Bilboko Aste Nagusia

Erdigunean hesiak eta tabernariak etsiak

Bilboko Udalak Plaza Barriko erdialdea hesitu du jaietarako, lurrazpiko aparkalekuan ura sartzen da eta. Tabernariak eta bertan ekitaldiak antolatu dituztenak «arduratuta» daude.

Plaza Barriko erdigunea hesituta, turista batzuk bertan direla. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Turista batzuk, gaur, Plaza Barrian hesitutako eremuaren kanpoaldean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bilbo
2026ko abuztuaren 24a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Turistak hara-hona dabiltza talde handietan, gidariarekin batzuk, euren kontura besteak. Balkoi batean eskegita dagoen eta Independentzia dioen oihal batek egiten die harrera Bilboko Plaza Barrira. Victor tabernan sartu da turisten familia bat, eta gosaria eskatu dute, ingelesez. «Aste Nagusiko ekitaldi, kontzertu eta giroa kendu dituztenez, orain nagusiki turistak datoz hona», azaldu du bertako tabernari batek. Bilboko Udalak Plaza Barriko erdialdea hesitu du, lurrazpiko aparkalekuan ura sartzen baita: teknikariek azterlan bat egin zuten, eta erabilera mugatzea eta berritzea gomendatu.

Pasa den astean hasierako hesiak kendu, eta itxitura seguruago bat jarri zuten. Ondorioz, hiriko jaietan ezingo da ez ibilgailurik ez pertsonarik bertara sartu. Eta lekuz aldatu dituzte jaietan han egiten ziren jarduera guztiak: gaueko kontzertuak Evaristo Txurruka kaira eraman dituzte, eta Gas plazan ariko dira arratsaldeko dantzariak. Oraingoz, debekua errespetatzen ari dira, Aste Nagusiko astelehenean inor ez baitago hesien beste aldean; zaborra eta poltsa batzuk, ez besterik.

«Espero dugu iazkoari eustea, baina argi dago salmentek behera egingo dutela; ea ez den jaitsiera handia»

REBECA SAINZVictor tabernaren jabea

Udalaren arabera, neurriak ez lieke eragin behar aparkalekuen erabiltzaileei eta plazako tabernetako terrazei. Jaietako lehen asteburua pasatuta, ordea, tabernariak ez daude ados. «Ezer aldatu ez dela dioenak gezurra dio», ziurtatu du Victor tabernako langileak. Turisten familiaz gain, pare bat bizilagun daude goizeko kafea hartu bitartean egunkaria leitzen, jaietako zapia soinean dutela.

Aste Nagusiko aurreneko egunak igaro dira, eta «ezjakintasuna» da nagusi tabernarien artean, ez baitakite nola egingo duten aurrera festek. Rebeca Sainz Victor tabernako jabearen hitzetan, goizetan giroak bere horretan eutsi dio, baina gauetan apaldu egin da. «Espero dugu iazkoari eustea, baina argi dago salmentek behera egingo dutela; ea ez den jaitsiera handia».

«Larunbatean, Athleticen partiduak eta txupinazoaren egunak kointziditu zuten, eta espero baino egun arinagoa izan zen»

AITOR AGINAKOCasa Pedro tabernaren jabea

Jendez gainezka dago Casa Pedro taberna, bai terraza, bai barrua, eta badirudi plazaren erdigunearen itxierak ez diela horrenbeste eragin. Nolanahi ere, aldaketa nabaritu dute; batez ere, haurrak egon ohi dira erdigunean, eta gurasoak terrazetan. «Larunbatean, Athleticen partidak eta txupinazoaren egunak kointziditu zuten, eta espero baino egun arinagoa izan zen», azaldu du Aitor Aginako Casa Pedro tabernako jabeak.

Aldaketa gauetan nabari da nagusiki, baina Casa Pedrok ez du oso berandura arte irekitzen, 22:30 aldera itxi ohi baitute, baita jaietan ere: «Gune hau lasaiagoa izaten da, kontzertuak ere halakoxeak baitira». Era berean, zenbait komunikabidek zabaldutako «desinformazioa» salatu du: «Plaza Barria itxita dagoela esateak kalte egiten digu: plazaren erdigunea baino ez dago itxita».

Lasai egoteko tokia

Badaude erdigunea itxita ere haurrekin dabiltzan gurasoak eta aitona-amonak, ohitura dutelako edo lasaitasun bila, akaso. Txosnagunean egon ohi da mugimendurik handiena, eta gaur ere bazebilen jendea Arriaga inguruan eta Alde Zaharrean; txapelketaz eta ekitaldiz beteta egoten dira jaietako goiz-eguerdiak. Plaza Barria, aldiz, nabarmen hutsago dago. Ana Pereda eta Diego Gonzalez leioaztarrak (Bizkaia) Bilboko jaietan joan ohi dira plazara, Dantza Plaza egiten denean, esaterako: «Txosnetan eta tabernetan ez ezik, hemen ere giro ona egon ohi da». Udalari «aurreikuspen falta» egotzi diote: «Bazekiten aurretik zein zen egoera, eta jaietarako itxi dute».

«[Bigarren larunbatean] Txistularien alardea izan ohi dugu, eta ikusteko dago ea aldaketa nabarituko den. Normalean, hemen egiten dugu, baina aurten Euskalduna ondoko zabalgunera mugitu gaituzte»

PEIO IRIGOIENBilboko txistulari bandako danbor jotzailea

Txistuak eta danborrak entzun dira urrunean, eta jendeak Plaza Barrira jo du erraldoiak ikustera joateko. Ez dira Plaza Barrira sartu, baina, plaza inguratzen duten kaleetatik pasatu dira. Handik hogei bat minutura berriro entzun dira txistulariak eta danbor jotzaileak, harik eta plazara sartu diren arte. Bilboko txistulariak dira, eta Plaza Barrian hartu dute atseden.

Peio Irigoien danbor jotzaileak erdi txantxetan esan du astelehen goiza izanda aldaketa gutxi sumatu dutela. Lehenengo eguna dute aurtengo Bilboko Aste Nagusian; dena den, onartu du arduratuago daudela, larunbatean zer gertatuko: «Txistularien alardea izan ohi dugu, eta ikusteko dago ea aldaketa nabarituko den. Normalean, hemen egiten dugu, baina aurten Euskalduna ondoko zabalgune batera mugitu gaituzte». Evaristo Txurruka kaian izango da ekitaldia aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA