Sirena hotsak eguneroko soinua dira Palestinan 2023ko urriaren 7tik. Sirena hots hori Bilbora iritsi da gaur. Herritarrak Bizkaiko hiriburuko kaleak kolorez eta algaraz betetzen ari dira egunotan, eta jaiez gozatzen. Hala ere, Bilboko Konpartsek adierazi dute aurten ere ezin dutela begirada Palestinatik kendu: «Jaietan gauden bitartean, Israelgo estatua genozidioa gauzatzen ari da, Europan eta inguruan ditugun instituzio, erakunde eta enpresa askoren babespean». Palestinaz hitz egiteari utziko ez diotela argi eta garbi adierazteko, Palestinako bandera irudikatu duen mosaiko erraldoia egin dute Arriaga plazan.
Ez dira gutxi palestinar herriaren erresistentziaren alde agertzeko Euskal Herrian egindako adierazpen eta agerraldiak. Bilboko Konpartsek iaz erabaki zuten genozidioa salatzea eta Palestinari elkartasuna adieraztea. «Iaz, etenaldiak egin genituen suen ostean; txosnetako musika gelditzen genuen eta audio batzuk jarri», gogoratu du Zigor Bilboko Konpartsetako kideak. Aurten, ordea, «ikusgarritasun» gehiago ematea erabaki dute; hau da, elkartasun keinua egunez egitea eta parte hartzaileagoa izatea. Horregatik antolatu dute mosaikoa, «genozidioa pairatzen ari den palestinar herriari maitasun mezu bat bidaltzeko», Eli Carrascosa eta Ainhoa Arana konpartsakideek irakurritako adierazpenean azpimarratu dutenez.
Herritar batzuek Areatzan tortilla txapelketan parte hartu bitartean, jendez bete da Arriaga plazaren ingurua. Plazaren erdian lau koloretako plastikoak utzi dituzte lurrean, beltza, zuria, berdea eta gorria, Palestinako bandera irudikatuz. Mosaikoa zinta batekin inguratu dute, eta jendea haren inguruan jarri da. 13:30 izateko minutu gutxiren faltan, antolatzaileak argibideak ematen hasi dira: «Ordenan sartzeko, ate bat utzi dugu plastiko gorriak dauden tokian, Txinparta konpartsatik hurbil. Parte hartu nahi baduzue, hurbildu hara».
«Ez etsi; ez ahaztu sufritzen ari dena palestinar herria dela eta, haiek hori guztia pairatzen ari badira, guk ez daukagula eskubiderik amore emateko»
ZIGOR Bilboko Konpartsetako kidea
Hasi dira pixkanaka-pixkanaka barrura sartzen, bertan zeuden konpartsakideen argibideei kasu eginez. Herritar guztiek ezin izan dute mosaikoan parte hartu, jende andana bildu baita. Hala ere, inguruan geratu dira, Palestinako banderak astinduz, babesa emateko. Are, konpartsek Palestina askatu! Israel genozidari boikota lelodun kartelak banatu dituzte herritarren artean. Jaietako ordezkari nagusiek ere ez dute kale egin. Olatz Agirre txupinera eta Francias Diez pregoilaria bertan izan dira, eta txalo zaparradarekin egin diete harrera. «Hemen dago Bilboko herria», argi utzi du Zigorrek mikrofonotik.
Sirena hotsa eta abestia
Sirena hotsak eman dio hasiera mosaikoari. Herritarrek aurrean zuten pertsonaren plastikoaren atzeko partea hartu dute eskuekin, eta gogor eutsi. Palestinar herriarentzat berezia den abestia jarri dute gero, eta sirena hotsa berriro. Mosaikoa desegin baino lehen, adierazpena irakurri dute Carrascosak eta Aranak. «Jakin ezazue lekuko garela, jakin ezazue badakigula nortzuk diren Israelen laguntzaileak, eta egunero borrokatuko eta boikotatuko ditugula, gure bizitza osoan zehar gure testigantza emango dugula», adierazi dute, Palestinari mezua bidaliz.
Konpartsakideek esan dute ez dutela inoiz ahaztuko egiten ari direna, eta beti egongo direla palestinar herriaren aldamenean: «Askatasuna nahi duen herri honek ere zuen alboan egingo du bidea; ez zarete inoiz bakarrik egongo». Herritarrek ozen erantzun diote adierazpenari: «Boikot Israel, Palestina askatu». Arabieraz ere bidali dute mezua Palestinara, Zisjordaniako Fouaden eskutik.

Ekimena amaitutzat eman dutenean, antolatzaileek plastikoa ez botatzeko eskatu diete parte hartzaileei, eta eurek zituzten poltsetan gordetzeko. «Zoritxarrez beste nonbaiten berriro egin behar badugu hau, prest izateko; milioi bat aldiz egin behar bada, milioi bat aldiz egingo dugu», azpimarratu du Zigorrek.
Bilboko Konpartsetako kideak adierazi duenez, jende kopuruaren aldetik «izugarria» izan da ekimena, espero zutena baino «askoz jende gehiago» hurbildu baita. Hala ere, adierazi dute horrelakoa izan ohi dela, «Bilboko herria oso erantzun ona ari delako ematen elkartasunari». «Txosnetan edo edozein kaletan paseo bat ematea besterik ez dago ikusteko Bilbo bete-betean ari dela Palestinari elkartasuna adierazteko». Hain justu, konpartsek txosnen dekorazioa baliatu dute Palestinari elkartasun keinuak egiteko, eta muntaketan egondako kontzentrazio eta manifestazioetan hartu dute parte. Banderak ere nonahi ikus daitezke txosnagunean. Are, aurten, Bilboko hamahiru konpartsek erabaki dute ez dutela Coca-Cola konpainiaren produkturik eskainiko Aste Nagusian.
Ikusi gehiago
BERRIAri galderak erantzun bitartean, herritar ugari hurbildu dira Zigorrengana. Konpartsakideak, gero eta herritar gehiagok bezala, Palestinaren aldeko jaietako zapia darama jantzita. «Ba al dituzue zapiak?». Erantzun bera eman die guztiei: bihar eguerdian egongo dira salgai, Txinparta konpartsaren ondoan.
Zigorrek dei egin die herritarrei, Palestinaren aldeko mobilizazio guztietan parte har dezaten, baita euren iritzia heda dezaten eta Palestinari buruz hitz egin dezaten ere. Boikotera ere deitu du: «Konpartsek erabaki dute Coca-Colari ezetz esatea; baina guk ere, erosketak egitean, kontuan izan dezakegu israeldar produktuak ez erostea eta hura estu hartzea instituzioetan, alderdi politikoetan eta gure inguruan dauden enpresetan». Hori herritarren eskuetan dagoela esan du, eta badela «arma boteretsu bat». Argi utzi du: «Ez etsi; ez ahaztu sufritzen ari dena palestinar herria dela eta, haiek hori guztia pairatzen ari badira, guk ez daukagula eskubiderik amore emateko. Ekin boikotari, ekin elkartasunari, gora Palestina askatuta!».