Sopuertako (Bizkaia) Cabezamonte mendiaren maldan gora doaz bisitariak, pausoz pauso, errenkada zorrotzean zenbaitetan eta ordenarik gabeko taldeetan besteetan. Patxadaz egiten diete aurre ekaineko beroari eta igoera aldapatsuari. Enkarterriko mendiaren tontorrera heltzear daudela, miliziano batek geldiarazi du taldea, eta 1937ko ekainera bidaiatzeko aukera eskaini die ibiltariei. «Patxi dut izena, eta Gazteria Sozialista Bateratuetako batailoiko kidea naiz», aurkeztu du bere burua milizianoak. Txapel beltza daraman pertsonaia horren atzean Jesus Pablo Dominguez Aranzadi elkarteko kolaboratzailea dago. Ibilbidearen gidetako bat da Dominguez, eta Cabezamonteko erresistentzia antifrankistaren nondik norakoak azaltzeaz arduratzen da.Â
Patxi milizianoak proposatutako bidaiaren helmuga, ordea, ez da orain arteko mendi buelta bezain samurra. Izan ere, 1937ko udan Bilboko Burdin Hesia erori ondoren, bonbardaketek eta etengabeko guduek astindu zuten Enkarterri (Bizkaia). Bi hilabete eta erdi eutsi zion frankisten kontrako erresistentziak, eta borroka hori gogora ekarri du Dominguezek, Enkarterriko Museoarekin elkarlanean. Ibilbide gidatuaz gain, erakusketa bat ere antolatu du museoak: 1937ko ekaina, Enkarterriko okupazioa zuri-beltzean.Â
Tropa frankistetako argazkilariek eskualdeko herrietara sartu zirenean egindako 27 irudik osatzen dute erakusketa, eta Javier Barrio museoaren zuzendariak egin ditu komisario lanak. Haren arabera, argazki bilduma proiektu zabalago baten parte da, eta eskualdearen historiaren «hutsuneak betetzea» du helburu nagusi. «Historialariek Bizkaia ikertzen dutenean, Enkarterri albo batera geratzen da beti. 36ko gerraren kasuan ere halaxe gertatzen da: Bilbo erori zenean, Euskal Herrian gerra bukatutzat jotzen da, eta Santaderrera egiten du salto begiradak».Â

2018an abiatu zuten hutsune horiek betetzeko egitasmoa, eta bi kongresu antolatu eta zenbait liburu argitaratu dituzte geroztik. Proiektu horren barnean daude azken urteotan egin dituzten ibilbide gidatuak ere.Â
Cabezamonteko erresistentzia antifrankistaren inguruko ibilbidea Enkarterriko Museoan bertan abiatu dute. Eskualdean gertatutakoa azaltzeko testuinguru historikoari erreparatu dio lehenik Janire Rojo historialari eta Enkarterriko Museoko langileak. 1937ko udako argazkiak erakusgai dituen aretoan eman ditu azalpenak: «Frankistek 1936ko uztailaren 18an eman zuten estatu kolpea, eta, gerra hasita zegoela, Espainiako Errepublikako Gobernuak Euskadiko Autonomia Estatutua onartu zuen 1936ko urriaren 1ean». EAJ alderdiko Jose Antonio Agirre izendatu zuten Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Gerra, ordea, ez zen Hego Euskal Herrira heldu 1937ra arte, Rojok argitu duenez. Hain zuzen ere, 1937ko apirilean sortu zuen euskal gobernuak lurraldea defendatzeko Euzko Gudarostea. Â
«EAJ zen Bizkaiko indar nagusia, eta ideia tradizionalak defendatzen zituen: alderdi katolikoa zen. Baina bando errepublikanoan, euskal nazionalistez gain, komunistak, anarkistak eta sozialistak ere bazeuden»
JANIRE ROJO Historialaria eta Enkarterriko Museoko langilea
Gerra, ordea, laburra izan zen lurralde gehienetan. Nafarroan eta Araban «erresistentzia handirik» ez zela izan azaldu du Rojok, eta Gipuzkoan, frankistei aurre egin zieten arren, «oso azkar» lortu zutela lurraldea menperatzea. Gainera, errepublikaren aldeko bandoa «askotariko ideologiako taldeek» osatzen dutela zehaztu du, eta horrek «zaildu» egiten zuela lankidetza. «EAJ zen Bizkaiko indar nagusia, eta ideia tradizionalak defendatzen zituen: alderdi katolikoa zen. Baina bando errepublikanoan, euskal nazionalistez gain, komunistak, anarkistak eta sozialistak ere bazeuden». Hala ere, EAJk errepublikaren alde egin zuela azpimarratu du Rojok, autonomia estatutua defendatzea alderdiaren «lehentasuna» zelako.Â
«Bizkaia defendatzeko egitura nagusia Bilboko Burdin Hesia zen». Lubakiz eta babeslekuz osatutako harresia zen, eta 100.000 boluntarioren lanaren emaitza, Rojoren arabera. Egitura txatalez sortutako harresiak 80 kilometro inguru zituen. Alejandro Goikoetxeak zuzendu zituen Burdin Hesia eraikitzeko lanak, eta bera izan zen errepublikaren kontra altxatutakoei harresiaren ahulguneen berri eman ziena ere.Â
