen manera. Deliberatu nuen euskal dantza bazter batean uztea, eta bakarrik garaikidea egitea, baina beti atxikiz lotura bat euskal kulturarekin.

Uztarketak zer harrera izan zuen?

Harrera nahiko ona, publikoaren partetik. Enetako, behar zen menperatu biziki ontsa bai euskal dantza, bai dantza garaikidea. Sentitzen dut euskal dantza ez dela errazki ezkontzen besteekin, zeren biziki kodifikatua da; nik kode horiek hautsi nahi nituen. Orain, talde batzuk ari dira, baina segidan nabaritzen da non hasten eta finitzen den euskal dantza. Horregatik baztertu nuen.

Nola islatzen da euskal kultura zure piezetan?

Adibidez: gustatzen zait euskal pilota. Hartu nuen jestua [besoarena], eta testuinguru guztia kendu nion: partidarik ez duzu, frontoirik ere ez duzu ikusten... Hartu nuen elementu koreografiko bat bezala; hasi nintzen testura batzuk atzematen... Abstrakzioan sartzen naiz, baina abiapuntua euskal kulturako elementu bat da. Gero, ene libertate osoarekin, beste gauza bat egiten dut horrekin. Badut beste proiektu bat; 2025erako, espero dut. Baliatuko dut euskara: grabaketa anitz egin ditut, baina eni bakarrik soinua interesatzen zait, ez esanahia; koreografia bat sortu nahi dut soinuarekin bakarrik.

Erabili izan dituzu beste diziplina batzuk ere koreografiak sortzeko: Oskar Alegriaren Hotza filma (2018), adibidez. Beste euskarrietatik abiatuta, nola proiektatzen duzu koreografia?

Saiatzen naiz bide pertsonala egiten, nahiz eta eraginak hor diren. Zinema festibal batean ikusi nuen Oskar Alegriaren film labur hori, eta hunkitua izan nintzen segidan. Zerbait egin behar nuen. Ene baitan, zer harreman izan dezaket film horrekin? Badira paisaia batzuk, ezagutzen ditudanak... Zer egin horrekin? Biziki zaila izan zen, baina ikusten nuen filmean isiltasuna biziki inportantea zela, baita soiltasuna ere; bazirudien basamortu batean ginela, elurrezko basamortu batean. Eta enetako bazen segidan oihartzun bat ene lanarekin; ze nire lana da, gero eta gehiago, arrunt minimalista; nirea da jestu gutxiko dantza bat. Aldiz, Oskar Alegriaren film laburrean bada narrazio bat; ni ez nintzen hor sartu. Orduan, zer interesatzen zait? Bakarrik soiltasuna, isiltasuna, basamortua...

Nola dantzatzen da isiltasuna?

Eni asko gustatzen zait isiltasuna. Isiltasuna eta gelditasuna. Mugimendu gabeko momentu batzuk izan behar dira ene kreazioetan. Isiltasunarekin badut harreman berezi bat, behar baitut. Ez zait gustatzen gaur egun dugun bizitza frenetikoa. Isiltasuna ez da enetako huts bat; osoa da. Isiltasuna eta gelditasuna elkarrekin doaz: isiltasun baten ondotik egiten duzu jestu bat, eta gaitzeko oihartzun bat hartzen du. Interesatzen zait nola betetzen diren isiltasuna eta gelditasuna, eta horren ondotik nola hasten den lehen mugimendua.

Zergatik erabaki zenuen minimalismora jotzea?

Konturatu nintzen momentu batzuetan ene dantza estudioan jesturik gabe gelditzen nintzela; orenak eta orenak. Irudimenak funtzionatzen zuen, baina jestuak ez ziren heltzen gorputzera errazki. Seinale bat izan zen: ez du balio denbora eta espazio guztia jestuz eta mugimenduz betetzeak. Zer behar dut? Hasten naiz mugimenduekin, landuz eta landuz. Eta, azkenean, geratzen da kasik deus ere, baina deus hori biziki gustatzen zait. Hori publikoari pasarazi behar diozu, eta hori da problema; nire lana bazter batean kokatzen da, ez da batere ikusgarria. Harremana atzeman behar dut publikoarekin.

Nola?

Irekia bada sartzeko, bikain; baina aurreiritzi batzuekin badaude, edo ulertzeko nahiarekin, ez da posible. Ene lana sentsazioen bidez errezibitzen duzu, ez gogoarekin. Enetako, dantza arrunt misteriotsua da. Eta hausten baduzu misterio hori, esplikatuz, itotzen duzu lana. Anitzek konprenitu nahi dute.

Teknikak zer garrantzi eduki behar du?

Bistan da: teknikarik gabe, ez da posible. Baina teknika ez da agertu behar lehen planoan. Eta anitzek hori egiten dute: haien balentria erakutsi nahi dute, gai direla zernahi gauza egiteko. Enetako, dantzaren funtzioa da publikoaren irudimena piztea, hori bakarrik; sentsazio batzuk pasaraztea, eta deus gehiago ez.

Garai batean dantza baztertu zenuen. Zergatik?

Kasik zortzi urtez egon nintzen kanpoan, deus jakin gabe mundu horretaz; behar bat sentitzen nuen. Lehenago, kasik urtero, sorkuntza bat egiten nuen. Ilusio anitzekin; baina nekagarria zen. Eta ez nuen gaitasunik kreazio berri bat egiteko; halere, egin behar zen. Ekoizpenaren mundua holakoa da: desagertzen baldin bazara hiru urtez, desagertu zara; presente egon behar duzu egun guztiz; zozokeria bat da, baina hala da. Ez baduzu sorkuntzarik egiten, ez duzu diru laguntzarik errezibitzen. Gainetik, sorkuntza egin eta gero, bospasei emanaldi genituen, gehienik. Orain ere ez da aldatu.

Nobedadeak eskatzen dira beti?

Bai; bestela, desagertzen zara, eta beste batzuek zure lekua hartzen dute. Mekanismoa biziki perbertsoa da. Behar nuen motibazio berri bat ukan, eta erritmo horrekin hautsi. Bon, posible da, baina beste lan bat ukanez; bestela, zertaz bizi zara? Beste lan bat atzeman nuen, eta banuen denbora gehiago sortzeko. Baina kosta zait oreka hori atzematea. Nik ezagutzen ditut sortzaile batzuk kasik depresioan. Eta Euskal Herri honetan, gauza zailagoa da: diru laguntzak jasotzen dituzu zure sorkuntza gauzatzeko, eta, gero, hedapenerako, deus ere ez. Estreinalditik kanpo, amildegi bat. Dantzarekiko kulturarik ez da; antzoki gehienetan, programatzaileek ez dute deus ezagutzen. Errazena egiten dute: zerbait komertziala bada, hartzen dute, seguru dira antzokia beteko dutela.

2011n, konpainia bat sortu zenuen, Johanna Etxeberrirekin batera: Traversse. Beste bide batzuei ekiteko?

Johanna Etxeberri da pedagogoa, baita dantzaria eta koreografoa ere. Nahi zuen pedagogikoki lan bat garatu, eskoletan. Eta ene aldetik, sorkuntzak egin nahi nituen, baina ildo minimalista segituz. Beti lotura bat ukanez euskal kulturarekin, baina idazkera garaikide batekin. Horretan gara oraino. Hausnarketa anitz izan ditugu, espazioaren eta denboraren arteko kudeaketari buruz. Biziki inportanteak dira parametro horiek. Asko landu ditugu, bereziki denbora. Batzuetan, bost segundok irauten dute minutu batek bezainbat; eta, aldiz, minutu bat iruditzen zaizu bost segundo. Joko hori biziki interesgarria da guretako. Denbora biziki erlatiboa da. Baina gure lehentasuna hori da, denboraren kudeaketa.

