Erresistentziari lotuta eusteko

Tira elikadura eta etxebizitza egituren aldeko jaialdia egin dute Gasteizen. Elkartasunean oinarritutako sare kolektibo eta herrikoiak saretzea, indartzea eta ikusaraztea izan dute xede.

Husteko arriskuan dagoen Gasteizko Korda espazioan egin dute jaialdia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Husteko arriskuan dagoen Gasteizko Korda espazioan egin dute jaialdia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
Gasteiz
2025eko maiatzaren 10a
18:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Txirrikak eta herri egiturak «oso antzekoak» dira, Gasteizko Auzoan Bizi eta Herrizoma mugimenduetako kideen hitzetan: «Boteprontoan sinpleak dirudite, baina mekanismo uste baino konplexuagoak dituzte biek ala biek. Izan ere, funtzionatu ahal izateko, bi kasuetan ezinbestekoak dira tresna guztiak ondo artikulatuta edukitzea eta sokari tira egingo dion indar bat izatea. Baina ongi erabiliz gero, batak eta besteak oinarrizko beharrei erantzuten lagundu dezakete».

Tira elikadura eta etxebizitza egituren aldeko jaialdia baliatu dute gaur, elkartasunean oinarritutako sare kolektibo eta herrikoien aldeko aldarria egiteko. Laugarrenez antolatu dute jaialdia Gasteizen, askotariko herri egiturak saretzeko, indartzeko eta ikusarazteko helburuarekin. Gazte nahiz heldu, Euskal Herri osotik hurbildutako dozenaka lagun elkartu dira, elkartasunaz, kolektibotasunaz, edo «zapalkuntzaren» aurrean «langile klasearen autodefentsaz» hausnartzeko. 

Sara Gomezek eta Mikel Izurzuk, esaterako, Iruñerriko Haritu Elkarlaguntza Sarea izan dute hizpide Herri egiturak: zergatik eta zertarako? mahai inguruan. Duela lau urte hasi zuten proiektua, eta egun bi lan ildo nagusi dituzte: etxebizitza sindikatua eta despentsa komunitarioa. «Guretzat funtsezkoa da modu autonomo batetik abiatuta batzea eta elkar eragiteko gaitasunak handitzea, bizitzen ari garen moduko krisiei erantzun ahal izateko». 

Xabi Lasak, berriz, Oinharri Formakuntza Kolektiboko Eskolaren inguruan jardun du. Herri mugimenduentzako «formakuntza politikorako eskola» da, Hego Amerikako esperientzia oinarri duena. «Formakuntzak ere balio behar du egiturak handitzeko behar ditugun aliantza horiek sortzeko garaian. Ez da bakarrik gu prestatzeko; beste herri mugimenduko eragileei ere baliabideak ematea da gure helburua». 

Korda, erresistentzian

Korda espazioan egin dira ekitaldi gehienak, Pintore kaleko 51. zenbakian dagoen lokal autogestionatuan. 2022an okupatu zuten, eta gaur egun hainbat kolektibok erabiltzen dute topagune gisara. Gasteizko Udalak lokala husteko agindua eman du, ordea. Hori dela eta, alde zaharrean bizi diren hainbat gaztetxok mural bat margotu dute espazioaren kanpoaldean, erresistentzia ikur gisara. Kolore biziz bete dute horma zuria, gainerakoak «marianitada musikatuarekin» gozatzen ari ziren bitartean.

Alde Zaharreko gaztetxoek mural bat margotu dute. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alde Zaharreko gaztetxoek mural bat margotu dute. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Sare kolektibo eta herrikoientzat halako espazioek duten garrantzia azpimarratu du Ilargi Bengoetxea Gasteizko Auzoan Bizi sareko kideak: «Beharrezkoak ditugu halako lekuak, elkartzeko, antolatzeko... Gaur denok Kordan bildu izana ere bada autodefentsa modu bat, leku bizi bat izateak zaildu egiten baititu husteko bezalako mehatxuak».

Hain justu ere, murala margotzen ari zirenean, Gasteizko Udaltzaingoaren auto bat hurbildu da Korda espazio ingurura. Ez da tentsiorik izan, hala ere, autoak berehala alde egin baitu. Eta festa giroan igaro dute eguna azkenerako, herri bazkariarekin, kalejirarekin eta kontzertuekin borobildu baitute eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.