Wastewise proiektuaren koordinatzailea

Claudia Giordano: «Elikagaien xahuketa 2030a baino lehen murriztu behar da»

Supermerkatuetara iristen den janariaren ibilbidea ikertzen du Giordanok, prozesu horretan sortzen diren hondakinak murrizteko asmoz: «Ez da jendearen jokabidea aldatu behar: elikagai sistema konpondu behar da, matxuratuta baitago».

GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
itsaso jauregi 2
2026ko ekainaren 4a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Claudia Giordano Wastewise proiektuaren koordinatzaileak (Bari, Italia, 1986) bi puntutan laburtu ditu egitasmoaren helburuak: batetik, Europa mailan elikagaien hondakinak kuantifikatzeko erabiltzen diren metodoak ulertzea eta hobetzea, eta, bestetik, alferrik galdu diren elikagai horiek ingurumenean duten eragina sakonki ikertzea. Horretarako, enpresek askotan ezkutatzen dituzten datuak lortu nahi ditu ikerlariak, platerera iristen den janariak zer bide egin duen jakiteko.

Elikagai xahuketa ikertzea erabaki aurretik, zer harreman zenuen gaiarekin?

Elikagaiak alferrik galtzearen arloa aztertzen hasi nintzen, hain justu, gaia aipatzen zen bakoitzean jendeak hau esaten zidalako: «Nik ez dut ezer botatzen esan didatelako hori oso gaizki dagoela eta hori egiten badut beste herrialde batzuetako haurrak hilko direla». Bidaiatzen hasi nintzenean konturatu nintzen kultura bakoitzak antzeko diskurtsoa zuela. Baina denok botatzen dugu jana; errutinazko ekintza bat denez, ez gara konturatzen. Urtebetean familia bateko kide bakoitzak 60 kilo janari bota ditzake.

Hondakinei buruz hitz egitean, kontsumitzaileari egozten zaio errua; ados al zaude horrekin?

Ez. 2013an, doktoretzarekin hasi nintzenean, nire irakasleak esan zuen alferrik galdutako elikagai kantitatea murriztu zitekeela jendeak bere jokabidea aldatzen bazuen. Eta ez nago ados horrekin. Ez da jendearen jokabidea aldatu behar: elikagai sistema konpondu behar da, matxuratuta baitago. Gehiegi ekoizten da, eta, gainera, gaizki. Horren ondorioz, hondakinak sortzen dira, eta kudeatu egin behar dira. 

Arazoa askoz ere konplexuagoa da, beraz?

Bai. Datuak lortzeko erabiltzen diren metodologiak aztertu nituen, eta ikusi nuen kontsumitzaileen datuak inkesten bidez lortzen zirela; bada, hori askotan ez da eraginkorra. Ondoren, janariak egiten duen ibilbideari erreparatu nion: ekoizpenetik supermerkatura iristen den arte. Eta ikusi nuen urrats guztietan dagoela funtzionatzen ez duen zerbait, eta kontsumitzailearengana iritsi aurretik egiten diren prozesu horien inguruan ia ez zegoela daturik.

«Denok botatzen dugu jana; errutinazko ekintza bat denez, ez gara konturatzen. Urtebetean familia bateko kide bakoitzak 60 kilo janari bota ditzake»

Zergatik ez dago daturik?

Enpresei ez zaielako komeni datu horiek ematea. Elikadura sistema etekin ekonomikoaren menpe dago. Horren ondorioak ingurumenean ikus daitezke, eta herritarrek ordainduko dituzte. Beraz, ikuspegi ekonomiko batetik, ez zaie interesatzen alferrik galtzen diren elikagaien kantitatea murriztea. Agintari publikoek esan beharko lukete hondakin horiek murriztu egin behar direla eta enpresek ordaindu egin behar dutela gehiegizko hondakinak sortzeagatik.

Nola ziurtatuko da hondakinen murrizketa?

2018an hondakinei buruzko erreforma bat egin zen, eta Europako Batzordeak lehen aldiz adierazi zuen elikagaien xahuketa kuantifikatu behar zela. Beraz, orain nahitaezkoa da Europako herrialdeek elikagai xahuketa kuantifikatzea. Iazko erreforma berri baten arabera, elikagaien xahuketa 2030 baino lehen murriztu behar da; hori lortzen ez bada, isunak jartzen hasiko dira.

Wastewise proiektuaren helburuetako bat datu horiek lortzea da?

Bai. Wastewise proiektuak aztertu du herrialdeek nola kuantifikatu dituzten datu horiek lehen aldiz, 2022ko datuak aintzat hartuta. Elkarrizketak egin genizkien beren herrialdeko elikagai xahuketa kuantifikatu zuten guztiei, hori nola egin duten ulertzeko; kuantifikatzeko moduan desadostasun handia zegoela ikusi genuen. Herrialde bakoitzak modu guztiz desberdinean egiten du hori.

2022ko datuak ikertu eta gero, zer ondorio atera dituzu?

Bi arazo daudela ikusi dugu. Hasteko, askotan zaila da jakitea nondik atera duten informazioa, ez baitago batere osatuta. Gainera, azterketa hobetzen den aldiro kanpaina handiagoak egiten dira, enpresa gehiagorekin, eta alferrik galdutako jana ugarituz doa, hain zuzen, kuantifikatzeko modua ere hobetu delako, besterik gabe.

Zein da hurrengo pausoa?

Hondakinak kuantifikatzeko metodoak hobetzea eta alferrik galtzen diren elikagaien kopurua murriztea da helburu nagusia; bi helburuek kontraesankorrak dirudite, beti baitago arriskua herrialdeek hondakinak kuantifikatzeko modua hobetu nahi ez izateko, ez zaielako komeni.

«Agintari publikoek esan beharko lukete hondakin horiek murriztu egin behar direla eta enpresek ordaindu egin behar dutela gehiegizko hondakinak sortzeagatik»

Zer gertatzen da produktuarekin kontsumitzailearengana iritsi aurretik?

Kontsumitzailearengana iritsi aurretik sistema oso bat dago. Adibidez, supermerkatuan badaude onartzekoak ez diren fruta eta barazki batzuk, kontsumitzaileari saldu behar ez zaizkionak. Agian ez dira fruta politak, eta baztertu egiten dituzte. Kontsumitzaile gisa supermerkatura joaten banaiz eta ikusten badut fruta guztiek itxura txarra dutela, agian beste batera joango naiz. Horretan oinarritzen da supermerkatuen arteko lehia.

Nola atera gurpil horretarik kontsumitzaile gisa?

Oso erraza da esatea kontsumitzailea hezi behar dela sagar itsusia jan daitekeela ikas dezan, baina, beste supermerkatu batean sagar ederrak badituzte, zaila da gurpil horretatik ateratzea. Nire eginkizuna ez da pertsonak aldatzea; ikertzailea naiz, ez ekintzailea. Baina jendeari helarazi nahi diot elikagaiak alferrik galtzeak denoi eragiten digutela.

Produktuaren arabera sortzen diren hondakinak ere aldatzen dira?

Bai. Ez da gauza bera txokolatea edo arrain freskoa alferrik galtzea. Produktu ultraprozesatu batean asko xahutzen da, produktua sortzeko mundu osotik datozen osagaiak erabiltzen direlako: ekoizpen prozesuak kalte handiagoa egiten dio ingurumenari. Arrain freskoak ziurrenik kalte txikiagoa egingo du, zuzenagoa delako; arrantzatu, eta kontsumitzailearengana joaten da ia zuzenean.

Zer gertatzen da hondakin horiekin?

Gauza asko egin daitezke, Europan batez ere, baina ez da berdin gertatzen munduko beste txoko batzuetan. Elikagaiak alferrik galtzearen lehenengo ondorioak ingurumenean nabaritzen dira, leku batzuetan ez baitute hondakin horiek aprobetxatzeko teknologiarik: zabor tona pilatuak ikusi ditugu askotan, horien ondorioz metano isuriak daude, eta bero handia egiten duen leku batzuetan suteak ere izaten dira.

Proiektuan «errebote efektuaz» hitz egiten duzue. Zertan datza?

Ikusten ari gara zer gertatzen den kontsumitzaileak elikagai xahuketa murrizten badu. Kontsumitzaileak 200 euro gehiago izan ditzake urtero, alferrik galtzen den elikagai kopurua murrizten badu; nola gastatzen du dirua, beraz? Ikusi nahi dugu zer gertatzen den elikagai katearen puntu jakin batzuetan.

Zer bide daude hondakinak murrizteko?

Proiektuan eredu teoriko bat garatu dugu, eta enpresekin batera lan eginez praktikara eraman nahi dugu. Adibidez, supermerkatuetan saltzen den arrain izoztua normalean ez da osorik saltzen, zati bat baino ez da, eta kentzen dioten guztia beste modu batera erabil daiteke. Eredu teorikoan funtzionatzen du, baina praktikoan ere funtzionatzen duen ikusi nahi dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA