Emakumeak Zientzian: hamarkada bat sareak josten

Emakumeak Zientzian programak hamargarren aldia izango du aurten, eta, orain arteko ibilbideari ez ezik, etorkizunari ere begiratuko dio.

Emakumeak Zientzian egitasmoaren aurkezpena, gaur, Gasteizen. ELHUYAR
Emakumeak Zientzian egitasmoaren aurkezpena, gaur, Gasteizen. ELHUYAR
itsaso jauregi 2
2026ko urtarrilaren 14a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakumeak Zientzian egitasmoa sortu zutenetik hamar urte igaro ondoren, proiektuak berretsi egin du bere asmoa: aurrerapenak aurrerapen, bada oraindik ere desberdinkeriarik zientzian. Marea bizia gara da aurtengo leloa, eta 34 euskal erakundek «kolektibotasunaren indarra» azpimarratu dute gaurko aurkezpenean. Emakumeak Zientzian 2026 otsailaren 3tik 11rako astean garatuko dute, eta 70 jarduera baino gehiago egingo dituzte.

Nahiz eta ibilbide luzea izan, egitasmoko antolatzaileek uste dute badagoela lanean jarraitzeko premiarik: zalantzan jarri nahi dute jakintza nola eraikitzen den, nork duen ahotsa eta zientzia nork gidatzen duen; baita emakume zientzialariak baztertzeko dagoen joera ere. «Elkarrekin mugimendua sortzen duten ekarpen txiki askori esker egiten du aurrera marea biziak. Ez dago pertsona bakar baten mende, ezta ekintza bakar baten mende ere. Eta horixe da, hain zuzen, sarean bultzaturiko Emakumeak Zientzian proiektuaren arima. Emakumeen parte hartzea bultzatzen du, gizartearekin lotura estuagoa duen zientzia irekiago eta bidezkoago baten alde egiten du, eta estereotipoetatik aldentzen diren bokazio zientifikoak inspiratzeko lan egiten du», adierazi dute Emakumeak Zientzian programaren antolatzaileek.

Programa zabala

Hamargarren aldia otsailaren 3an hasiko da, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak ekitaldiaren bidez. Hainbat ikerketa arlotan lan egiten duten emakume zientzialariak elkartuko dira bertan, euren ibilbidearen inguruan hitz egiteko. Egun horretatik aurrera, adin guztietako jendearentzako jarduerak egingo dituzte. Komunitate zientifikoak, esate baterako, Ekintzen garaia zientzian eta berdintasunean mahai inguruan parte hartu ahal izango du: goi mailako hizlariak gonbidatuko dituzte, hala nola Petra Rudolf, Silvia Rueda Pascual eta Sara Clavero. Ikasleek ikerketa zentroetara egin ohi dituzten bisitez gain, nerabeek bertatik bertara bisitatu ahalko dituzte Nanoguneren laborategiak, Nanomundura bisita izeneko jardueran. Gainera, itsas laginak hartzeko aukera ere izango dute Navegavelaren belaontzi batean, AZTIko ikertzaileekin batera. Familiek ibilbide dibulgatibo bat egin ahalko dute Donostiako historia geologikoan murgiltzeko, bertako arroka eta paisaietan barrena. Eta, aurreko urteetan bezala, jarduera ugari egingo dituzte bereziki 55 urtetik gorakoei zuzenduta; haien bidez, kultura transmititzeko duten eginkizuna azpimarratuko dute.

Otsailaren 11n amaituko dira hamargarren aldiko jarduerak —Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, hain zuzen—, Donostiako Aquariumean. Gogoeta prozesu baten ondotik eginiko manifestu baten berri emango dute amaierako ekitaldian, eta Emakumeak Zientzian proiektuaren etorkizuneko ildoak markatuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.