Denboraren pertzepzio horretan espazioak nola jokatzen du?

Loturik daude. Ezarri behar duzu mugimendua espazio eta denbora batean. Dantzariak bere inguruan zabaltzen duen espazioa: hori da guretako inportanteena.

Oroimena ere lantzen duzue, ezta?

Oroimena da nozio bat pieza guztiak zeharkatzen dituena. Bai oroimen indibiduala, baina baita kolektiboa ere. Azken pieza da bakar dantza bat, 25 minutukoa, eta musika da Mikel Laboaren Komunikazio-Inkomunikazio. Aspalditik ezagutzen nuen musika hori, baina biziki bitxia zen enetako; zerbait egin nahi nuen, baina ezin nuen hari bat atzeman. Ez nuen esan nahi musikak dioen ber gauza; disoziazio bat lortu nahi nuen. Eta ez da horrela egin behar Mikel Laboarekin: onartu behar duzu bere musika, erritmoa... Adiskide zarelarik, posible da; haren kontra joatea ez da posible.

Oroitzen naiz piezaren dokumentala aurkeztu duzu Bilboko Fundicion aretoan. 2011n egin zenuen koreografia.

Pieza hori hiru artista famatutan oinarritzen da: Jean Nesprias, Philippe Oihanburu eta Koldo Zabala. Bakoitzak bazuen bere dantza taldea, eta bakoitzak defenditzen zuen bere arloa; desadostasun artistikoak eta politikoak baziren elkarren artean. Orduan, ene lehen xedea zen ea posible zen elkartzea, agertokian. Ados ziren hirurak. Haurridetasun momentu hori gertatu zen. Eta banuen beste xede bat, artistikoagoa: hainbeste urte pasatuta dantza munduan, zertaz oroitzen da gorputza? Zer atxiki duzue? Hori zen ene galdera orokorra. Eta azpian beste galdera batzuk zeuden. Izan behar zara gaztea, indartsua, ahaltsua, birtuosoa... agertokian egoteko? Enetako, ez.

Zer aurkitu zenuen?

Deskubritze izugarria izan zen. Ohartu nintzen gaitzeko poesia jalgitzen zela mugimendu guztietatik: aski zuten beso bat altxatzea, eta mundu oso bat irekitzen zen. Eta orduan deliberatu nuen guti egitea; ez ziren gai mugimendu anitz egiteko. Baina guti horrek izan behar zuen zehaztasunez betea. Eta hola gertatu zen. Bi hilabetez egon ginen entseatzen, eta bi bideogilek segitu zuten sorkuntza prozesua. Dokumentalean ez dituzte nekezia fisikoak gordetzen, ez: hor dira. Baina umorea ere hor da, bizinahia... Baikortasunez betea da dokumentala.

Kezka bat dago dantzaren inguruan: gero eta mutil gutxiago daude. Zuk igarri duzu?

Bistan dena: mutiko gutxiago daude, bai. Euskal dantzan, ez duzu ukatzen ahal. Eta gero eta gehiago, neskek hartzen dute mutilek hartzen zuten rola. Amateur mundu horretan, gero eta gutxiago daude. Baina goi mailako ikasketetan, badaude. Baionako kontserbatorioan, mutikoak hamar baino gutxiago daude; neskak, ehunka. Baina Parisko kontserbatorioan, zernahi daude; Lyoneko kontserbatorioan ere, zernahi.

Nola dago dantza Euskal Herrian, oro har?

Euskal Herrian, badira dantzari profesional oso onak; koreografoak, ez hainbeste. Hori da gure drama. Euskal dantzaren eta dantza garaikidearen panorama nahiko aberatsa da. Adibidez, sortzaile anitz dantzari biziki trebeak dira, biziki ontsa formatuak teknikoki; zernahi talde daude, zernahi ikusgarri... Baikor agertzen naiz. Baina bada gauza bat arrunt bitxia, enetako: koreograforik hoberenek ez dute behar luketen lekua, beren lana saltzen ez dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.