Goierri STEAM LanBidean proiektuaren koordinatzaileak

Jorge Manzisidor eta Juanjo Igarzabal: «Enpresetako belaunaldien arteko errelebo faltari irtenbidea bilatu nahi diogu»

Goierri STEAM LanBidean proiektua ondu dute Manzisidorrek eta Igarzabalek. Orain, Kutxa fundazioak diruz lagunduko die proposamena praktikan jar dezaten.

Jorge Manzisidor eta Juanjo Igarzabal. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jorge Manzisidor eta Juanjo Igarzabal. IDOIA ZABALETA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Ordizia
2026ko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kutxa fundazioaren Gipuzkoa Aliantzan deialdian izena eman zuten Jorge Manzisidor (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) eta Juanjo Igarzabal (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977) Ordiziako Goierri Eskolako (Gipuzkoa) irakasleek. Goierri STEAM LanBidean proiektua aurkeztu zuten: helburua da gazteen artean STEAM bokazioak sustatzea —zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika—, eta etorkinen laneratzea eta gizarteratzea erraztea. Beste erakunde batzuekin batera osatu dute proiektua; tartean daude Goierri Valley-Goieki, Lortek, Maizpide euskaltegia eta Ikaslan fundazioa.

Zer gabezia edo behar antzeman zenituzten abiapuntuan?

JORGE MANZISIDOR: Hiru urtean behin hausnarketa estrategiko moduko bat egiten dugu, datozen urteetan Goierri eskualdeak zer behar izango dituen ikusteko, prestakuntzaren ikuspegitik. Horretarako, eragile guztiak elkartzen ditugu: udalak, enpresak, ikasleak, ikasle ohiak, gurasoak... Azkeneko azterketa egin ostean, jabetu ginen hurrengo urteetan inguruko enpresetako langile askok erretiroa hartuko dutela, eta atzetik gazte gutxi datozela erreleboa hartzeko. Arazoa ez da soilik Goierrin: arazoa orokorra da. Kontua da horrelako ikerketak egiten direnean askok esaten dutela etorkinek beteko dituztela lanpostu horiek. Baina zer gertatzen da? Bada, enpresek behar duten kualifikazio maila eta etorkinek dutena ez datozela bat. Beraz, esan genuen: «Zer egin dezakegu guk eskola gisa belaunaldien arteko erreleboari jarraipena emateko?».

JUANJO IGARZABAL: Hutsune hori betetzeko, etorkinak izan daitezke iturri bat, baina beste iturri bat ere bada gazteak eta bereziki emakumeak erakartzea STEAM bokazioetara.

Zer ekarpen egin duzue?

MANZISIDOR: Saiatu gara, hezkuntza aldetik, arazoari irtenbide bat ematen, jendea erakartzeko. Funtsean, enpresetako belaunaldien arteko errelebo faltari irtenbidea bilatu nahi diogu. Eta kontuan hartu nahi dugu euskararen ikuspegia ere. Badakigu ez ditugula euskaldunduko, baina, behintzat, euskararekiko gertutasun bat izan dezatela nahi dugu.

IGARZABAL: Euskara eta balioak. Kulturartekotasuna ere sustatu nahi dugu, eta gure tradizioak erakutsi.

Nola antolatu duzue proiektua?

IGARZABAL: Bost azpiproiektutan banatu dugu. Alde batetik, Maker Goierri izenpean, gazteak eskolara ekarri nahi ditugu, tailer teknologikoak egitera. Bestetik, STEAM arloan aritzen direnen aurpegiak ezagutarazi nahi ditugu, hau da, emakumeen eta jatorri ezberdinetako profesionalen testigantzak jaso eta zabaldu. Hala, STEAM arloan dabiltzan emakume batzuen esperientzia errealak ezagutuko dituzte zenbait emakumek. Bestalde, Industria Zabalik proiektua ere txertatu dugu, berritzaileena dena: ikasleak enpresetara eramango ditugu bertan praktika labur batzuk egitera.

