Festaren gune nagusitik bereiz, baina ez oso urruti ere, barrakak jarri dituzte Bilboko jaietan. Ohi den legez, Etxebarria parkean. Denetariko barraka eta jostagarriak daude; barraka handiak dira famatuenak, baina badaude haurrentzat aproposagoak direnak ere, tartean puxikak lehertzeko jokoak eta ohe elastikoak. Hartara, familia ugari biltzen dira, umeak edozein adinetakoak izanda ere.
«Umeengatik etortzen gara», aitortu du Arantza Txintxurretak. Etxeko txikiekin etorri da, baita lagunekin ere. Txintxurreta bera txikia zenean, barraketara ekartzen zituzten gurasoek; hortaz, etxean «ohitura» bilakatu da umeekin txango hori egitea. Aitor Sanchezen familiak ere berdin egiten du; gainera, «giro ona» izaten da barraketan, gaineratu duenez. Oraingoan goiz etorri dira: barrakak 17:00etan zabaltzen dituzte, eta inguruan zebiltzan ordurako. Ordu horretan gune hori «lasaiago» egoten dela aitatu du, eta umeak, oraindik nekatuta ez daudenez, «hobeto» moldatzen direla. Sanchezek esan du 19:00 aldera jende gehiago biltzen dela. Txintxurretak ere gauza bera uste du; gainera, zaratarik gabeko tartean etorri dira barraketara. Izan ere, Bilboko Udalaren arabera, gunea «ahalik eta inklusiboena» izan dadin, zaratarik gabeko tarteak ezarri dituzte 17:00etatik 20:00etara. Batez ere autismoa dutenentzat jarri dute neurri hori, baina Txintxurretak adierazi du egokia dela besterik gabe gehiegizko zaratak beldurra pizten dien haurrentzat ere. Are, kontatu du bere kuadrillak ere eskertzen duela.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, bada, geroz eta jende gehiago bildu da Etxebarria parkean. Bertan lan egiten dutenek neurria hartuta diote. Alvaro Martinez beharginak aitatu du 19:00etatik 21:30era arte egoten dela mugimendurik handiena. Su festak ei dira gakoa, horiek ikusten igotzen baita jendea, eta barraken gunea betetzen dute. Luis Miguel Perejo Luquek ere beharrean darama azken astea. Dardoekin puxikak lehertu behar diren postuan egiten du beharra. Puxika nahikoa lehertuz gero, sari bat aukeratu daiteke. Jendeak jokatu bitartean, Parejo puxikak puztu eta puztu ari da. Ezagun ditu jendearen gorabeherak : «20:00 aldera, estualditxoa egoten da, eta, suen ostean, oldeka dator jendea».
Dena dela, aurtengo Aste Nagusia ez da ona izan negozioaren ikuspegitik, orain arte behintzat. Batetik, jaiak goiz hasi izana aitatu dute; bestetik, eguraldiak lagundu ez izana. Lehenengo asteburuko galdari aste barruko eguraldi goibelak jarraitu dio. Hori dela eta, ohi baino jende «gutxiago» ibili da, Martinezek baieztatu duenez: «Bilbon beroak euriak baino kalte handiagoa egiten duelakoan nago; jendea eurira eta hotzera ohituta dago, baina berora ez». Perejok esperantza du bigarren asteburuan egoerari buelta emango diotela. Azaldu du bigarren asteburua ez dela lehena bezain «ona» izaten, baina uste du «barikua eta zapatua onak» izan daitezkeela.
Arriskua, gustagarri
Barraketan hainbat gune daude. Barraka zaratatsuen eta handienen gunetik mugitzean, giroa lasaitu egiten da. Hala ere, tonbolako esatariaren ahotsa ozen entzun daiteke. Jendea ere begira-begira dago: tonbolan parte hartzeko txartelak dituzte eskuetan, hortxe daude, dituzten zenbakiak entzuteko esperoan. Ondoan daude ume txikiagoen jostagarriak ere. Haurrentzako autotxokeetan dabiltza asko, bolanteari ondo eraginez, kanpotik gurasoek jarraibideak ematen dizkieten bitartean. Handik pauso bira, ohe elastikoak. Bertan dago Sanchezen umeetako bat. Aitaren esanetan, gustuko dute barraketan ibiltzea, hainbeste, non zenbaitetan «tirabirak» sortu ohi diren elkarren artean: «Umeek hamar barrakatan ibili nahi izaten dute, eta guk uste dugu hirutan ibiltzea nahikoa dela».
«Umeek hamar barrakatan igo nahi izaten dute, eta guk uste dugu hirutan ibiltzea nahikoa dela»
AITOR SANCHEZ Gurasoa
Handitu ahala, gainera, haurrek barraka biziagoetan ibili nahi izaten dituzte. Hain justu, Sanchezek badu seme nagusiago bat, eta arratoi bat protagonista duen errusiar mendia du barraka gustukoena. Semeak «arriskua» eta «esperientzia gogorrak» nahi izaten ditu, haren esanetan. Txintxurretak ere iritzi bera du: haren semeak lurretik hainbat metrotako distantziara buruz behera eskegitzen duen barraka du gustukoen. Argi du: haurrek, handitu ahala, arrisku handiagoa nahi izaten dute, eta, kontrara, gurasoek, adin batetik aurrera, arrisku gutxiago.