Informazio hori esker, ekainaren 12an gainditu zuten Bilboko Burdin Hesia. Larrabetzu ingurutik (Bizkaia) sartu ziren errepublikazaleek eraikitako barrutira. Zazpi egunen buruan heldu ziren Bilbora, eta hiriburua ere «errepublikaren etsaien» esku geratu zen, Rojok azaldu duenez.Â
Enkarterri inguratzea
Defentsa «errotik berrantolatu» behar izan zutela nabarmendu du Dominguezek. «Burdin Hesia Galdamestik eta Zallatik igarotzen zen [Enkarterriko herriak dira], baina kanpotik zetorren eraso bati aurre egiteko prestatuta zegoen: konkistak barnetik jo zituen, eta aurretik eraikitako egitura guztiak ezin ziren erabili». Egoera horretan, «defentsa aktiboa» martxan jarri zutela azaldu du Aranzadiko kolaboratzaileak. Argitu duenez, «ahal zen lekuetan» Burdin Hesiko lubakiak eta babeslekuak erabiltzen zituzten, eta gainerako lekuetan babesleku berriak eraikitzen zituzten, betiere, «azkar-azkar». Besteak beste, estrategia hori baliatu zuten Cabezamonte mendiaren defentsarako.Â
Tropa frankisten «azken helburua» Alen mendira heltzea zen, Dominguezen arabera; mendi horrek markatzen baitu Kantabriaren eta Euskal Herriaren arteko muga. Azaldu duenez, Bilbotik abiatuta, Enkarterri inguratzen saiatu ziren, batailoi bakoitza bide batetik bidalita: «Batzuk Ezkerraldetik zetozen, Muskiztik Sopuertara doan errepidetik, beste batzuk Zallatik eta Gueñesetik Galdamesera doan errepidetik, eta Nafarroako karlistak, berriz, Larrea eta Zipa mendietatik. Sopuertako ingurunea inguratu nahi zuten, batzuk haranetatik eta besteak mendietatik etorrita».Â
Frankistek lurraldea konkistatu ahala, miliziano errepublikanoek atzera egiten eta defentsa lerro berriak sortzen zituztela azaldu du Dominguezek. Gerrako frontea Cabezamonte mendiaren magalera heldu zen azkenean, Avellaneda auzora hain zuzen ere. Frankistek mendiaren gailurra okupatu nahi zuten, Sopuertako harana kontrolatu ahal izateko «leku estrategikoa» zelako, Aranzadiko kolaboratzailearen hitzetan. Tropa frankistek «erresistentzia gogorrarekin» topo egin zuten arren, Euzko Gudarostearen gudariek eta Asturiasko eta Kantabriako brigadetako soldaduek ez zuten lortu erasoaldia gelditzea. Cabezamonte eskuratu bezain laster, mendiko kanoiak jarri zituzten gailurrean Sopuerta bonbardatzeko.Â

Laster heldu ziren Alen mendira. Bi hilabete eta erdian bukatu zen Hego Euskal Herrian 36ko gerra. Herritarrentzat, ordea, «oinazea ez zen amaitu», Dominguezen aburuz. «Dena kontrolatua zutenean ekin zioten errepresioari. Biztanle zibilal eta milizianoak zigortu zituzten, asko atxilotu eta fusilatu edo kartzelatu egin zituzten. Beste asko kontzentrazio esparruetara eraman zituzten, lan behartuak egitera».Â
Errepresio horren adibide dira borrokan hildako errepublikazaleen gorpuak hilobiratzeko jarri zituzten oztopoak. Dominguezek azaldu duenez, eskualdea frankisten eskuetan erori ondoren, «hiru hilabete luzez» ez zieten herritarrei mendira joaten uzten, «gerra materialez betea» zegoelako. Hildako milizianoen gorpuak ere bertan geratzen ziren. Hiru hilabeteak igarota herritarrek gorpuak bildu eta «era klandestinoan» lurperatzen zituztela argitu du Aranzadiko kolaboratzaileak.
«Dena kontrolatua zutenean ekin zioten errepresioari. Biztanle zibilak eta milizianoak zigortu zituzten, asko atxilotu eta fusilatu edo kartzelatu egin zituzten. Beste asko kontzentrazio esparruetara eraman zituzten»
JESUSÂ PABLO DOMINGUEZÂ Aranzadi elkarteko kolaboratzailea
Sekretuan hilobiratutako errepublikazale horietako asko ez dituzte oraindik aurkitu. Enkarterriren defentsan bizia galdutakoen bila urteak daramatza Dominguezek, Cronicas a Pie de Fosa elkartearekin batera. Metal detektagailuak dira lan horretarako baliatzen dituzten tresnak. «Lehendabizi, gerra materiala ateratzen dugu, bereziki fusilen kartutxerak, jaurtigaiak, gerriko eta uhalen belarriak, txanponak eta jateko koilarak edo platerak». Baina, batzuetan, soldadu errepublikazaleak ere topatzen dituzte objektu horiekin batera.Â
Â