«STEAM arloan aritzen direnen aurpegiak ezagutarazi nahi ditugu, hau da, emakumeen eta jatorri ezberdinetako profesionalen testigantzak jaso eta zabaldu»

JUANJO IGARZABAL

MANZISIDOR: Eta beste biak dira kualifikazio maila ez duen jendearentzat. Enpresek eskatzen duten gutxieneko mailara gerturatu nahi ditugu. Hezkuntza arloan lege berri bat onartu da Lanbide Heziketan. Lege horrek bi gauza aldatzen ditu: alde batetik, ikasketa guztiak dual moduan jartzen ditu; eta, beste aldetik, ziklo bakoitza zatikatu egiten du. Horrek aukera ematen digu sistema dual bat egiteko. Ideia da bigarren mailako ikasleek lau ordu egitea klasean, eta lau ordu enpresan. Bestalde, ikasleak euskarara gerturatzea eta beraien beharrei zuzendutako orientazioa egitea ere bada gure helburua. Hau da, hemengo ohituretara eta hizkuntzara gerturatzea.

Zergatik erabaki duzue horrela jartzea?

MANZISIDOR: Orain arte etorkinentzat jarri ditugun kurtsoetan hau gertatu zaigu: kurtsoan hasten ziren, baina lanen bat lortzen zutenean ikasketak uzten zituzten. Gure abiapuntua zera izan da: zer egin dezakegu etorkinek kurtsoa utzi ez dezaten? Dirua behar dute bizitzeko; hortaz, edozein lan eskaintza ateratzen zaienean, dirua irabaztea lehenesten dute. Beraz, lortzen badugu enpresan dauden bitartean diru kopuru bat jasotzea, uste dugu erakargarriagoa izango dela mantentzea eta ikasketak bukatzea. Izan ere, helburua da etorkinek zikloa bukatzen dutenean enpresek behar duten kualifikazio mailara iristea, kontrata ditzaten. Bi urteko ibilbide bat asmatu dugu, non sartzen dugun arlo teknikoa, baina baita oinarrizko hezkuntza, matematika, euskara, tutoretzak edo orientazioa ere.

«Helburua da etorkinek zikloa bukatzen dutenean enpresek behar duten kualifikazio mailara iristea, kontrata ditzaten»

JORGE MANZISIDOR

IGARZABAL: Lan handia egin dugu identifikatzen zeintzuk diren etorkin hauen beharrak. Beraien oinarrizko beharrak asetzen badituzte, hau da, etxebizitza eta jatekoa baldin badute, gero ja formaziora dedikatuko dira. Baina nola bermatzen duzu etxebizitza eta eguneroko behar horiek asetzen dituzula? Hain justu, proiektu honekin, horretarako lagunduko duen marko bat aurkeztu dugu. 

Hainbat eragilerekin zaudete elkarlanean. Nola aberasten du horrek zuen proiektua?

MANZISIDOR: Talde lanaren eta eragileen arteko ikuspegi ezberdinak bateratzea funtsezkoa da guretzat. Azken finean, guk hezkuntzaren arloa oso ondo ezagutzen dugu, baina Gizarte Zerbitzuetakoek, Goiekikoek eta Maizpidekoek esperientzia handiagoa dute beraien eremuan. Gozamena izan da bakoitzak bere ikuspegitik egindako ekarpenak batzea.

IGARZABAL: Eta guztiek oso jarrera ona izan dute gurekin; inork ez digu ezezkorik esan.

Zertan lagundu zaituzte Kutxa fundazioaren Gipuzkoa Aliantzan deialdiak?

MANZISIDOR: Gure proiektuan eragile asko sartzen dira, eta dirua behar dugu horretarako. Beraz, Kutxa fundazioaren laguntzari esker lortu dugu dirua gure proiektua martxan jartzeko.

Beste eskualde batzuetara ere zabal daiteke zuen proiektua?

IGARZABAL: Kutxa fundazioaren laguntzarekin, lehenengo saiakera egiten ari gara, baina behin egituratzen dugunean, zabalduko dugu, noski.

MANZISIDOR: Ondo ateratzen bada, gustatuko litzaiguke adibide gisa erabiltzea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari edota Eusko Jaurlaritzari erakustea, erakunde ezberdinen arteko koordinazioa eskatzen baitu.

LOTSABAKO

Proiektuak apurtu dizuen aurreiritzi bat?
MANZISIDOR: Eragile desberdinen artean irtenbide bat bilatzea gizarteko arazo bati. 

IGARZABAL: Hizkuntza berdina hitz egiten hasi garela jendearekin, eta beraiek laguntzaile gisa identifikatu gaituztela.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA