ATZEKOZ AURRERA. Mikel Larretxi. Idazlea

«Emozioen kudeaketa garrantzitsua iruditzen zait»

Emozioen kudeaketari garrantzi handia ematen die Larretxik bere ipuinetan. Eta, nola ez, hala izan da Cristina Atxiagarekin kaleratu berri duen ipuin ilustratuan: 'Gorri eta borobila'.

BERRIA.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Mikel Larretxik (Gasteiz, 1990) hamar urte baino gehiago daramatza haurrekin lanean, irakasle. Ipuinak eta malabarak dira haren inspirazio iturri. Ane Gebara ipuin kontalariak, Gindi Auzmendi soinu diseinatzaileak eta Javi Sevillaren Black Cat Studios estudioak sortu dute audioliburua. 600 ale argitaratu dituzte guztira, eta «sekulako arrakasta» izan duela sentitzen du Larretxik.

Harentzat, garrantzitsua da liburuen bitartez lan pedagogikoa egitea. Izan ere, «hainbat egoera modu naturalean» kudeatzen irakastea du xede, besteak beste.

Haur Hezkuntzako irakaslea zara. Zer dela-eta bururatu zitzaizun ipuin bat idaztea?

Hamar urte daramatzat haurrekinlanean. Liburuak beti izan dira tresna erabilgarriak eta oso aberasgarriak haurren sormenerako: emozioak kudeatzeko, gozatzeko... Edozertarako dira onuragarriak. Nire bizitza pertsonalean zein profesionalean oso presente daude ipuinak. Istorio asko sortzen ditut ikasgelan, inprobisatuz eta nire ikasleen laguntzarekin. Haiekin sortzea gustatzen zait gehien, haiekin ikastea. Sudurra galtzen duen pailazo baten istorioa da liburu honetan ageri dena. Eta ezin izango du sudurra berreskuratu.

Bidaia bat bezalakoa da ipuina?

Ipuina ikasgelan eta ipuinarekin hasten denean sortzen dugu. Malabaren artean izan zen, eta une batean, uste dut. Haurrentzat pailazoaren sudurra zen haren bereizgarria, eta horregatik sortu zen ideia. Ipuinean, planteatzen dugu nola saiatzen den berreskuratzen. Saiakera horretan dago ipuinaren koxka.

Laguntza ere jaso duzu marrazkietarako, eta baita liburuarekin batera datorren audioliburua egiteko ere. Nolakoa izan da lankidetza?

Garrantzi handia izan du proiektuan. Istorioa paperera eramatea erabaki nuen, eta Cristina Atxiaga ilustratzailea izan da proiektu honen erdia: harena ere bada istorioa, eta magiaz bete du. Mundiala izan da audioipuin bat sortzea ere, Ane Gebara ipuin kontalariaren, Gindi Auzmendi soinu diseinatzailearen eta Black Cat estudioan Javi Sevillaren laguntzarekin. Istorioari beste formatu bat eman nahi genion, eta musikaz lagundu nahi genuen. Prozesu oso naturala izan da.

Erraza egin zitzaizun liburua idaztea?

Alde batetik, haurrak proiektuaren parte garrantzitsua izan dira, eta eskolan lan egin dugu. Baina, bestalde, etxean idatzi dut, terapeutikoa iruditzen baitzait idaztea. C bat jarri eta lasai idazten dut. Istorio asko gordetzen ditut, eta beste batzuk eskolara eramaten ditut. Ipuin honek zazpi edo zortzi urte izango ditu, eta egun batez paperera eramatea eta erakustea erabaki nuen. Horregatik kaleratu dut, beti gustatu izan zaizkidalako ipuinak.

Oro har, zer transmititu nahi duzu ipuinen bitartez?

Emozioen kudeaketa garrantzitsua iruditzen zait. Inolako mozorrorik gabe benetan zer garen erakusten saiatzen naiz. Printze txikia liburuaren idazleak bere garaian oihukatu zuen bezala: ikusezina da funtsezkoa den guztia. Ez dugu emozioen kudeaketa nahikoa lantzen, ez eskoletan eta ez gizartean. Beti pentsatu dut hainbat egoera modu naturalean kudeatzeko tresnak izan beharko genituzkeela, guztiok murgiltzen baikara mundu honetan, hartara modu osasuntsuagoan bizitzeko.

Nolako harrera izan du liburuak?

Duela hilabete publikatu genuen, eta lehenengo aste horretan 300 ipuin eskatu genituen, eta astebetean 280 saldu ziren. Sekulako arrakasta da guretzat: prentsak lagundu digu, eta jendeari gustatu zaio. Ez dakit zer bide hartuko duen, baina nabari da bihotzez egin dugun zerbait dela, eta hala sentitu du jendeak.

Horrek animatu zaitu beste liburu bat idaztera, ala goiz da ezer aurreratzeko?

Bagabiltza beste proiektu batekin, buruari bueltak ematen behintzat. Izugarria izan da Cristinarekin lan egitea, izugarri ondo konektatu dugu eta. Ziurrenik, zerbaitaterako da aurrerago, edo hala espero dugu behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.